Musika, dena astintzeko

Musika, dena astintzeko

Edurne Elizondo

“Erresistentzia ekinaldi bat”. Horixe da Iruñean hasi berri den NAK Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdia, egungo koronabirusaren pandemiaren jokalekuan. Halaxe nabarmendu du Garaikideak proiektuko kide eta jaialdiko zuzendari Yolanda Campos konpositoreak: “Kultura aldarrikatzeko garaia dugu oraingoa”.

Eta kultura aldarrikatzeko, duen balioa emateko, eta, kulturaren bidez “gizartea astindu eta pentsamendu kritikoa bultzatzeko”, atzo hasi eta hilaren 20ra bitarteko programa prestatu dute Garaikideak kolektiboko kideek: eboluzioaren eta iraultzaren ideiak uztartuz, musika klasikoaren eta abangoardiaren arteko loturak jorratuko dituzte, erakusteko deus ez dela hutsetik sortzen. “Klasikoa beti dugu erreferente; jaialdiaren bidez, omenaldi bat egin bainoago, argi utzi nahi dugu badakigula gure musika sorkuntza nondik datorren”, erran du Camposek.

Musika “pasio” du konpositoreak, eta, horregatik, martxoan ezarritako itxialdiak eragin zizkion kezkak erabat uxatzea lortu ez badu ere, “esperantzaz” egin dio aurre azken hilabeteotako lanari. “Argi genuen egun batetik bertzera dena aldatu eta jaialdia bertan behera gelditzen ahal zela; baina parte hartzaile guztien babesa sumatu dugu, denen aurrera egiteko gogoa, eta indar horrek bultzatu gaitu gure bidean segitzera”.

2010. urtetik

Garaikideak proiektua 2010ean jarri zen martxan, egileen eta jotzaileen arteko topaketa batean. Hego Euskal Herriko eta Errioxako eta Aragoiko (Espainia) zenbait musikarik egin dute bat taldean, geroztik. 2015. urtea “giltzarri” izan zen Garaikideak-eko konpositoreentzat eta interpretatzaileentzat, urte horretan erabaki baitzuten NAK jaialdia antolatzen hastea. Ordura arte, urtean obra bat sortzea eta aurkeztea zen kideen zeregin nagusia. 2015etik, eta jaialdiaren bidez, entzuleak musika garaikidera hurbiltzeko asmoz ari dira lanean. Martxoan, Garaikideak proiektuaren hamargarren urteurrena ospatzeko, Valentziako Mostra Sonora jaialdian egotekoak ziren taldeko musikariak, baina osasun krisiak zapuztu egin zuen aurrenekoz herrialdetik eta Euskal Herritik at aritzeko aukera hori.

Atzo hasi zen aurtengo programari ere eragin dio pandemiak ekarri duen egungo egoerak. Urrian, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko 35 ikaslerekin hasi ziren lanean jaialdiko arduradunak, baina, krisiarengatik, ikasleek etxera joan behar izan zuten martxoan, eta haiekin egin behar zuten proiektua hurrengo urtera arte atzeratu behar izan dute. “Asmoa dugu, halere, kontserbatorioko musikariekin lanean segitzeko”, azaldu du Yolanda Campos zuzendariak.

Jaialdia prestatzeko aurrez aurreko bilera eta saio anitz Interneten bidez egin behar izan dituzte Camposek eta gainerako konpositoreek eta interpretatzaileek, itxialdia arintzeko neurriak martxan jarri arte. “Aukera eduki bezain pronto hasi ginen elkartzen”. Izan ere, kideen arteko komunikazioa eta elkarlana dira Garaikideak proiektuaren oinarri, eta lan egiteko modu hori ederki islatzen dute urtero prestatu eta estreinatzen duten obran.

Aurtengoa hilaren 19an aurkeztuko dute, Baluarte auditoriumean, 20:00etan. Ars Nova musika korrontea hartu du (R)Evolución II izenburuko lanak abiapuntu. “Italian eta Frantzian garatu zen mugimendu hori, XIV. mende hasieratik XV. mende bukaerara arte. Erdi Aroko musikaren arau zurrunak hautsi egin zituen Ars Novak, eta Errenazimentuko musikarako zubi bilakatu zen”, azaldu du Camposek.

Lau konpositorek egindako lau piezak osatzen dute obra: Yolanda Camposen Ars, David Cantalejoren Color, Ignacio Fernandez Galindoren De Subtilitate, eta Sonia Megiasen KR2: Kriam Nama. Garaikideak proiektuko konpositore dira Campos, Cantalejo eta Fernandez Galindo. Megias, berriz, propio gonbidatu dute jaialdiko antolatzaileek. Berak konposatutako pieza Garaikideak-eko interpretatzaileek joko dute: Ainara Martinez, Aitor Urkiza eta Xabier Olazabal (txistuak) eta David Johnstone (biolontxeloa); ahotsa, berriz, Megiasek eta Eva Guillamonek osatutako Dua de Pel taldeak jarriko du.

2018. urtean aritu zen Megias aurrenekoz NAK jaialdian. Itzultzeko aukera “biziki eskertu” du, eta txalotu du, batez ere, antolatzaileen ahalegina. “Ikaragarria da; kulturaren arloan gertatu dena benetako hondamendia da. Kontzertu eta proiektu anitz gelditu dira bertan behera. Hori ikusirik, zoragarria da NAK jaialdiaren gisako ekinaldi batek aurrera egitea”, erran du konpositoreak. Bere piezari buruz, “zaharra eta berria” lotzen dituela nabarmendu du. “Gaztela-Mantxako folklorea eta Euskal Herrikoa ere nahastuko ditugu, gure ahotsen eta txistuaren bidez”.

Txistuaren garapena

Aitor Urkiza Garaikideak-eko interpretatzaileak argi du txistuak ederki egin duela bat proiektu horretako asmoekin eta aritzeko moduekin. Txistuak berak izan duen garapena nabarmendu, eta tresna “bizia” dela erran du. “Urtzi Iraizozen eskutik sartu zen txistua Garaikideak-en; ia urtero aurkeztu ditugu txistuarentzat osatutako pieza berriak. Aurten, 19ko Garaikideak-en kontzertuko lau piezetatik hiruretan agertzen da txistua”, erran du.

Aurtengo NAK jaialdiko ildo nagusiari egin dio so Urkizak, eta nabarmendu du txistua musikaren garapenaz eta aldaketez hitz egiteko “tresna egokia” dela. Camposek mahai gainean jarri duen ideiarekin ere bat egin du: “Deus ez da hutsetik sortzen; aurretik ezarritako arauak hausteko ere, ederki ezagutu behar dituzu arau horiek. Sortzaileek, finean, oinarri klasikoa hor dute nahi bezala erabiltzeko, edo garatzeko”.

Ars Novak musikaren arloan eragindako iraultza hartu dute (R)Evolución II obrako konpositoreek beren piezak osatzeko abiapuntu. Gaiaz harago, musikarekin batera Martin Etxauri Txo!? bideo sortzaileak oholtza gainean eginen duen lanak emanen dio batasuna obrari. Iaz ere NAK jaialdiko hainbat saiotan aritu zen Etxauri, eta, Yolanda Camposen eskutik, “gogoz” hartu du aurtengo aldian parte hartzeko aukera. Bideo sortzailea da Etxauri; hau da, irudia du lan tresna nagusi. Baina musikaren arloan ere badu formakuntza, eta horrek anitz laguntzen duela nabarmendu du. “Finean, ni ere interpretatzaile bat naiz”.

Etxauri ohituta dago bertze norbaitek sortutakoarekin lan egitera, baina prozesuan piezak bere egiten ditu; are gehiago, bere parte hartzeak ere eragiten dio azken emaitzari. Izan ere, bat-batekotasuna da sortzaileak erabiltzen dituen tresnetako bat, eta, ondorioz, “obra ezberdina” da jotzen den bakoitzean. Are gehiago erran du: “Pieza, berez, estreinatu arte ezin izanen dugu bukatutzat jo”. Yolanda Campos konpositoreak bat egin du Etxaurirekin. Bien arteko lanak erakusten du beren hartu-emanek elikatzen dutela obra. “Interpretatzaileek ere badute zer erran, noski; haiek dakite inork baino hobeki jotzen duten tresnak zer eman dezakeen”, erantsi du Etxaurik.

Sortzaileak maite du interpretatzaileak zuzenean entzutea, entseguetan. “Grabazioak ere erabiltzen ditut; entzungailuak jarri eta paseo luzeak ematen ditut obrak barneratzeko; baina zuzenean baino ezin dugu une horretako sentimendua jaso, eta hori funtsezkoa da niretzat”.

Entseguen garaia amaitu da. Martxan da jaialdia. Gaur, Klexos Ensemble izanen da Baluarte auditoriumean, 20:00etan, Electric Motions obra aurkezten. Bost piezak osatutako ikuskizuna da. Bihar, berriz, 20:00etan karmeldarren komentuan, Requiem for my friend aurkeztuko dute: Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin ariko dira Jose Luis Etxetxipia organo jotzailea eta Dorota Grzeskowiak sopranoa.

Hilaren 17an, FeedBack hirukotea ariko da Iruñeko Kondestablearen jauregian, 20:00etan: Feedback Evolution izenburuko lana aurkeztuko dute. Biharamunean, hilaren 18an, gazteenentzat propio prestatutako saioa eginen dute NAK jaialdian, Enigma hirukotearen eskutik. Civicanen eginen dute, 18:00etan.

Hilaren 19an, Garaikideak-ekoen kontzertua ez da izanen eguneko saio bakarra: Hardware Musical izenburuko tailerra hasiko dute —19an eta 20an eginen dute—, batetik, eta, bertzetik, haur eta gazteentzat prestatutako ekinaldien osagarri, “kontzertu sinestesikoa” eginen dute, 18:00etan, Civicanen. Atena Fundazioko kideak eta Iruñeko Planetarioko Miren Karmele Gomez ariko dira. Gomezek sinestesia du: bi zentzumen edo gehiago loturik agertzen direneko fenomeno neurologikoa da.

Pandemia dela-eta saio guztietan mugatua izanen da ikusle kopurua. Sarrerak eskuratu ahal izateko informazio osoa jaialdiaren webgunean dago: Nakfestival.com.

Argazkiak: Garaikideak.