“Krisiak agerian utzi du erizainek eskolan egon behar dutela”

“Krisiak agerian utzi du erizainek eskolan egon behar dutela”

Edurne Elizondo

Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietan aritzen da Oihane Vieira erizaina (Abadiño, Bizkaia, 1985). Martxoan egoerak gainezka egin ziela gogoratu du, eta ordukoak berriz ez gertatzeko lan egin behar dela.

Zertarako sortu duzue Patrullacovid.com web orria?

Eskolara itzultzeko garaia hurbildu ahala, ohartu ginen haurrek behar zutela trebatzeko tresnaren bat. Informazio anitz ematen diegu, baina ez dute erraza dena barneratzen. Gure asmoa da gaitzari aurrea hartzeko jakin behar duten hori guztia jolasaren bidez ikas dezaten.

Kontua izan da mezua haurrentzat egokitzea?

Bai. Gainera, kontuan izan behar dugu orain arteko mezua hagitz bertzelakoa izan dela: hezi ditugu elkar besarka dezaten, gauzak parteka ditzaten, eta, orain, kontrako ideia barnera dezatela nahi dugu: ikaskideekin ez egoteko, ez partekatzeko, ez besarkatzeko… Aldaketa handia da haientzat. Erraz egokitzen dira haurrak, baina gauzak anitz aldatu dira epe laburrean.

Hezkuntza komunitate osoak parte hartu behar du haurrak oraingo egoerara egokitzeko lan horretan?

Bai, zalantzarik gabe. Gurasoek etxean egin behar dute lan, eta irakasleek gelan. Baina osasun komunitateak ere zuzenean parte hartu beharko luke prozesu horretan: familia erizainak, medikuak, pediatrak… Denon ardura da haurrek barneratzea ez gaixotzeko egin behar dituztenak.

Zer-nolako baliabideak ematen dizkie zuen webguneak?

Lau zati ditu denera, eta lehenengo biak dira haurrentzat prestatutakoak. Atal horietan jolasen bidez badute informazioa jaso eta ikasteko aukera. Bertze bi ataletako bat irakasleentzat da: haien esku jartzen ditugu ipuinen, infografien eta jolasen gisako baliabideak, gelan izateko aukera gaia jorratzeko. Laugarren atala blog baten modukoa da, eta horren bidez helburua da gurasoei lehen eskuko eta kalitatezko informazioa ematea.

Egungo egoerak agerian utzi du erizainak behar direla ikastetxeetan?

Aspaldiko aldarrikapena da Nafarroako Erizainen Elkargoarentzat, ez da oraingo kontua. Duela bi urte hasi genuen bi ikastetxetan erizainaren figura sustatzeko programa pilotu bat, baina Nafarroako Gobernuak ez du horren aldeko apustu garbia egin izan nahi. Oraingo osasun krisiak agerian utzi du, baina, prebentzioa lantzeko ardura erizainei dagokiela, eta eskolan egon behar dutela. Zoritxarrez, pandemia etorri arte ez gara horretaz jabetu.

Pandemiarik ez dagoenean ere behar dira erizainak ikastetxeetan?

Bai, zalantzarik gabe. Pandemiarik ez bada ere haurrek ikasi behar dute garrantzitsua dela eskuak ongi garbitzea, edo elikadurari buruzko oinarrizko informazioa jasotzea. Haurrak ere izan daitezke gaixo kronikoak, eta hori gertatzen denean hagitz garrantzitsua da eskolan osasunaren arloko profesional bat egotea.

Eskolek zer diote?

Nafarroako ikastetxe batzuetan badute erizaina, baina, tamalez, itunpeko ikastetxeak dira guztiak. Guk argi dugu sare publikoan egon behar dugula, ikastetxe guztietan.

Zein da sare publikoan ez egoteko arrazoia? Dirua?

Guk uste dugu arrazoi nagusia dela erizainen beharraz ez direla jabetu. Finean, sinetsi nahi dugu haurrak ez direla gaixotzen, osasuntsu daudela, eta, ondorioz, erizainaren beharrik ez dugula. Baina sendatzea ez da gure zeregin bakarra. Gure ardura da ere prebentzioaren arloa. Jarrera osasuntsuak irakatsi behar dizkiegu haurrei. Oraingo egoerak argi utzi digu prebentziorako lan hori funtsezkoa dela.

Gizartea ari da horretaz jabetzen?

Bai. Pandemiaren ondorioz, hori gertatu da. Gurasoak ari dira erizainak eskatzen eskoletan. Osasun krisia hasi zenean horri buruz aritu ginen, berriz ere, Nafarroako Gobernuarekin, eta Osasun Departamentuko arduradunekin bat egiten dugunean mahai gainean jarriko dugu auzia. Badakigu, halere, zaila izanen dela gure eskaera betetzea.

Zergatik?

Nafarroako Gobernuak behin eta berriz nabarmendu duelako erizain nahikorik ez dela. Ondorioz, uste dugu nekez eramanen dituztela profesionalak osasunaren arlotik hezkuntzakora. Gure ustez, baina, inportantea da. Gutxienez, gaia jorratu beharko lukete, zehaztu zer baliabide behar diren. Argi dago oraingo egoerak luze joko duela.

Egia da erizain nahikorik ez dagoela?

Osasun krisia hasi baino lehen, urteko garai zehatz batzuetan izan dira ordezko erizainak aurkitzeko arazoak: udako oporraldian, edo Eguberrietan, adibidez. Osasun krisiarekin, noski, egoerak okerrera egin du, eta erizain gehiago behar dira: erizain aztarnariak, PCR probak egiteko erizainak… Aspalditik ari gara eskatzen postu gehiago sor ditzatela, eta orain are beharrezkoagoa da.

Kalkulatu duzue zenbat erizain gehiago behar diren?

Egia erran, ez; halere, pandemiak dena hankaz gora jarri du, eta iraileko datuek, errate baterako, jada ez dute balio. Beharrak gora egin duela argi dugu; ez dakigu noiz arte iraunen duen oraingo egoerak, baina, akaso, hainbat esparrutan, beharrak ez du behera eginen.

Zer esparrutan, adibidez?

Zaharrentzako egoitzetan, adibidez. Koronabirusak gogor jo ditu egoitza horiek, eta agerian gelditu da hor egon behar dutela erizainek.

Nafarroako Ospitale Guneko larrialdietan ari zara zu lanean. Nolakoak izan dira hilabeteok han?

Lehengoan, lankide batekin gogoratu nituen otsaileko gure arteko elkarrizketak: harriduraz egiten genion so Txinatik heldu zitzaigun informazioari. Orduan nekez imajinatu ahal genuen egoerak gainezka eginen zigula.

Baina egin dizue?

Bai. Hasieran agintariek erraten zuten birusa kontrolpean zela, baina martxo hasieran jada ohartu ginen egunetik egunera okerrera egiten zuela egoerak; egunetik egunera biderkatu egiten zen gaixo kopurua, eta ez genuen ikusten hobera egiteko aukerarik. Egoerak gainezka egin zigun.

Zer izan da okerrena?

Lan karga baino, izan dugun ziurgabetasuna. Egunetik egunera dena aldatzen zen, eta egunetik egunera protokoloak egokitzen aritu behar genuen. Orain ere, ziurgabetasunak hartzen gaituela sentitzen dugu.

Kezkatuta zaudete etor daitekeenaz?

Kezkatuta gaude, azken asteotako egoerak bere horretan segitzen badu ez dakigulako zer gerta daitekeen: martxoan bezala egonen gara, edo ezberdina izanen da dena? Ziurgabetasun puntu bat badugu, eta horrek antsietatea eragiten digu.

Orain artekoak zer irakatsi dizue?

Denon ardura dela gure burua zaintzea. Martxoan baino prestatuago gaude orain, baina ezinbertzekoa da prebentzioa jorratzea. Funtsezkoa da sistemak gainezka ez egitea.