Edurne Elizondo
Memoria historikoak Josefina Lambertoren aurpegia du Nafarroan: moztuta ere hiltzen ez den mendiko lilia. Hezur-haragizko memoria da harena: memoria bizia; oroitu, egin eta eragin nahi duen memoria; oroitu eta justizia eskatzen duena. Josefinak Vicente Lamberto zuen aita; Maravillas, berriz, ahizpa. Biak eraman eta hil egin zituzten falangistek, 1936ko abuztuan. Familiaren historia bere egin du Lambertok, eta Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal zinemagileek Florecica (Loretxo) dokumentalean jaso dute orain. Atzo aurkeztu zuten, Iruñean.
“Kontatu, zabaldu, ez ahaztu”. Bertzerik ez die eskatu Josefina Lambertok bere bizitzari buruzko laneko egileei. Bertzerik ez du egin hark, 1936ko abuztuaren 15ean senideak ondotik indarrez eraman zizkiotenetik. 1929. urtean sortu zen Josefina Lamberto, Larragan; zazpi urte bertzerik ez zituen 1936ko abuztu hartan, baina, hala eta guztiz ere, inoiz ez du ahaztu: “Etxeko atea jo zuten goizeko ordu bietan. Ama koitaduak ez zuen atea ireki beste erremediorik izan. Hala, gizon horiek metrailetak eskuetan zituztela sartu ziren etxean, eta zuzenean aitaren bila joan ziren”.
2014. urteko uztailean, Josefina Lambertok Berria egunkariko orrietan kontatu zuen falangistek aitari eta ahizpari zer egin zieten: “Maravillasek 14 urte zituen, eta bazekien herrian ordurako pertsona asko desagertuak zirela. Hori zela eta, falangistei eskatu zien haiekin eramateko, gure aitari zer egiten zioten jakiteko, eta haren arrastoa ez galtzeko. Eraman bai, baina bueltan ekarri ez. Ez genuen ezer gehiago jakin haietaz”.
Bilatu eta bilatu, baina Josefinak ezin izan ditu aurkitu Vicente eta Maravillas Lambertoren gorpuzkiak. “Antza denez, aita Ibirikura eraman zuten. Ingurune guztia induskatu zuten, baina ezer ere ez. Ahizpari dagokionez, herritar batek esan zigun behin animaliak bazkatzera eraman zituela eta, gauean haien bila joan zenean, hilotz usaina sumatu zuela. Hara hurbildu, eta gorpu bat ikusi omen zuen, guztiz desitxuratua; txakurrek janda. Gainera, ordurako erabat usteldua zegoen, eta erre egin ei zuten”.
Latza eta gordina da Lambertoren kontakizuna. Eta latzak eta ezin adierazgarriagoak dira Florecica lanean jaso dituzten haren isiluneak ere. “Izugarri ukitu naute Josefinaren isilune horiek; hainbat segundoz gelditzen zen begirada galduta, auskalo zein oroitzapenera iltzatuta”, nabarmendu du Virginia Senosiain egileak.
“Oparitzat” jo du Lambertoren testigantza jasotzeko aukera eduki izana, eta zehaztu du errepresioaren inguruko Insurgencia (Insurgentzia) dokumentalerako egindako elkarrizketa izan dela Lambertori buruzko lanaren abiapuntua: “Sei-zazpi minutuko elkarrizketa egitera joan, eta ordu eta erdiko solasaldia oparitu zigun Josefinak”.
Solasaldi horretan, Josefina Lambertok aitaren eta ahizparen bozgorailu izan nahi zuen: egin zietena kontatu, denek jakin eta eta inork ez dezan ahaztu. Senosiainek eta Napalek, baina, Josefina Lamberto ere jarri nahi izan dute erdigunean: errepresiorik gordinena sufritu zuelako, baina, samin eta arantza guztien gainetik, “memoria bizi” eta “benetako ekintzaile” bilakatu delako. “Merezi du aitortza”, erran du Napalek.
Senosiainek nabarmendu nahi izan du Lambertok elkartasunerako izan duen gaitasuna. “Bide ezin gogorragoa egin du haur bat zenetik, baina, hala eta guztiz ere, elkartasunez jokatu du beti; maitasuna dario. Horrek hunkitu nau”. Paris 365 proiektuko boluntario gisa urte luzez egindako lana aipatu du zinemagileak, bertzeak bertze. “Orain, bisitan baino ez da joaten, baina inoiz ez esku hutsik”. Napalek azaldu du “gerra ondoko jarrerak” badituela Lambertok: “Dena gordetzen du, bertzeei emateko”.
Kalean eskean
Esku hutsik egotea zer den ederki daki Lambertok. Falangistek aita eta ahizpa hil eta gero, ama kartzelara eraman zuten. “Bizpahiru egunez egon zen espetxean, eta ahizpa eta biok bakar-bakarrik geratu ginen etxean. Ama espetxetik aterata, militar baten etxera joan zen lanera, eta gu beste familia batekin utzi gintuen urtebetez. Oso egoera txarrean bizi ginen, behin eta berriz mespretxatzen gintuzten. Ez hori bakarrik: etxe hartatik atera ondoren jakin genuen etxe hartako semeak bortxatu eta hil zuela gure ahizpa”.
Larragatik Iruñera mugitu zen familia. “Gure ama eskean ibili zen hasieran. Oso haurtzaro tristea izan genuen”. Gero, moja sartu zen: “Asko damutu naiz nire bizitzako 46 urte eta nire osasuna bizimodu hari eskaini izanaz. Kriminal hutsak dira: ez dute beste izenik. Segituan erakutsi zidaten esklaboak behar zituztela, eta ez mojak”. Pakistanen eta Madrilen egon zen Lamberto, Iruñera itzuli baino lehen.
“Elizaren ardura erdigunean jarri nahi izan du Josefinak”, erran dute Napalek eta Senosiainek. “Behin eta berriz erran digu kriminalak direla; sekulako irmotasunez errepikatu du mezu hori”. Pakistanen malariak jo zuen, behin baino gehiagotan. Osasun txarrak eraman zuen Madrilera, eta, hango komentuan aitaren eta ahizparen berri galdetu zuen, Francisco Franco diktadorea hil eta gero: “Zerbait eginen zuten”. Hori erantzun zion komentuko arduradunak, Iñaki Egaña historialariak 2009ko artikulu batean jaso zuenez.
Napalek eta Senosianek sumatu dute errepresioak Josefina Lambertori eragin dion minaren arrastoa haren hitzetan. Baina, horren gainetik, zapalduen alde jartzeko egin duen ahalegina nabarmendu dute, eta jarrera horrek bilakatu duela bertzeentzat erreferente. “Bai eta gazteentzat ere”.
Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideekin duen harremana aipatu dute, batez ere, dokumentalaren egileek. Eraikina 2018. urtean hustu zutenean, han egon zen Lamberto. “Iruñeko udaletxera joan zen lehendabizi; Joseba Asiron alkatearekin hitz egin nahi zuela erran zien ateko udaltzainei. Gaztetxearen aurrean, foruzainen eta polizien aurrean saiatu zen bitartekari lana egiten”, azaldu dute zinemagileek. “Bihotz hondoan gordeta du gaztetxeko kideek Maravillasi egin zioten omenaldia; ‘nire gaztetxoak’ erraten die”, kontatu du Juan Luis Napalek.
Bada Lambertok bihotz hondoan gordetako bertze oroitzapen berezi bat: Iruñeko Udalak Maravillas plaza inauguratu zuenekoa. “Asironi sekulako esker ona dio Josefinak. Ahizparen plaza opari ezin politagoa izan da harentzat”.
Omenaldia
Florecica dokumentala pasa den martxoan estreinatzekoa zen, baina osasun krisiak aurkezpena atzeratu du. Ekainean, Laudioko (Araba) Orbeko Etxean bota zuten, eta Ondarroan (Bizkaia) eta Oñatin (Gipuzkoa) ere ikusi dute. Josefina Lamberto atzo Iruñean egindako aurkezpenean egotekoa zen, baina ezin izan zuen, azkenean, hiriburuko Erruki Etxean —han bizi da— koronabirusarengatik ezarritako protokoloen ondorioz. Lambertok jaso zuen, halere, dokumentalaren egileek egin nahi zioten omenaldia, egoitzan bertan, egun bat lehenago. Atzoko aurkezpenean, gainera, Fermin Balentzia musikariak eta Leizeak taldeak gogoratu eta omendu zituzten Maravillas eta Josefina Lamberto.
Florecica dokumentalaren bidez, sorta bereko bi loretxo horien memoria zabaldu nahi dute egileek: “Hori da Josefinak eskatu diguna, eta hori egin nahi dugu. Memoria lantzeko tresna bilakatu nahi dugu dokumentala”, erran du Virginia Senosiainek.
Zenbait kultur etxetako eta memoria jorratzen duten elkartetako arduradunak harremanetan jarri dira jada zinemagileekin, Florecica erakutsi ahal izateko. Gainera, egileek asmoa dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko agintariekin hitz egiteko, dokumentala herrialdeko ikastetxe eta institutuetara eramateko.
“Balio dezala gure lanak zer gertatu zen jakiteko, eta ez errepikatzeko”, nabarmendu dute. “Faxismoaren oraingo gorakadaren aurkako borrokara batzeko” beharra ere aipatu dute, eta haiek dokumentalaren bidez egin dutela bat borroka horrekin.
Argazkiak: ‘Florecica’ dokumentala