Herriko zaharren gurpilean

Herriko zaharren gurpilean

Edurne Elizondo

Toño Peña duela 22 urte ailegatu zen Corellara, eta, lehenengo egunetik, atentzioa eman zion herriko zahar gehienak ibiltzen zirela bizikleta gainean. “Batez ere, emakumeak”, zehaztu du. Corellako Bizikletazaleak taldeko kidea da Peña. Duela hamabost urte sortu zuten, herriko zaharrek markatutako bidetik aurrera egiteko asmoz. Bizikletaren alde ari dira geroztik, karrikan dagokien espazioa eskatzeko.

Bizikleten aldeko apustuak gora egin du koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak eztanda egin zuenetik. “Alternatiba merke eta erosoa da”, erran du Peñak. Nafarroako Gobernuak ere egin ditu urrats batzuk bizikletaren erabilera sustatzeko, oraingo egoera kontuan hartuta. Itxialdia amaitu bezain pronto, hain zuzen, Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritza Nagusiko arduradunek bilera bat egin zuten Corellako Bizikletazaleak taldearekin eta Erriberako bertze hainbat kolektiborekin, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko asmoz. Lan horren ondorioz, kanpaina bat prestatu du gobernuak orain: 50 euroren laguntzak banatuko ditu, hondatuta edo aspaldi erabili gabe dauden bizikletak konpontzeko. Urriaren 6an jarriko dute martxan.

Gobernuaren asmoa da hirian eta udalerrietan bizikleten erabilera sustatzea. Gaur egun, herritarren %2k baliatzen dute, egunero. Kopuru horrek gora egitea lortu nahi du Garraio Zuzendaritza Nagusiak.

Txangoak, tailerrak, saria

Corellako Bizikletazaleak taldeko kideek helburu bera izan dute ardatz martxan jarri zirenetik, eta ez dira lan hori egiten ari diren bakarrak Erriberan: 2015etik, Recicleta kolektiboa ere ari da urratsak egiten bizikletaren erabileraren alde. “Hainbat taldek egin dugu bat kolektiboan, eskualdean mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz”, azaldu du Abel del Rey Recicletako kideak.

Helburu berarekin, baina nor bere bidetik ari da. Corellako Bizikletazaleak taldeko kideek ez dute ahaztu nahi izan herriko zaharrenen ereduari so bururatu zitzaiela taldea martxan jartzea, eta herriko zahar horiek kontuan dituzte antolatzen dituzten ekinaldi anitzetan. Bizitza oso bat bizikletan izenburuko sariarekin, adibidez, herrian alde batetik bertzera mugitzeko beti bizikleta erabili izan duten adineko pertsona horiek omentzen dituzte, urtero. Eta bizikletaz mugitzeko gai ez direnentzat, berriz, zerbitzu berezi bat dute, asteburuetan: taldeko kideek gidatutako trizikloak baliatzen dituzte herriko zaharrak goiz osoko paseo batera eramateko. Asteburuko irteerak eta egun bateko txangoak ere egiten dituzte Bizikletazaleak taldeko kideek, bai eta bizikletak konpontzen ikasteko tailerrak ere.

Bizikletak konpontzea da Recicleta taldeko kideen jardueraren oinarri, hain zuzen ere. “Hasieratik, gure asmo nagusia izan da etxean erabili gabe ditugun bizikletak martxan jartzea”, azaldu du Del Reyk. Bizikleta zaharrak jaso, eta konpondu eta gero banatu egiten dituzte.

Bizikleta horiek “segurtasunez” erabili ahal izatea ere badute helburu. Azken urteotan egindako urratsei esker, hain zuzen ere, Tuteran gora egin du hirian dituzten bidegorrien kopuruak, eta bide horien arteko loturak ere prestatu dituzte, erdigunean.

Egindako urratsak eta udalaren jarrera eskertu du Del Reyk, baina nabarmendu du lan handia dagoela egiteko, oraindik ere. Corellako Toño Peñak ere argi du administrazioak pausoak ematen jarraitu behar duela, bizikletek gero eta toki gehiago izan dezaten. “Eta horretarako, noski, autoak galdu egin beharko luke egun karrikan duen nagusitasuna”. Ez da lan erraza hori lortzea, ordea, Peñaren ustez: “Autoaren industriak pisu handia du”.

Recicleta kolektiboan diren taldeetako bat da Erriberako Ekologistak Martxan, eta talde horretako bozeramaile Eduardo Navascuesek ere salatu du Nafarroako Gobernua “behar baino urrats gutxiago” egiten ari dela. “Ongi dago bizikletak konpontzeko laguntzak ematea, baina ez da nahikoa: 50.000 euro baino ez dute gastatuko. Bitartean, Nafarroako ubidea sustatzen jarraitzen dute. Hori bai ez dela jasangarria”.

Argazkiak: Corellako Bizikletazaleak eta Recicleta.