Amets Aranguren Arrieta
Omenaldi politiko batean izan naiz berriki. Izan naiz eta parte hartu dut, nire aletxoa jarri diot omenaldiari. Nahi izan dudalako. Hitzartzeak, agurra, bideo bat, pare bat kantu eta krabelinak. Tradizio den gisan, azken hitzartzea Eusko gudariak ereserkiaren lehen hitzekin bukatu da. Publikoak heldu dio kantuari, ukabilak gora:
Eusko gudariak gara Euskadi askatzeko
gerturik daukagu odola bere aldez emateko.
Irrintzi bat entzun da mendi tontorrean,
goazen gudari danok ikurrina(re)n atzean.
Eusko gudariak gara Euskadi askatzeko? Bueno. Baina gerturik daukagu odola bere aldez emateko? Bai? Mmm… Ez dakit nik. Estrofa honek beti sentiarazi izan dizkit sentimendu kontrajarriak. Ulertzen dut adin bateko jendeak sentitzea, kantatzea eta epikotasun horrek, hein batean, belaunaldi oso bat (eta belaunaldi horretatik kanpoko beste batzuk ere) hunkitu ahal izatea. Hala ere, nostalgiatik eta malenkoniatik kantatua dela ulertzen dut, eta errespetatzen dudan arren, ez diot gaurkotasunik ikusten. Eta honekin ez diot aferari garrantzirik kendu nahi, ez dut esan nahi kantatu behar ez denik. Baina iruditzen zait ereserki honek duela urte batzuk komunitate bat trinkotu, indartu eta hunkitzeko zuen indarra ez duela gaur egungo komunitate horretan bertan (ez gehiengo handi batengan, bederen). Esaldi batean, ez dut erabat sinisten 2020an 16 urteko gazte bat hori kantatzen.
“Zalantza dut, euskal komunitateaz ari bagara, edo Euskal Herriaz proiektu politiko bezala, bakarrik ote garen ikurrin bat, lauburu bat eta aurresku bat. Edo trikiti bat edo… jarri nahi dituzun hitz guztiak. Eta hori ere bagara. Baina subjektu politiko bezala, iruditzen zait sinbologiaren eta iruditeriaren berrosatze bat beharrezkoa dela. Nik kezka hori dut, eta konpartitzen dut, baina ez diot soluziorik aurkitu. Ez dut makilatxo magikorik”. Oier Zuñiga aktore eta margolariak Argia aldizkarian aipaturiko honen ildotik ari naiz edo behintzat, horrela interpretatu nituen nik bere hitzak. Badakigu kantatzen duen herria ez dela inoiz hilko, baina herri horretako sinbologia eta iruditeriaren berrosatze horri ekiten ez badiogu eta egungo jendartearen gehiengoarekin bat egiten ez badu, bidean geratuko direla zenbait gauza, ereserki hau tarteko.
Eta bai, badakit, letrari erreparatu gabe ere kantuak berak baduela zentzu sinbolikoa, tontakeria dela agian letran zentratu eta literalki hartzea. Baina, aldi berean, ez nau eroso sentiarazten eta ez diot zentzu handirik ikusten egungo gizartean (nire ustez, betiere) zentzurik ez duen kantu bat mantentzeari. Eta nago ez naizela bakarra. Honekin ez naiz egin behar dena ala egin behar ez dena esaten ari. Labana hartu eta meloi handi honi lehen zirrikitua ireki nahi diot, besterik ez.
Oier Zuñigak bezala, nik ere ez dut makilatxo magikorik eta ez dut proposamenik (oraingoz). Eta badakit, alternatibarik ezean, dagoena kritikatzea ez dela txukunegia, egiten denak balio duela, alegia. Beraz, honaino gaurkoz.
Argazkia: Marisol Ramirez / Foku