Osasuna, erdigunera

Osasuna, erdigunera

Edurne Elizondo

Osasunak egon behar du erdigunean. Espetxeetan ere bai. Mezu hori nabarmendu eta zabaldu nahi izan dute Salhaketa erakundeko kideek. Salatu dute koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak “are latzago” bilakatu dituela kartzeletako baldintzak, eta horrek ekarri duela “berez gogorra” den presoen egoerak “okerrera” egitea.

Nafarroako Salhaketako kide Libertad Francesek garbi erran du: “Koronabirusak eragin duen egoerak lotura zuzen eta sendoa du hilabeteotan espetxeetan gertatu diren heriotzekin. Zigorrak betetzeko baldintzek presoen eskubideak urratzen dituzte; haien osasuna bermatzeko modu bakarra da espetxeak hustea”.

Zaballan gertatu da azken heriotza. Nafarroako 32 urteko gazte bat zendu da Langraiz Okako (Araba) kartzelan, irailaren 12an. Iruñeko espetxean hasi zen betetzen epaileek ezarritako zigorra, baina abuztuaren 4an mugitu egin zuten Zaballakora. “Dakigunez, hark eskatu zuen mugitzea. Pisikologoak ez zuen ikusi espetxean sartu zuten egunean; gerora, psikologoak arta zezala eskatu zuen presoak, baina ez zuen hartu. Kartzelako laugarren moduluan zegoen, eta hango bertze presoek aurkitu zuten ziegan hilda”, azaldu du Francesek.

Nafarroako presoen eskubideen aldeko kolektibo batzuek —Sare, Etxerat, Salhaketa eta Altsasuko Gurasoak— sarea osatu zuten osasun krisiak eztanda egin eta gero, espetxeetan gertatzen ari zena ikusgarri bilakatzeko: alarma egoerak ekarri zuela kartzeletan itxita zirenak are gehiago bakartzea.

Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak bertan behera utzi zituen bisitak, bertzeak bertze, eta udaberrian kartzelatik at konfinamendua arintzeko neurriak ezartzen hasi ziren arren, “barruan” oraindik ez dira itzuli pandemiaren aurreko egoerara. Are gehiago: itxialdian herritarren eta gobernuz kanpoko erakundeen presioz hartutako zenbait neurri —bideo deiak jasotzeko aukera bazter utzi zituzten alarma egoera amaitu zenean, eta, pandemiak okerrera egin arren, “ez dituzte berriz ere indarrean jarri”, Libertad Francesek salatu duenez.

Eskumenen auzia

Egungo osasun krisiak “gaizki” zegoena “are okerrago” bilakatu duela bazter utzi gabe, Salhaketako arduradunek funtsezkotzat jo dute eustea, “behingoz”, kartzeletan preso diren pertsonen osasunaren auziari. Izan ere, egiturazko arazoak badaudela salatu dute, eta horiek zailtzen dutela urratsak egiteko aukera.

Francesek nabarmendu du Nafarroak ez dituela bere esku espetxeko osasun eskumenak; legez, bertzelakoa behar zuen egoerak aspalditik, 2003koa baita espetxeko osasun eskumenak erkidegoen esku utzi nahi zituen Espainiako Kongresuko legea. Egun, Kataluniak kartzelen gaineko eskumen osoa du, eta Euskal Autonomia Erkidegoa da osasun eskumenak dituen bakarra.

Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak horixe nabarmendu du, Zaballako azken heriotzaren berri jakin eta gero: “Osasun eskumena Osakidetzarena da”, azaldu diote erakunde horretako komunikazio arloko kideek NAFARROAKO HITZAri. Erantsi dute preso nafarrak “denbora gutxi” zeramala Zaballako kartzelan, eta psikologoak artatu zuela: “Behin edo gehiagotan izan zen ez dakigu, baina artatu zuen”. Psikologoak arriskua sumatzen badu, suizidioari aurrea hartzeko protokoloa ezartzen dutela erantsi dute. “Kasu honetan, ez zen hori gertatu”.

“Guk dakigunez, psikologoak ez zuen presoa artatu”, berretsi du Salhaketako Libertad Francesek. “Eta artatu bazuen, emaitzak erakusten du jasotako arreta ez zela izan behar zena”. Argi du Osakidetzak eta Espainiako Gobernuak dutela Zaballako espetxean gertatutako heriotzaren ardura. Irailekoa izan da azkena, baina urtea hasi zenetik hiru dira, denera, Arabako espetxe horretan hildakoak. 2019an, berriz, bost izan ziren. “Ditugun datuak ditugu, baina ez dugu jasotzen espetxe barruan gertatzen diren heriotza guztien berri”, nabarmendu du Arabako Salhaketako abokatu Marta Aldanondok.

Suizidioen prebentziorako protokoloari buruz, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiko arduradunek azaldu dituzte zer urrats egiten duten: “Presoa erizaintzara eramaten ohi da, eta bertze preso batekin egoten da, une oro”. Hau da, presoa zaintzeko ardura bertze preso baten esku uzten dute. “Ikaragarria da”, erran dute Salhaketako kideek.

Hutsak eta gabeziak

Nafarroan Espainiako Gobernuaren esku dago espetxean preso direnen osasunaren ardura. Ez, ordea, Osasun Ministerioaren esku, baizik eta Barne Ministerioarenean. “Espetxe Erakundeek dituzte osasunaren inguruko eskumenak, eta horrek erran nahi du presoen osasuna kartzelako bertzelako interesen azpitik dagoela”, erran du Libertad Francesek. Adibide baten bidez azaldu du egoera horrek zer-nolako ondorioak dituen: “Presoek espezialistekin dituzten hitzorduak galtzen dituzte, anitzetan, koordinaziorik ezaren ondorioz poliziarik ez dagoelako presoak osasun zentroetara eramateko”.

Horrelakoek erakusten dute sistemak “huts” egiten duela, Salhaketako kidearen hitzetan, eta huts horiek ondorio latz eta larriak izan ditzakete. Preso bat hiltzen denean egiten du sistemak hutsik gordinena, hain zuzen ere. Hori gertatzen denean, gainera, dauden gabeziak gelditzen dira agerian: “Pertsona batek ez luke espetxean egon behar epe labur batean heriotza eragin diezaiokeen gaitz bat baldin badu; preso bat gaindosi baten ondorioz hiltzen denean agerian gelditzen da, batetik, droga kontsumoari aurre egiteko tratamendurik ez dagoela espetxe barruan, eta, batez ere, kartzelan drogak badirela; preso batek bere buruaz bertze egiten duenean, berriz, argi gelditzen da espetxeetan osasun mentala ez dela behar bezala artatzen”.

“Kartzelak ez dio lehentasuna ematen presoaren osasunari”. Esaldi horren bidez laburbildu du Francesek espetxeetan gertatzen ari dena. “Inork ez du presoen osasunaren ardura bere egin nahi”, erantsi du Aldanondok. Nafarroan, Espainiako Gobernuarena da eskumena, baina Francesek argi eta garbi erran du Nafarroako Gobernuak ere baduela erantzukizuna. “Osasun eskumenak bere esku izan gabe ere, anitzez ere gehiago egin dezake Osasunbideak, Nafarroako osasun legeen arabera berea baita herrialdean bizi diren pertsona guztien osasunaren ardura”.

Negoziazioak Madrilen

Nafarroako Gobernuak martxan du espetxeko osasun eskumenak bere esku hartzeko negoziazio prozesua Espainiako Gobernuarekin. Salhaketa erakundeko kideek lan handia egin dute bide horretan, hain zuzen ere: 2017an, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu zuten Nafarroako Foru Erkidegoak bere gain hartzea espetxe eskumenak, bultzada baten beharra izenburuko txostena.

Iruñeko espetxeari hiru mediku dagozkio, baina bakar bat ere ez zen lanean urte hasieran: batek erretiroa hartu eta haren tokia ez zelako berehala bete, eta bertze biek gaixo-agiria hartu eta ordezkorik ez zietelako jarri. Egoera horren aurrean, Nafarroako Gobernuak mediku bat bidali zuen kartzelara, astean hainbat egun eta zenbait orduz. Egoerak hobera egin du, eta, orain, hiru mediku daude Iruñeko espetxean. “Bi lanaldi osoa betetzen ari dira, baina hirugarrena ez”, zehaztu du Francesek. “Bada zer hobetu”.

Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiko arduradunek ere onartu dute presoen osasunaren arloan arazo bat badutela; medikuak falta direla onartu dute, eta horregatik, erkidegoak premiatu dituzte osasun eskumenen ardura hartzera.

Salhaketak interes horren inguruko hainbat datu jarri ditu mahai gainean: “Eskumenak erkidegoei emateko legea 2003koa da, baina Espainiako Gobernua azken urteotan baino ez da hasi erkidegoak premiatzen; hepatitis C gaitza da interes horren arrazoi nagusia”, azaldu du Francesek. “Zehazki, hepatitis C gaitzari aurre egiteko tratamenduak ordaindu behar izatea”, erantsi du. “Gaitz horrek preso anitz jo ditu, eta Espainiako Gobernua ohartu da garesti ateratzen zaiola denen tratamendua ordaintzea”.

Salhaketako kideek espero dute urrian urrats bat egitea Nafarroak espetxeko osasun eskumenak bere gain hartzeko. Francesek ohartarazi du, halere: “Egin beharreko urrats bat da, baina ez ditu arazo guztiak konponduko”. Zaballan gertatu den azken heriotza gogoratu du, ildo horretan. Iruñeko espetxean bertze arazo anitz ere badela aipatu du, gainera: “Hagitz gaizki funtzionatzen du; ez dago jarduerarik, presoek ez dute zer egin; horrek mugitzeko eskatzera eramaten ditu anitzetan”. Tokiz aldatzeak ekartzen ahal du familiaren bisitei uko egin behar izatea. Zigorrak badu adar anitz, eta Salhaketak argi du presoen osasunak egon behar duela erdigunean.

Argazkiak: Iñigo Uriz / Foku