Gorrien memoria

Edurne Elizondo

Suhiltzailea da lanbidez, baina Mikel Huartek artxiboetako agirien artean sartu du burua azkeneko hilabeteotan, helburu garbi batekin: frankisten errepresioa sufritu zuten Osasuna taldeko kideen memoria jaso eta zabaltzea. Sare sozialetan hasi zuen bide hori, eta liburu batean jaso du orain, Txalaparta etxearen eskutik: Rojos. Futbol, política y represión en Osasuna (Gorriak. Futbola, politika eta errepresioa Osasunan). Gaur aurkeztuko dute, Iruñean.

Felix Monreal kazetariak emandako pistek eman zioten atentzioa Mikel Huarteri gaia lantzen hasteko. “Osasunako hainbat kidek 1936ko altxamendua gertatu eta gero errepresioa sufritu zutela aipatu zuen; izen batzuk eman zituen, eta gehiago ote ziren pentsatuz, bila hasi nintzen”, gogoratu du Huartek.

Soziologiako eta Gizarte Laneko ikasketak egin zituen Huartek, baina futbola beti izan du pasio; jardunaldiak antolatu zituen Futbola ere lapurtu ziguten izenburupean, 2015ean, bertze hainbat kiderekin batera, dirua oinarri duen oraingo futbolari buruz hausnarketa egiteko.

Jardunaldi horien bidetik sortu zen Twitterren kontu bat irekitzeko asmoa: Huartek kontu horren bidez zabaldu zuen frankisten errepresioa sufritu zuten Osasunako kideen berri, iazko uztailaren 18an.

Interneten bidez egindako lan horri esker, ezagutzen ez zituen testigantzak eta datuak jaso ditu Huartek. Eta jasotako hori guztia behar bezala gordetzeko beharrak eraman du liburua egitera. “Osasunari buruzko liburuetan jaso izan da frankisten aldean hildako kideen berri Antonio Oloriz, Jose Bezunartea, Angel Avizcuri, Otxoa de Olza eta Dueñas; ez, ordea, frankisten errepresioa sufritu zutenena. Argi nuen memoria hori jaso eta errepresioa pairatu zutenei aitortza egin behar zitzaiela; arrastoa utzi zuten hamaika arlotan”, nabarmendu du Huartek.

Bengarairen biografia

Frankistek Osasunako zuzendaritzako kide edo jokalari izandako sei fusilatu zituzten, 1936ko altxamendua gertatu eta gero: Eladio Zilbeti, Natalio Cayuela, Fortunato Agirre, Filomeno Urdiroz, Alberto Lorenzo eta Ramon Bengarai. 1920ko udazkenean sortu zen Osasuna kluba, eta Agirre eta Zilbeti izan ziren sortzaileetako bi. 1922an, Donibaneko zelaia ireki zuten, eta Espainiako Ligan 1928an egin zuen debuta taldeak. 1934-1935eko denboraldian aritu ziren gorritxoak lehen mailan aurrenekoz. 1936ko apirilean berriz jaitsi ziren. Uztailetik aurrera, halere, zelai barruko arazoak hutsean gelditu ziren, militarrak altxatu eta gero.

Frankistek hildakoen artean, nabarmentzekoa da Ramon Bengaraik egin zuen bidea. Horregatik, Huarteren eskutik sortutako proiektu beraren barruan, Osasunako zuzendaritzako kide izandakoaren biografia argitaratu du Katakrakek: Ramon Bengaray, Osasuna y república (Ramon Bengarai, Osasuna eta errepublika). Esther Aldabe historialariak sinatu du, baina argi utzita “talde lana” dagoela liburu horren atzean. Josu Chueca historialariak idatzi du hitzaurrea.

Historialaria ez ezik, “futbolzale amorratua” ere bada Aldabe: “Erraza izan zen Huarteren proposamenari baiezkoa ematea”. Artxiboko agirien artean ezagutu zuten elkar, eta proiektuaren berri jaso bezain pronto erabaki zuen Aldabek Bengarairen biografia idazteko lanean inplikatzea. Lanbidez tipografoa zen Bengarai, baina “hamaika arlotan” egin zuen bidea: “Sindikalista izan zen, Iruñeko Orfeoiko abeslari, bai eta politikari ere”, aipatu du Aldabek. Fronte Popularreko presidente izan zen Nafarroan; 1936an fusilatu zuten.

Bengarairen eta errepresioa sufritu zuten Osasunako gainerako kideen memoria “ezabatu” egin dutela nabarmendu du Aldabek. “Klubak berak ez du ahaleginik egin gertatu zena zabaltzeko. Orain plazaratu diren liburuen atzean ere herritarren ekimena dago”, erantsi du historialariak. “Gorritxoen memoria jaso beharra zegoen; futbolaren esparruan egindako lanaz gain, herrialdeko gizartearekin eta kulturarekin ere konpromisoa hartu zuten”, bukatu du Huartek.

 

Andres Jasoren gorpua bilatzeko kanpaina

Andres Jaso (Melida, 1912-1936) Osasunako jokalaria izan zen, eta 1936an bonbardaketa batean hil omen zuten, Asturiasen (Espainia). Geroztik desagertuta dago. Familiak ez du amore eman, eta, orain, Osasunari buruzko liburuen bultzada baliatuz, kanpaina bat hasi dute Twitterren (#ElFutbolistaDesaparecido traolarekin), jokalariaren gorpua bilatzeko.

Jaso 1930-1931ko denboraldian aritu zen gorritxoekin. Osasunatik Zaragozara joan zen, eta handik Valentzia eta Gijonera. Kanpainaren bidez, futbolaren mundua astindu nahi dute senideek, auzia erdigunean jartzeko. Mikel San Jose jokalariak bat egin du jada.

Argazkiak: Galle-Nafarroako Gobernua eta Zaragueta-Nafarroako Museoa.