“Kultura zabaltzeko konpromisoa dugu, eta hori eginen dugu”

“Kultura zabaltzeko konpromisoa dugu, eta hori eginen dugu”

Edurne Elizondo

Javier Torrens (Iruñea, 1951) 2015. urtean izendatu zuten Nafar Ateneoko lehendakari. Azken hilabeteotako “ziurgabetasunak” markatu du erakunde horren jarduera, neurri handi batean, baina udazkenari indarrez egin nahi diote aurre: “Ahal dugun guztia egitea erabaki dugu”. 1932an sortutako Nafar Ateneoaren oinordeko dela ahaztu gabe, elkarteak jarraitu nahi du bere berezitasunak garatzen.

Bihar ospatuko duzue urteurrena, Barañainen, Sinfoniettaren kontzertu batekin. Alarma egoerak harrapatu zintuzten martxoan; orain ere ari da zuen jarduera baldintzatzen?

Martxoan bertan behera utzi behar izan genituen prest genituen hamaika saio. Ziurgabetasunak hartu gaitu azken hilabeteotan. Udan bulegoa itxi genuen, baina hasi ginen udazkeneko programa prestatzen, erabaki genuelako ahal genuen guztia eginen genuela. Guk kultura zabaltzeko konpromisoa dugu, eta hori eginen dugu, ahal dugun neurrian, eta segurtasuna bermatuz.

Zer da zuentzat kultura zabaltzeko konpromiso hori?

Kultura ofizialak betetzen ez duen esparru horren berri ematea. Hamaika adar jorratzen ditugu ateneoan: musika, literatura, zientzia dibulgazioa, euskara, filosofia, zinema… Arlo guztietan gure helburu nagusia da zerbait berezia eskaintzea, bertzelako esparrutan tokirik ez duten horiek erakustea.

Bertzelako esparru horiek aipatzen dituzunean, kulturaren zirkuitu ofizialaz ari zara?

Bai. Finean, kultura ofizial hori da erakunde publikoek egiten dutena, neurri handi batean; gobernuak edo udalek egiten dutena, alegia. Programatutako kultura da hori, nolabait erranda; erakundeok herritarren gehiengoa izan behar dute buruan beren zikloak prestatzen dituztenean. Guk ez. Guk gutxiengoak ere baditugu buruan. Ez da gure lehentasuna aretoak betetzea, baina, egia erran, ez dugu kexatzeko arrazoirik.

Lortu duzue jendea zuen saioetara erakartzea?

Iaz, berrehun saio inguru antolatu genituen, eta denera, 10.000 pertsona inguruk egin zuten bat gurekin. Helburua ez da aretoak betetzea, baina kontent gaude.

Jende gaztea erakartzeko gai ere bada ateneoa?

Egia da ateneo hitzak kutsu zahar edo klasiko bat duela, eta akaso horrek urruntzen gaituela gazte anitzengandik. Kutsu elitista bat ere baduela pentsa dezakete batzuek, baina ez da hala. Alderantziz: ateneoek errepublikaren garaian izan zuten arrakasta gehien, 1930eko hamarkadan; ikuspuntu aurrerakoia zuten, eta ez ziren, inondik inora, erakunde kontserbadoreak. Nafar Ateneoa ere orduan sortu zuten, 1932. urtean, eta Gazteluko plazako 37.ean zuen egoitza.

1932ko erakunde horren oinordeko zarete zuek?

1985ean sinatutako estatutuetan halaxe dago jasota. Oraingo ateneoa sortu zuten aurrekoaren bidetik jarraitzeko asmoz; helburua zen 1936an altxamenduak moztu zuen hariari eustea, berriz ere.

Zuk noiz egin zenuen bat?

Ez nintzen egon sortzaileen taldean, baina hasieratik naiz bazkide, 1985. urtetik. Nik bezala, jende askok egin zuen bat erakunde horrekin, amets genuelako egotea alderdietatik eta kultura ofizialetik bazter garatuko ziren gisa horretako elkarte batean. Lehendabiziko etapa horretan, egia erran, jende anitz erakarri zuen Nafar Ateneoak.

Zenbat bazkide zituen?

Mila bazkide izatera ere iritsi zen ateneoa. Kontuan izan behar dugu eferbeszentzia handikoa izan zela duela 35 urteko garai hura. Elkarte anitz sortu ziren, eta gurea bertze anitzen arteko bat izan zen.

Orain zenbat zarete?

Seiehun inguru. Egia da ez dugula lortu nahi bezainbertze gazte erakartzea, baina bada jende gaztea gurean ere.

Eta emakumeak? Zuzendaritzako kideen artean, behintzat, gizonak zarete nagusi.

Gure saioetara etortzen diren ikusleen artean gehiengoa osatzen dute emakumeek, argi eta garbi. Ateneoko bazkideen artean ere, ia erdiak dira emakumeak, baina egoera bertzelakoa da zuzendaritzako kideen artean. Hori onartu bertzerik ezin dut egin. Nahiko genuke emakume gehiago izatea, baina kostatu egiten zaie urrats hori egitea. Bazkide eta ikusle gisa parte hartzen dute, baina nolabaiteko erresistentzia sumatu dugu erakundeko antolakuntzan parte hartzeko orduan. Noski, ateneoko ateak zabalik dituzte. Halere, erran behar dut nik neuk ere azken urteotan egin dudala antolakuntzan gehiago inplikatzeko urratsa.

2015. urtetik zara erakundeko lehendakari. Zergatik erabaki zenuen urrats hori egitea?

Lana utzi eta gero izan zen; lehen ez nuen aukerarik gehiago inplikatzeko. Arte eta Lanbide Eskolako irakasle aritzen nintzen, eta Iruñeko udal politikagintzaren esparruan ere egin nuen lan. Hori guztia bazter utzi eta gero hasi nintzen ateneoan buru-belarri. Urtarrilera arte izanen naiz presidente. Bazkide izateari ez diot inoiz utziko, noski.

Postuan zara, oraindik ere. 35 urte bete eta gero, zer helburu duzue?

Azken urteotako bideari eman nahi diogu segida, eta gure helburu nagusia da antolatzen ditugun saio guztietan bikaintasuna lortzea. Asmo horrekin egin nahi dugu lan beti. Noski, hori lortzeko, ezin gara bakarrik aritu.

Elkarlanaren aldeko apustua egin duzue?

Bai, eta bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dugu. Utzitako bulego txiki bat dugu Iruñean, baina gure saio gehienak hartzeko ez da nahikoa. Ondorioz, ezinbertzekoa dugu elkarlana erakunde publiko eta pribatuekin. Kontent gara, harreman estua dugulako erakundeokin, eta elkarlana garatzen dugu, bertzeak bertze, Civivox aretoekin, Civicanekin, Nafarroako Filmotekarekin, Nafarroako Liburutegiarekin… Hitzarmenak ditugu, elkarrekin aritzeko. Halere, egoitza propio egoki bat izatea ere badugu helburu.

Behar duzue?

Gauza handia litzateke guretzat bat egiteko espazio bat izatea. Gure aspaldiko aldarrikapen bat da, baina egoitzarik gabe ere jarraituko dugu lanean.

Bertze 35 urte betetzeko prest zaudete?

Bai, noski. Nafar Ateneoak eutsiko dio, jendea prest baldin badago lan egiteko kultura ofizialak dituen hutsuneak betetzeko. Gure kulturaren inguruko ikuspuntua ez da esparru ofizial horrek duenaren guztiz bertzelakoa, baina baditu bere ezaugarriak, bere berezitasunak; hori bilatzen dugu, eta bide horretan lanean jarraitu nahi dugu.