“Galderak egiten dituen antzerkia gustatzen zait”

“Galderak egiten dituen antzerkia gustatzen zait”

Uxue Rey Gorraiz

Antzerkigilea, aktorea, Lehen Hezkuntzako irakaslea eta beste da Maialen Diaz (Beltzuntze, 1988). 2019an, Nafarroako Antzerki Eskolak haurrentzako antzerki testuen sariketako irabazle izendatu zuen Diaz, Ilargiaren atzean lanarengatik. Idazkera aberatsa, emozioak transmititzeko gaitasuna eta istorioaren garapen eta egitura borobila nabarmendu zituzten epaimahaikoek. Iragan den larunbatean gorpuztu zituzten estreinakoz hark idatzitako hitzak oholtza gainean: Virginia Zerberak zuzendu du obra.

Larunbatean izan zuen obrak lehen emanaldia. Pozik zaude emaitzarekin?

Oso. Lan izugarri polita egin du lantalde osoak. Gainera, oso harrera ona izan zuen, aretoaren edukiera mugatua egonik ere. Asko gustatu zait Virginia Zerbera zuzendariak egindako lana, eta aktoreak ere ederki aritu dira. Antzezlanean jorratzen den gaia nahiko delikatua da, haur baten bidaia emozionala kontatzen baita, eta iruditzen zait sentiberatasun handiz landu dutela.

Zer kontatzen da, zehazki?

Hasieran alaba bakarra den neskato baten historia da. Neska horrek ahizpa bat nahi du, eta desio hori bete egiten da azkenik, neska bat adoptatzen baitu familiak. Ordea, hainbeste desiratzen zuen zerbait lortzen duenean ikusten du familian duen lekua aldatu egiten dela. Gertatu zaiona polita den arren, bizitzan aldaketa horiek onartzeak eta etorrera hori aberasgarria dela ikusteak gorabehera asko izan ditzake. Gerta daiteke, antzezlanean agertzen den bezala, jeloskor jartzea, amaren arreta bereganatu nahi izatea… Horretaz guztiaz hitz egiten du obrak.

Adopzioaz hitz egiten da antzezlanean. Zehazki gai hori jorratzeko premia sentitu zenuen?

Adopzioa bera interesekoa zait, gai moduan, baina uste dut, adopzioaz haratago, alteritatearen onarpenaz ari garela antzezlanean. Norbait zurean hartzean, are gehiago familiaren gisako inguru intimo batean… zailtasunak izan daitezke; ez da erraza. Ulertu behar izaten dugu gauza asko positiboak izan daitezkeela, nahiz eta ez izan zuk espero bezalakoa. Gainera, maitasunaz ere hitz egiten du obrak, eta ahizpatasunaz.

Antzezlana haurrei zuzendua izanik, berezia behar du izan kontatzeko moduak?

Bai, noski. Kasu honetan, nik haurrei eskaini nahi izan diet pertsonaiarekin batera bidaiatzeko eta katarsia bizitzeko aukera. Horrez gainera, obran nagusi den gaia lantzeko, protagonistak bizi dituen sentimendu batzuk kanpora atera ditut, izaki mitologiko batzuen agerpena baliatuta. Uste dut horrek laguntzen duela emozioak haurraren gaineko epaiketarik gabe lantzen. Nik nahiago izan dut kode fantastikoa erabili, psikologizazioa baino. Kasu honetan, behintzat, haurrek hobeki ulertuko dute horrela.

Nolakoa da eszenaratzea?

Oso berezia da, eta askotariko espazioak sortu dituzte oso elementu gutxirekin. Gainera, istorioan oso inportantea den elementu baten bueltan egin dute eszenaratzea: hari mataza bat da guztiaren oinarria. Izan ere, pertsonaietako batek, amak, gainerakoen hitzen hariari tiraka josten ditu arropak. Metafora bat da; erakutsi nahi du istorioz eginda gaudela.

Sariketako epaileek azpimarratu zuten zure lana oso ongi garatua eta borobildua dagoela.

Uste dut egiturarengatik esan zutela. Kasu honetan, arreta jarri nahi izan nion dramaturgia aldetik oso argia izateari. Estilo ariketa baten modukoa izan da,

Sentimenduak eta emozioak transmititzeko gaitasuna ere nabarmendu zuten. Hori duzu gustuko?

Artistak bezainbeste bide daude; bakoitzak berea du. Nire kasuan, bai, iruditzen zait horrelakoa dela nire begirada eta hori dela nik eskaintzen dudana. Polita iruditzen zait espazioa publikoarekin partekatzea, bidea elkarrekin egiteko. Antzerkiak daukan ezaugarrietako bat da hunkigarritasuna, sentimenduak lantzeko gaitasuna, eta, literatura ez bezala, jende askoren artean gertatzen da, eta une jakin batean. Emozioak lantze aldera, elkarketaren balioa oso garrantzitsua iruditzen zait.

Zertan aurkitzen duzu idazteko inspirazioa?

Zirrara bereziren bat eragin didan edozer izan daiteke, jakin-mina piztu didan zerbait. Niretzat idaztea da ulertzen saiatzea, nahiz eta gero, paradoxikoki, gustatzen zaidan testuak galderak uztea airean. Ez zait gustatzen erantzunak ematen dituen antzerkia, galderak egiten dituena baizik.

Behin inspirazioa aurkituta, nolakoa da sorkuntza prozesua?

Ez da inoiz noranzko bakarreko bidea; bidaia ez dut egiten norabide bakarreko errepidean. Inportanteak dira bat-batean azaltzen zaizkidan flash modukoak, irudiak, eta horiek gordetzen dituzten galderak. Gero, noski, aurkitu behar izaten dut hori guztia egituratzeko modua. Egia esateko, lan handia egiten dut ordenagailua ireki baino lehenago, kontuari bueltak ematen, dokumentatzen… deus idazten hasi aurretik.

Zer iritzi du jendeak haurrei zuzendutako antzerkiaz?

Uste dut batzuetan nahasi egiten dugula entretenimenduarekin, eta iruditzen zaigu helduei zuzendutakoa baizik ezin dela izan antzerki serioa. Haurrek merezi, ulertu eta eskertzen dute beraiei zuzendutako antzerkia. Harrigarria eta oso polita da ikustea nola ateratzen diren antzokietatik emanaldi baten ondotik. Nik aldarria egingo nuke genero honen alde, eta argi utzi behar da, entretenimenduaz haratago, haurrentzako antzerkia mundu bat dela, eta merezi duela arreta.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku