Gurelurrek salatu du azkonarrak hiltzeko baimena eman dutela

Gurelurrek salatu du azkonarrak hiltzeko baimena eman dutela

Edurne Elizondo

Eztabaida piztu du Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuko arduradunen kudeaketak, Gurelur talde ekologistak salatu baitu administrazioak azkonarrak hiltzeko baimenak eman dituela. Zehazki, Orbaitzetan, bost azkonar akabatzeko baimena eman dio gobernuak herri horretako bizilagun bati, abuztuaren 24an sinatutako foru agindu baten bidez. Gurelurrek “gogor” kritikatu du urrats hori egin izana, eta nabarmendu du “neurriz kanpokoa” dela.

Orbaitzetako bizilagunak Ingurumen Departamentuko arduradunengana jo du, azkonarrek bere soroetan eragindako kalteen ondorioz. Horixe azaldu dute departamentu horretako Bioaniztasun Zerbitzuko ordezkariek, eta zehaztu dute baimena eman arren azkonarrik ez dutela hil Pirinioetako herri horretan. “Ez dute hil, eta ez dute hilko, baimena bertan behera gelditu baita, herritarrak halaxe eskatuta”. Berez, urriaren 31ra bitartekoa da gobernuak baimen hori emateko abuztuan sinatutako agindua.

Ingurumen Departamentuko kideek nabarmendu nahi izan dute legezkoa izan dela baimenak emateko prozedura osoa, eta zehaztu dute, gainera, azkonarra ez dela babestutako espezie bat herrialdean.

“Justifikaziorik gabe”

Gurelur talde ekologistak ez du bat egin Ingurumen Departamentuko arduradunek errandakoarekin: batetik, ez du arazoa kudeatzeko modu egokitzat jo animaliak akabatzeko erabakia hartu izana, eta, bertzetik, prest agertu da auzitara jotzeko, gisa horretako baimen gehiago sina ez dezaten. Azkonarra ez dago Nafarroan ehizatzen ahal diren espezien zerrendan.

“Azkonarrek eragindako ustezko kalteek ez dute justifikatzen animaliok hiltzea”, nabarmendu du Jolanda Areitiok, Gurelur talde ekologistaren izenean. Salatu du animaliak hiltzeko erabakia administrazioaren “ohiko neurri” bilakatu dela, eta ez zaiela lehentasuna ematen bertze gisa bateko konponbideei.

Are gehiago, ekologistek garbi erran dute Orbaitzetako bizilagunak ez duela bere soroak babesteko “neurri eraginkorrik” hartu. “Otsoen eta hartzen erasoen aurrean erabiltzen duten aitzakia bera erabili dute orain ere nekazariek: kalteak eragiten dituztela. Ez dute indarrean jartzen, ordea, kalte horiei aurrea hartzeko neurririk”, erantsi du Areitiok. Gogoratu du Europako laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bioaniztasuna zaintzeko “betebeharra” ere badutela.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko Bioaniztasunaren Zerbitzuak legea aipatu du, hasieratik, Orbaitzetako azkonarren auziaren inguruan egindako kudeaketa azaltzeko. Hainbat lege jakin aipatu dituzte zerbitzu horretako arduradunek, hain zuzen ere, animaliak akabatzeko baimena eman izana justifikatzeko: besteak beste, Europako habitaten inguruko zuzentaraua eta Bernako Hitzarmena. Hitzarmen horren arabera, babestutako espezie bat da azkonarra, 1986. urtetik. Gurelur taldeko kide Areitiok argitu duenez, “ez dago zorrozki babestutako espezieen zerrendan, baina bai, ordea, babestutakoenean”.

Legeaz interpretazioak

Areitiok bertze zehaztapen batzuk egin nahi izan ditu gobernuak erdigunean jarritako lege horien inguruan. Batetik, argi utzi du habitaten inguruko zuzentarauak bertzelako konponbideak erabiltzea lehenesten duela, eta, betiere, animaliek kalte “larriak” eragin badituzte har daitekeela horiek hiltzeko erabakia.

Orbaitzetan, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuko kideek azaldu dute erakunde horretako teknikariek ikuskatu zituztela kalteak jasandako soroak. Dena dela, kalte horiek zenbatekoak izan ziren ez dute zehaztu.

Gainera, Bernako Hitzarmenaren ildotik, Areitiok salatu du herrialdeko gobernuak baimendu izana azkonarrak gauez eta fokuak erabilita ehizatea. “Bernako Hitzarmenaren arabera, debekatuta dago ehizatzeko argi artifizialak erabiltzea”.

Gurelur talde ekologistako kideak argi du azkonarra dela “galtzaile” gizakiarekin topo egiten duenean. Errepideetan ere anitz hiltzen dira, autoek harrapatuta. Tiroz ez jotzea lortu nahi du Gurelurrek, behintzat, eta gobernuari eskatu dio ez dezala baimen gehiago eman azkonarrak hiltzeko.

 

‘Meles meles’

Gaua maite duen tamaina ertaineko ugaztun haragijale bat da azkonarra (Meles meles).

Ezaugarriak. Hamabost kiloko pisua dauka azkonarrak, batez bertze, eta hirurogei zentimetro luze da. Burua eta muturra luzeak ditu, eta hankak, berriz, motzak eta sendoak.

Habitata. Eremu erdiaridotik goi mendietara bitarteko habitatak maite ditu. Basoa maite du, baina larre zabalak ere behar ditu, zer jan bilatzeko.

Elikadura. Intsektuak, narrasti txikiak, artoa… Sarraskiak ere ez ditu bazter uzten.

Ugaltzeak. Usaimen eta entzumen onekoak dira azkonarrak; ikusmena ez dute hain ona, lur azpian egindako zuloetan bizitzera ohitu baitira. Emeak gehiago egoten dira zuloetan; bi eta sei kume artean izaten dituzte. Kumeek amaren esnea jaten dute lehen hiru hilabeteetan.

Argazkia: Nafarroako Hitza.