Intsumisioaren kaleko kronika

Intsumisioaren kaleko kronika

Edurne Elizondo

Kalean egon nahi nuen, borroka egiten zutenekin”. Horixe erran zuen Joxe Lacalle Uharte argazkilariak (Etxauri, 1951), Memorias de Lacalle (Txalaparta, 2017) bere aurreneko liburua aurkeztu zuenean. Eta hori egin du beti: kalean egon, borroka egiten dutenekin. Egin eta Euskaldunon Egunkaria hedabideetan kontatu zituen borroka horiek, prentsa argazkilaria izan zen garaian, eta, orain, erretiroa hartuta, bere bigarren liburuan jaso ditu: Si te mandan una carta kaleratu berri du Txalapartarekin, intsumisioaren aldeko kanpainari buruz.

Argazkilari “desobediente” baten kronika da Lacallek intsumisioaren inguruan osatu duena. 1989. urtean hasi zen derrigorrezko soldaduskaren aurkako kanpaina, eta 2001eko martxoan amaitu zen, Espainiako Gobernuak zerbitzu militarra bertan behera uzteko dekretua sinatu zuenean. 1988koa da Lacallek liburuan jasotako lehenengo irudia, eta 2000. urtekoa, berriz, azkena. Argazkilariak karrikan jarraitu zituen intsumisoek urte horietan egindako urratsak, eta irudi bilakatu zituen.

“Hasieratik egin nuen bat haien aldarrikapenekin. Borroka karrikara eraman zuten, eta irudimena baliatuz, lortu zuten helburua betetzea”, erran du Lacallek. 1970eko hamarkadaren hasieran deitu zuten argazkilaria soldaduska egitera, eta lau hilabetez egon zen kuartelean, Irunen (Gipuzkoa). “Bizkarra gaizki nuen, beti oinazeak jota, eta etxera bidali ninduten, azkenean”. Garai hartan, Jehovaren Lekukoak ziren, batez ere, armadari uko egiten ziotenak, erlijioarekin lotutako arrazoiengatik. “Kuartelean, behin, hainbat gazte sartu zituzten ziegan, uniformea jantzi nahi izan ez zutelako. Jehovaren Lekukoak ziren. Ni bidali ninduten ziega zaintzera, eta sarjentuak erran zidan: ‘Ihes egiten saiatzen badira, bota bi tiro’. Horixe izan zen nik armadarekin izan nuen esperientzia”.

Soldaduska “gizon bilakatzeko” urratsa zen Lacalleren gazte garaian. “Izugarria zen. Nik ez nuen egin nahi, baina ez zen erraza uko egitea”. Horregatik, militarren aurkako kanpaina hasi zenean, txalotu egin zuen gazteen ekimena.

Kontzientzia eragozpenaren aldeko ekintzaile talde baten protesta izan zen Lacallek soldaduskaren aurkako mugimenduaren testuinguruan jorratu zuen lehendabizikoa. “Aizoaingo kuartelean egin zuten, Espainiako armadaren egunean. Harrituta gelditu nintzen harat joan eta militarrak ikusi nituenean haurrei metrailetak nola erabili irakasten. Lauzpabost gazte sartu ziren, eta armadaren aurkako eskuorriak bota zituzten. Atxilotuta eraman zituzten, eta ni ere bai”.

Intsumisoek Aizoainen egindako bertze protesta bat gogoan du Lacallek, militarrek bere lankide bati besoa hautsi ziotelako: “Ez zegoen ospitalera eramateko modurik, ez ziguten uzten. Hurrengo egunean, argazkilariok karrikan salatu genuen gertatutakoa; besoa hautsita atera zen lankideak ezin izan zuen hori egin, lana galtzeko mehatxua egin baitzioten”.

Artxiboa digitalizatzen

Egun hartako argazkirik ez du Lacallek. “Karreteak kendu zizkidaten”. Intsumisioari buruz, halere, ehunka irudi ditu gordeta. Erretiroa hartu zuenean, beti paperean egindako argazkien negatiboak digitalizatzen hasi zen, eta lan horren lehen emaitza izan zen 2017an kaleratutako Memorias de Lacalle.

Bere artxiboa digital bilakatzeko lanean murgilduta jarraitzen du Lacallek. 2018an, intsumisioaren aldeko mugimendua jarri zuen erdigunean, eta jasotako uztaren emaitza da oraingo Si te mandan una carta. Haren argazkiekin batera, intsumisioaren alde aritu zirenen testuak jaso ditu lanak. Tartean dira Toñin De la Cuesta intsumiso ohiaren hitzak. Kojon Prieto y los Huajolotes taldeko kide ohia ere bada De la Cuesta, eta talde horren kantak eman dio izena Lacalleren liburuari. “Behin Sarasate pasealekuan aritu ziren kantatzen”, oroitu du. Manifestazioetako leloak ere gogoan dauzka Lacallek, eta ezin izan dio eutsi tentazioari: “Intsumisoak aurrera!”, abesten hasi da.

Gazteen hamaika ekintzaren lekuko izan zen argazkilaria. Eta gertutik jarraitu zituen, halaber, intsumisoen alde haien lagunek eta senideek egindako urratsak. Sortu zituzten babes sareetan emakumeek bete zuten rola nabarmendu du. Liburuan ere hartu dute hitza. Hitzaurrea, adibidez, intsumisoen abokatu izandako Patricia Morenok sinatu du; eta liburu barruko orrietan jasota daude, bertzalde, Argiñe Salanuevaren hitzak. Unai Salanueva intsumisoaren arreba da. Espetxera itzuli behar zuenean, bere buruaz bertze egin zuen gazteak, 1997. urtean.

Kartzela, borroka gune

Iruñeko espetxe zaharra izan zen intsumisioaren aldeko mugimenduaren jokaleku nagusietako bat Nafarroan, han itxi baitzituzten derrigorrezko soldaduskari eta haren ordezko zerbitzuari uko egin zioten gazte anitz. Kartzela barruan ez zioten lan egiteari utzi, halere, eta, autoritarismoaren kontrako jarrera batetik, beren jarduera politikoari segida eman zioten, espetxean ere. Aldarrikapenerako toki bilakatu zuten, egin eta erakutsi zituzten pankarten bidez, bertzeak bertze; kanpoan, berriz, senideen astean behineko elkarretaratzeek eutsi zioten intsumisioaren aldeko borrokari.

Espetxe barrukoak eta kanpokoak argazki bilakatu zituen Lacallek. “Garai hartan, auzitegiaren eraikin berria egiten ari ziren, eta han sartzen nintzen, kartzelako patioan ziren intsumisoen argazkiak egitera; azkenean, harrapatu ninduten, eta zinpeko guardak jarri zituzten”, gogoratu du. Ondoko etxe batean aurkitu zuen behatoki berria Lacallek.

Espetxeko atarian, halaber, kanpaina osoko unerik gogorrenetako bat gertatu zitzaion argazkilariari, 1993an. “Atean intsumisoen aldekoak zeuden pankarta batekin; auto bat pasatu zen aurretik, ziztu bizian; gelditu, eta pistola eskuan zuela atera zen barrutik gizon bat. Polizia zen, eta tiro egiten hasi zen”.

Serio jarri da Lacalle ordukoak oroitu dituenean. “Sekulakoa izan zen; tiro egiten hasi zen! Bertze argazkilariak korrika joan ziren. Gero ni zergatik gelditu ote nintzen galdetu zidaten, eta garbi erantzun nien: gelditu izan ez banintz, ez legoke une horretako argazkirik”. Liburuan jaso ditu argazkilariak egun horretako tentsioa islatzen duten irudiak. “Robert Caparen jarraitzailea naiz ni ezizen horrekin egin zuten lan Gerda Taro eta Ende Erno Friedman argazkilariek; haren esaldi bat nire egin dut beti: argazkia behar bezain ona ez izateko arrazoia dela behar bezain hurbil ez egotea”.

Liburuak aukera eman dio Lacalleri karrikan intsumisoen ondoan egindako argazkiei bertze modu batera so egiteko. Militarismoaren aurka ari ziren gazteen borrokaren eta garaipenaren kronika osatu ahal izan du, denborak eman dion ikuspuntuari esker. Ordukoak gorde ditu, baina zabaltzen jarraitzeko: “Duela urte anitz egindako argazkiek bide berri bat hasi dute, nolabait erranda”. Intsumisioa irudi bilakatu du Lacallek. “Ezin zuen bertzela izan; ni ere argazkilari intsumiso bat izan naiz beti”, nabarmendu du argazkilariak. Asteburuan aurkeztu zuen liburua, Gazteluko plazako azokan; bere irudien atzekoak kontatzen jarraitzeko irrikan da.

 

Dokumental bat egin du Garrok mugimenduaz

Liburuen esparrutik kanpo, Bi urte, lau hilabete eta egun bat izenburuko dokumentala aurkeztu du aurten Lander Garrok, intsumisioaren aldeko mugimenduari buruz. Ekainean estreinatu zuten, zehazki, Donostiako Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldian.

Egileak irailean aurkeztu zuen dokumentala, Iruñean, eta ondoan izan zituen Nafarroako espetxea intsumiso izan zireneko garaian ezagutu zuten hainbat kide. Garroren dokumentalaren ardatz da Iruñeko kartzela zaharra, hain zuzen ere, eta lana egiteko ideia ere espetxea eraitsi behar zutenean sortu zen.

Eraikina 2012an bota zuten. Eraisten hasi ziren egun berean sartu ziren hara Gaizka Aranguren eta beste zenbait intsumiso ohi, bideo kamera batzuk lagun.

Kartzelan grabatutako irudi horiek eta intsumisioaren inguruko bertze hainbat agiri Garrori bidali zizkion Arangurenek, eta orduan hasi zen mamitzen material hori guztia erabiliz dokumental bat egiteko ideia. Bi urte, lau hilabete eta egun bat da lan horren emaitza.

Argazkiak: Joxe Lacalle.

Joxe Lacalleren argazkia: Iñigo Uriz / Foku