Iritzia: Hemen, gure ondoan

Iritzia: Hemen, gure ondoan

Naiara Elola

Bada mutiko bat, 8 edo 9 urte ingurukoa. Herri txiki batean bizi da. Berez herriarena den etxe txiki eta zahar batean bizi da, zehazki. Negu euritsu eta hotzak besteenean baino lehenago hasten dira etxe horretan, eta luzeagoak ere izaten dira. Udaren amaiera bat-batekoa izan den honetan, udazkenik gabe hasi da negua mutilaren etxean. Ia erortzear dagoen eraikinak paperezkoak diruditen leihoak ditu. Haize gutxi bada ere, dar-dar egiten dute.

Herrian denek ezagutzen dute mutila; baita haren familia ere. Guztiek dakite diruz gaizki ibiltzen direla, eta bizimodua ahal duten bezala ateratzen dutela. Itxurakeria nagusi den gizarte honetan, txiroa izateak berezko duen gogortasuna are gogorrago egiten du gizartearen zitalkeriak. Hil bukaerara iristeko arazorik ez duen herritarrak pulpitutik hitz egiten du, garai bateko apaizek bezala: “Ez duela jangela ordaintzeko nahikoa dirurik? Sakelakoa nirea baino hobea dute, bada!”.

Mutikoak egunean egiten duen jatordu bakarra eskolako jangelan egiten duena da. Herrikoa eskola publikoa da, eta, ikasle kopuruagatik, txikia. Mutikoaren familiak, eskolako zuzendaritzak lagunduta, jangelara joateko laguntza eskatzen ohi dio Nafarroako Gobernuari. Urtero ematen diote laguntza hori, horretarako baldintza guztiak betetzen baititu. Beno, laguntza, kakotx artean, laguntza baino gehiago limosna baita.

Zenbakiak eskandaluzkoak dira. Haurraren familiak, jangelan bazkaltzen duen egun bakoitzeko, 1,75 euro jasotzen ditu. Baina, lehen esan bezala, eskola txikia denez, jangela nahiko garestia da, eta bazkariaren prezioa 6,73 euro da. Bizitzeko diruz estu eta larri ibiltzen den familiak, beraz, 5 euro jarri behar ditu bere sakelatik, egunero, semeak jangelan bazkaltzeko; hilabete oro 100 euro inguru, gutxi gorabehera.

Baina hori nahikoa ez, eta administrazioak hiru hilean behin ematen dio limosna hori. Hala, lehenik eta behin dirua aurreratu egin behar izaten du haurraren sendiak; 300 euro inguru. Eta hori eskola publiko batean, publikoan!

Egoera hori ikusirik, nola gelditu daiteke isilik ustez aurreratuena den gizarte bat? Ez naiz ari une batean inolako zentzurik gabeko apeta batez, ume errugabe baten elikaduraz eta osasunaz baizik.

Maiz eta erraz hitz egiten da eskola komunitateak bat eginda eta norabide berean borrokatzeko beharraz. Eskolako Guraso Elkarteak ziurrenik zerbait egin lezake, baina horretarako elkarteko kide diren guztiek ados egon behar dute, eta hori zaila da pobrea denari errezeloarekin begiratzen bazaio. “Zer inporta du, ni nire etxean, janariz eta edariz lepo, sutarako egurrik falta ez dudala parean dudan etxe horretako mutikoari zer gertatzen zaion, nirea ez den bitartean, aurrera!”.

Hau ezagutzen dugun kasu bat besterik ez da, baina halako zenbat ote daude Nafarroan? Tamalgarria da, baina agerikoa da hezkuntza sistema publikoak, oraindik ere, ez duela eskubide berdintasuna bermatzen.