Haginkada bat mendilerroari

Haginkada bat mendilerroari

Edurne Elizondo

Kezka bada, eta informazio gutxi zabaldu den sentsazioa ere bai. Hori nabarmendu dute Irurtzungo kultur etxearen kanpoko aldean bat egin dutenek. Irurtzungo bizilagunak dira anitz, eta Arakilgo eta Larraungo ibarretakoak bertze asko. Irurtzungo Pikuxar elkarteak antolatutako saiora etorri dira, Lekunberriko industrialdera gasa eramateko egin nahi duten proiektuari buruz argibide gehiago jasotzeko asmoz.

Egin nahi duten gasbideak Aralar mendilerroko basoak zeharkatuko lituzke: Irurtzun ondoko Etxeberriko kontzejutik (Arakil) Lekunberriraino, Larraungo lurrak zeharkatuz. Nasuvinsak eta Nedgyak —lehengo Gas Navarra bultzatu dute, Lekunberriko industrialdeko enpresak hornitzeko. Ekologistek “eredu desarrollista” baten adibide “argitzat” jo dute proiektua. Arakil eta Larraungo hautetsiek, berriz, alternatibak eskatu dituzte. Ez dute Aralar ukitzea nahi; Babes Bereziko Eremua da mendilerroa.

Irurtzungo kultur etxeko mahaiaren bueltan egin dute bat Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak, Kalaxkako Mikel Saralegik, Ondare taldeko Javier Irigoienek, Arakilgo alkate Oihana Olaberriak eta Larraungo alkate Mikel Huartek. Informazioa zabaldu eta eztabaida piztu nahi dute, “herritarren indarra batzeko”.

“Udal txikiak gara; ez dugu indarrik bakarrik aritzeko egin nahi duten sarraskiaren aurka”. Olaberriarenak dira hitzak. 2019an izendatu zuten Arakilgo alkate, eta, ordurako, Aralarren egin nahi duten gasbide proiektua martxan zen. “Aurreko udalbatzak jaso zuen gaia; helegitea aurkeztu zuten proiektuaren kontra, baina ez zuten onartu”.

Arakilgo eta Larraungo oraingo udalek berriro aurkeztu dute proiektuaren aurkako helegitea. Erantzunaren zain dira, eta, bitartean, gasbidea martxan jartzeko egitasmoak aurrera jarraitzen du. “Urtebetez egon da geldirik, baina oraingo osasun krisia baliatu dute berriz ere martxan jartzeko. Goitik behera ari dira, herritarron iritzia kontuan hartu gabe”, salatu du Olaberriak.

Udalek Plazaola nahi dute

2017. urtekoa da Lekunberrira gasa eramateko lehendabiziko proiektua; 2019koa, berriz, bigarrena. Bultzatzaileek hiru alternatiba jarri zituzten mahai gainean, baina, hasieratik, baten aldeko apustu garbia egin zuten: Aralar mendilerroaren bidezko proiektuaren alde, alegia. Bertze bide batek proposatu zuen gasa Leitzatik eramatea; eta, hirugarrenak, Plazaolaren bidea erabiltzea.

Arakil eta Larraungo alkateek azken horren alde egin dute, hain zuzen ere. “Egun dauden azpiegiturak erabiltzea da kontua, ingurumenean eragin daitekeen kaltea ahalik eta gehien murrizteko”, erran du Olaberriak. “Natura da gure balio nagusia; gasbideak hondatu eginen luke”, erantsi du Larraungo alkate Mikel Huartek. Gasa garraiatzeko hodia metro eta erdira egonen litzateke lur azpian sartuta. “Horretarako, zortzi metro zabal litzatekeen bide bat egin nahi dute”, azaldu du Larraungo alkateak.

Huartek gaineratu du Aralar zeharkatuko lukeen proiektu batek “zentzurik ez” duela, eta ezin dela justifikatu. “Batzuen interesak jarri dituzte ingurumenaren gainetik; denon indarrak batzea behar dugu hau gelditzeko”.

“Behar ote dugu?”

Lekunberriko Kalaxka talde ekologistak eta Sustrai Erakuntza fundazioak testuinguru zabalago baten barruan aztertu nahi izan dute gasbidearen proiektua. Alternatibak bilatzeko aukeraz harago jo dute, eta bertze eztabaida bat jarri dute erdigunean: “Behar ote dugu gasbide bat?”, galdetu du Kalaxka taldeko kide Mikel Saralegik.

Kalaxkako kideek Lekunberriko industrialdea handitzeko asmoen aurka egin dute azken urteotan, eta asmo horrekin lotu du Saralegik, zuzenean, Aralar zulatu nahi duen gasbide proiektua. 2016an erabaki zuen Lekunberriko Udalak industrialdea berriz handitzea; hau da, gasbidea egiteko lehendabiziko proiektua aurkeztu baino urtebete lehenago. Industrialdeak 40.000 metro koadro lur gehitzea da asmoa. “Horretarako beharrik ez zen eta ez dago, ordea; industrialdean badira orube hutsak oraindik ere”, azaldu du Saralegik.

2016an egindako proiektuak ez zuen jendaurrean erakusteko tramitea bete, eta bazter utzi zuten, ondorioz, Kalaxkak aurkeztutako helegiteari esker. Bigarren bat prestatu zuen Lekunberriko Udalak. “Enpresen neurrira egindako proiektu bat da; nork bere orubea eskatu du proiektu horretan. Gutxi batzuen interesak nagusitu dira, interes orokorraren gainetik”, salatu du Kalaxkako Mikel Saralegik.

Lekunberriko Udalak martxoan egindako osoko bilera batean eman zion oniritzia industrialdea handitzeko azken proiektuari. Udaleko agintariek beti nabarmendu dute “bizilagunentzako enplegua” sortzeko aukera ematen duela egitasmo horrek. Udalak onartu du badirela hutsik diren orubeak, baina industrialdea handitzeko aukera defendatu du, mugitu nahi duten enpresentzat hutsik diren horiek ez direlako “erakargarriak”, ezta garatu nahi dituzten proiektuentzako “egokiak” ere.

“Modu zaharrak”

Saralegirekin bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Martin Zelaiak, eta salatu du, ingurumenari buruzko diskurtsoak aldatu arren, “lan egiteko modu zaharrek” indarrean jarraitzen dutela Nafarroan. “Trantsizio ekologikoaz mintzatzen dira agintariak; krisi klimatikoaz, eta bioaniztasuna babesteko beharraz; hori erran, baina Lekunberriko gasbidearen gisako proiektuak babesten dituzte, justifikaziorik gabe”, nabarmendu du.

Izan ere, Etxeberritik Lekunberrirainoko gasbidea egiteko proiektuak jaso du jada Nafarroako Ingurumen Departamentuaren ingurumen baimena. Arakilgo eta Larraungo alkateek ezin izan dute kezka bazter utzi. Proiektuak “mehatxatutako” ondarea galtzeko aukerak anitz kezkatzen du Ondare taldeko kide Javier Irigoien ere. 2014. urtean sortu zuten, Larraunen, bailarako ondare materiala eta immateriala babesteko eta zabaltzeko asmoz. “Gure ondarea lotuta dago garenarekin; ondarearen aurka egiten dugunean, garenaren aurka egiten dugu”, erran du Irigoienek. Proiektuaren inguruko eztabaida pizten jarraitzeko prest dira Ondareko kideak; Kalaxkako eta Sustrai Erakuntzakoak ere bai. Udalek herritarrei egin diete deia, lanera batzeko.

 

Prozesua luzatu nahi dute

Etxeberri eta Lekunberri arteko gasbidea paper gaineko proiektu bat baino gehiago da jadanik: Nafarroako Gobernuak irailean egin ditu gasbideak hartuko lituzkeen lursailak desjabetzeko azkeneko urratsak. Desjabetze prozesu behartuak izan dira irailekoak; aurretik, duela urtebete inguru, gobernuak lur sailetako jabeekin adostutako prozesuak burutu zituzten. Oraindik ez dituzte guztiak egin, halere, eta auzia fiskaltzaren esku uztea lortu dute hainbat jabek.

Irurtzungo Jorge Iriarteren familiarena da irailean desjabetu nahi izan zituzten sailetako bat. “Borda bat dugu Etxeberriko kontzejuan, Madotzera bidean”, azaldu du Iriartek. Haren familiak lurrak galtzeko prozesuan jabeek legez duten eskubide bat baliatu du prozesua behin-behinean bertan behera uzteko: “Legez, jabeok badugu eskubidea desjabetze prozesuko agiriak gure lursailean sinatzeko. Guk hori egin genuen; Arakilgo udaletxera deitu gintuzten, baina guk gure bordan sinatu nahi izan genituen paperak. Ez zen inor etorri, eta, ondorioz, desjabetzea oraindik ez dute burutu”, kontatu du Iriartek.

Erantsi du bertze hainbat jabek ere berdin jokatu dutela, eta prozesu horiek ere etenda gelditu dira, fiskalen esku. “Fiskal batek hartu behar du auziaren ardura orain; fiskalak erabaki beharko du zer egin: gure gainetik pasatu, eta lurrak kendu; edo agiriak sinatzeko tramitea berriz egin”.

Kontrako jarrera

Iriartek garbi erran du proiektuaren aurkako jarrera agerian utzi nahi izan duela familiak egindako urratsaren bidez. “Legez dugun aukera bakarra baliatu dugu”, erran du. Aralar babesteko beharra nabarmendu du, eta gasbidearen proiektuak “kalte handiak” eginen lituzkeela inguruan.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku