Iritzia: Ez dut izan nahi normala

Iritzia: Ez dut izan nahi normala

Lohizune Amatria

Polemika interesatu” bat ekarri nahi dut mahai gainera. Eraso sexisten aurkako hiriko sarreretako panelak kentzeko “erabakirik” ez dagoela esan du Enrique Maia Iruñeko alkateak. Ados, erabakirik ez dute hartu. Ukatuko lukeen arren, ordea, argi eta garbi erakutsi du alkateak kartelak kentzeko nahia badutela. Beharra ikusten dutela.

Kartel horietan idatzita dagoena “begi-bistakoa” dela esan dute, argudiatzeko kartelek “ez dutela zentzurik” edo “kentzea litzatekeela egokiena”. Baina ez da hori benetako arrazoia. Maia alkateak garbiago erakutsi zuen eskuinak gaiarekiko duen jarrera kazetariek aferari buruz galdetu ziotenean. Haren ustez, herritar asko “suminduta” daude kartelekin, “eraso sexistei buruz hitz egitea baita Iruñeaz jasotzen den lehen irudia”. Hortxe arazoa: irudia, esanen dutena.

Tamalez, gizarte honetan izendatzen ez dena ez da ikusten, eta ikusten ez dena ez da existitzen.

Ikusaraz dezagun, bada.

Espainiako Estatuan bizi diren 16 urte edo gehiagoko emakumeen %57,3k indarkeria matxistaren bat pairatu dute inoiz. Irail hasierako albistea da, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak egindako Emakumeen aurkako indarkeriaren inkesta-ren emaitzak biltzen dituena. Bi emakumetik batek jasan du inoiz. Bitik batek. Ez gara intzidentziak alderatzen jarriko, baina nabarmentzeko moduko pandemia dela erakusten duelakoan naiz.

“Bere adineko beste edozein emakumek bezala”, emakumeak erre egiten zuela, parrandan ateratzen zela eta lagunekin kafea hartzen zuela leporatu zion 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutako gizonetako batek biktimari auzitegian. Argazkiak egin zizkion detektibe agentzia batek uda hartan, eta, nahiz eta auziko epaimahaiak horiek frogatzat ez onartu, gehienen eskuetara iritsi ziren. Orain, emakumearen “bizimodu normala” erretratatzea, biktima zelatatzea, ez dela delitua ebatzi du justiziak.

Urriko albistea da. Bortxatzen gaituzte eta nola jokatu beharko genukeen esaten digute. Emakumeen giza eskubideak urratzen dituena baino, biktima da behin eta berriz epaitua dena, auzitegietan, kalean eta hedabideetan. Udako datuak eman berri ditu Foruzaingoak. Iazko datuekin alderatuta, erdira murriztu dira sexu erasoen salaketak. Testuingururik gabe irakurrita, pozteko moduko albistea dirudi. Baina salatu ez izanak ez du esan nahi erasoa gertatu ez denik. Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, etxean egoteko gomendioa jasotzen ari gara, etengabe; eta badakigu etxea ez dela leku segurua guztientzat. Itxialdia bitartean, adituek ohartarazi zuten emakume asko tratu txarrak ematen dizkieten gizonekin itxita zeudela eta zaildu egin zitzaiela laguntza eskatzeko modua. Orain ere hala izanen delakoan naiz, baina honi buruz ez da hitz egiten.

Eta, bitartean, Maiak dio “hiritar arruntarentzat” gaindituta dagoela Iruñea eraso sexistarik gabeko hiria dela esan behar izatea. Ez omen naiz ni “hiritar arrunta”, beraz. Eta, benetan, eskuinak hitzari ezarri dion adierarekin bada, ez dut izan nahi normala.