Oinarria sendotzeko beharra

Oinarria sendotzeko beharra

Edurne Elizondo

Oinarria sendoa ez bada, gainean duen guztia eror daiteke behera. Horregatik atera dira herritarrak karrikara, bigarren aldiz hil honetan, herrialdeko osasun etxeetako “egoera kaskarra” salatzera, eta baliabideak eskatzera. Nafarroako Osasun Plataformak deitu ditu protestara; urriko lehendabiziko asteazkenean egin zuten aurreneko elkarretaratzea, eta hilaren 21ean eta 28an eginen dituzte azkenak.

“Koronabirusaren pandemiak agerian utzi du oinarrizko arreta dela osasun sistema publikoaren arlorik ahulena”, nabarmendu du Nafarroako Osasun Plataformako bozeramaile David Mendazak. Erantsi du, batetik, agerian gelditu direla 2008. urteko krisi ekonomikoaren “aitzakiarekin” egindako murrizketen ondorioak; eta, bertzetik, oraingo osasun krisiarena “baliatu” duela egungo Nafarroako Gobernuak “telefono bidezko arretaren eredua ezartzeko”.

Hau da, oinarrizko arreta “sendotu beharrean, ahuldu” egin du Nafarroako Gobernuak. Neurriak hartzea premiazkoa dela erran du Mendazak, eta “behar diren baliabideak” bideratzera deitu ditu Osasun Departamentuko arduradunak: “Barrakoiak jarri behar badituzte, jar ditzatela; bikoiztu ditzatela egiturak, ahal duten neurrian; egin ditzatela bi zirkuitu ezberdin, bat COVID-19rako eta bestea gainerako gaixoentzat; sendotu dezatela oinarrizko arreta, gaixoen eta langileen segurtasuna bermatuz”.

31 kontratu berri

Aurreko asteko koronabirusari buruzko datu txarrek segida izan zuten aste honen hasieran: astelehenean, ia 600 positibo izan ziren, Nafarroako Gobernuak egun horretan emandako datuen arabera. Egungo errealitatea egindako “kudeaketa txarraren” ondorio da, neurri handi batean, Nafarroako Osasun Plataformako kideen hitzetan.

Mendazak datu bat jarri du erdigunean, horren adibide: “Martxotik 670 langile berri daude Osasunbidean, baina haietako 31 baino ez dira ari oinarrizko arretan”. Aztarnarien kopurua ere “behar baino apalagoa” dela salatu du Mendazak: “Adituen arabera, Nafarroan 200 behar ditugu, gutxienez, biztanle kopurua kontuan hartuta; 50 baino gutxiago izan ditugu, ordea; eta denak ez dituzte propio kontratatu: langile askok aparteko orduak egin dituzte lan hori betetzeko”.

Osasun etxeetan ere plataformaren salaketarekin bat egin dute langileek. Lesakako zentroko kideek, adibidez, oharra plazaratu dute “prekaritate egoera” salatzeko. Pandemiaren eraginez, egoerak “okerrera” egin duela erantsi dute. Urriaren 1az geroztik, hain zuzen, hainbat lanpostu hutsik dituztela jakinarazi dute; Lesakan ez ezik, Beran eta Arantzan ere, bertzeak bertze, badira bete gabeko postuak.

Iruñeko Sanduzelai auzoko osasun etxean ere egoera “kaskarra” da, langileek eta herritarrek salatu dutenez. Telefono bidezko arreta “inposatu” dietela argitu nahi izan diete osasun etxeko kideek bizilagunei, hain zuzen ere. Mendazak gogoratu du UPN saiatu zela, bere garaian, telefono bidezko arretaren eredua ezartzen. 2015ean boterea galdu eta gero, “ezin izan zuen egin”.

Nafarroako Osasun Plataformak argi du gakoa dela osasun sistema publikoan ezarri nahi den eredua; duela hamar urte sortu zuten plataforma hori osasunaren esparruko hamaika eragilek, eta, orduan bezala, “prebentzioa eta hezkuntza” indartzeko beharra nabarmendu dute, eta “funtsezkotzat” jo dute oinarrizko arretak zeregin horretan duen rola. Oraingo gobernua deitu dute prebentzioaren eta hezkuntzaren eredu horrekin bat egitera.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek onartu du “oinarrizko arreta hobetzeko beharra”, hain zuzen ere,eta neurriak iragarri ditu Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian: 11 osasun etxetako harrera zerbitzuko lantaldeak sendotuko dituzte, batetik; eta, bertzetik, hemezortzi erizain eta 26 teknikari kontratatuko dituzte. Indurainek garbi erran du: “Kontratu berriekin batera, zerbitzu telematikoak eta telefono bidezkoak sendotuko ditugu”.

Argazkiak: Nafarroako Osasun Plataforma.