Edurne Elizondo
Euskara maite dute, eta hizkuntza horren aldeko jarrera sustatu nahi dute, abestien bidez. Helburu horrekin sortu zen Tutera Kantuz abesbatza, 2005ean. Urte hartako udazkenean, Elena Etxezarretak eta bertze hainbat kidek egin zuten bat, Argia Ikastolako haurrak Olentzeroren bestan laguntzeko. Musikaz harago, abesbatzak batzorde bat sortu du hizkuntzaren ingurukoak jorratzeko asmoz. Gaurko antolatu zuten lehen ekinaldia Burgosko (Espainia) Unibertsitateko irakasle Eneko Iriarteren hitzaldia, baina bertan behera utzi behar izan dute, koronabirusaren pandemiagatik. Lanean jarraitzeko asmoz dira, halere, batzordeko kide Joaquin Aramendiak nabarmendu nahi izan duenez (Tutera, 1949). Euskara eta kantua maite dituelako da abesbatzako kide.
Nola ailegatu zara taldera?
Erretiroa hartu nuenean, Elena Etxezarreta kideak jo zuen niregana. Parte hartzera animatu ninduen, eta baietz erran nion.
Aspaldikoa duzu musikarako zaletasuna?
Bai, baina erretiroa hartu eta gero, zerbait egiteko beharrak eraman ninduen abesbatzarekin bat egitera, musikarako zaletasun horrek baino gehiago.
Tutera Kantuz izena du taldeak; asmoen deklarazio bat da, bere horretan.
Hala da, zalantzarik gabe. Gure abesbatzaren barruan betidanik egon dira bi pasio nagusi, eta pasio horiek hizkuntzak dira: hitz egiten dugun hizkuntza, eta kantatzen duguna. Hizkuntzen artean, gaztelania bazter utzi gabe, noski, beti izan dugu euskararekiko halako maitasun berezi bat. Eta euskara landu nahi izan dugu Tuteran eta Erriberan, oro har, egiten diren bestetan eta kultura jardueretan.
Nolako besta eta jardueratan, adibidez?
Olentzeroren bestan, adibidez. Abesbatza, hain zuzen ere, 2005eko Olentzeroren bestaren inguruan sortu zen. Argia Ikastolako kideak laguntzeko abesti batzuk prestatzen hasi zen Elena Etxezarreta, eta horrela jarri ziren martxan. Urte luzez zuzendu du Etxezarretak abesbatza, ardura alde batera uztea erabaki zuen arte.
Euskarari buruz gehiago jakiteko nahiak eragin dio zuen lanari?
Bai. Guk ez dugu bakarrik euskaraz abesten, baina gure errepertorioko zati handi bat euskaraz da; gaztelaniaz eta latinez ere aritzen gara. Kontua da, kantuez harago, guretzat euskara gure kultur ondarearen parte dela. Euskararen inguruko asmo gaiztoko intoxikazioak gainditu nahi ditugu; intoxikazio horiek hizkuntza duela gutxiko gatazkekin lotu dute, baina ez da hala izan beti.
Euskararen inguruko jarrera aldatu da?
Nik gogoan dut gure aitonak anitz maite zuela musika, eta anitzetan Donostiara joaten zen euskarazko abestiak entzutera. Izugarri maite zuen euskara entzutea. Denbora labur batean, gauzak anitz aldatu dira hemen, eta gure asmoa da euskara berriz ere gure ondare kulturalaren parte gisa aldarrikatzea.
Lan zaila da?
Ez da erraza, memoria laburra dugulako, nire ustez. Iruditzen zait Erriberan hotz bilakatu garela euskararen inguruko kontuetan, eta horri aurre egiteko sortu dugu hizkuntzaren inguruko batzorde propioa abesbatzaren barruan.
Zein da zuen helburua?
Gure oinarria, esaldi baten bidez laburbildu dugu: euskara ezagutu behar dugu, maitatzeko; eta maitatu behar dugu, zaintzeko. Taldeko hainbat kide hasi dira euskara ikasten, baina, horretarako, uste dugu behar dugula hizkuntza maite. Eta horretan ari gara. Hizkuntza baten kontrako sentimendua baduzu, ez baduzu zure ondaretzat hartzen, nekez ikasiko duzu. Herritarrek euskara maite dezaten lortu nahi dugu, eta asmo horrekin ari gara batzordean.
Zer-nolako lan ildoak zehaztu dituzue?
Euskararen inguruko ekinaldiak antolatu nahi ditugu, bi auzi ardatz hartuta: zorrotz jokatzea eta lotura afektiboak lortzea. Hau da, seriotasunez heldu nahi diogu euskararen auziari, eta jendea ukituko duten gaiak landu. Lehendabizikoa egin behar genuen, eta Burgosko Unibertsitateko irakasle eta Atapuercako ikerlari Eneko Iriarteren hitzaldia antolatu genuen, baina bazter utzi behar izan dugu, koronabirusaren pandemiagatik.
Egungo osasun krisiak eragin dio zuen egunerokoari?
Bai. Entseguetan sumatu dugu eragina, adibidez. Karrikan egin behar izan ditugu. Eguraldi txarra egiten duenerako badugu bertze aukera bat: abesbatzako presidente Goyo Villarren etxabeko patioa, handia eta estalia baita. Gainera, Iriarteren hitzaldia laguntzeko egin dugun jotaren estreinaldia atzeratu behar izan dugu. Ibai Armendarizek eta Goyo Villarrek sortu dute: Atapuercako jota. Zera azaldu nahi du: Erriberako fundatzaileek euskaraz ulertzen zutela elkar.
Emanaldi anitz utzi behar izan dituzue bertan behera?
Bai. Abenduan, Nafarroaren Eguneko kontzertuan aritzen gara urtero, eta oraindik ez dakigu aurten zer gertatuko den. Dena dago airean. Guretzat kolpea izango litzateke ez egitea, hori baita abesbatzak urte osoan duen diru sarrera nagusia. Bada ziurgabetasuna, baina lanean jarraituko dugu.