Zaharren memoria jasotzeko proiektua hasi du Gaz Kalok

Zaharren memoria jasotzeko proiektua hasi du Gaz Kalok

Edurne Elizondo

Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioko kideak hasi dira “aspaldiko” asmo bat egia bilakatzen: Palabra gitana (Ijitoen hitza) izenburuko proiektua jarri dute martxan, Labrit Multimediarekin batera, zaharren memoria jaso, gorde eta zabaltzeko. Nafarroako Gobernuak diruz lagundu du egitasmoa.

Gaz Kaloko kideek herrialde osoko zortzi pertsona aukeratu dituzte ijitoen hitza irudi bizi bilakatzeko. Zortziak elkarrizketatuko dituzte, Labrit etxekoen kameren aurrean. Lanak aldarrikapenerako asmo garbi bat dauka: “Ijitook ez gara inon agertzen; bazter utzi gaituzte. Lan honen bidez, guk ere zer erran badugula erakutsi nahi dugu”, nabarmendu du Gaz Kaloko arduradun Ricardo Hernandezek. “Batetik, zaharren bizipenak eta testigantzak jaso nahi ditugu, eta erreferente bilakatu; eta bertzetik, zaharron kontakizunak lotu nahi ditugu ijito gazteen egunerokoarekin”. Adibide bat aipatu du egin nahi duten zubi lana azaltzeko: “Hemeretzi urteko Silvia Jimenez ari da proiektuan lanean; emakume gaztea da, unibertsitatean hasi berri dena”.

Aitortza

Gazteek zer entzun eta zer erran badutela erantsi du Hernandezek. Eta payo-ek ere bai. Izan ere, Gaz Kalo federazioak bi norabideko lana egin nahi izan du: “Ijitoontzat garrantzitsua da gure memoria jasotzea, garena aitortzea; eta hori guztia payo-ei erakutsi nahi diegu. Gizartearen parte gara, baina garrantzitsua da gure errealitatetik aritzea, hainbat mendez isilarazi gaituztelako”, erran du Hernandezek.

Irailean hasi ziren elkarrizketak filmatzen; asteon egin dute bosgarrena, eta asmoa da hil honetan amaitzea. Lana bukatu eta gero, helburu nagusia da “memoria zabaltzea eta lantzea”. Hezkuntzan erabiltzeko material “egokia” izan daitekeela erran du Gaz Kaloko kideak, bertzeak bertze. Asmo horretaz harago, halere, Hernandezek nahiko luke lanak aukera ematea ijitoei zor zaien “aitortza” egiteko.

Argazkia: Gaz Kalo.