Enpresako zuzendaritzak hiru hilabetez atzeratuko du Castejongo lantegia ixteko erabakia, trenbide merkatuan kontratu batzuk lortzeko aukera ikusita. Langileek ABEEtan segituko dute.
Uxue Rey Gorraiz
Negoziazio epea bukatzear zela heldu da berria: hiru hilabetez geldiaraziko dute Castejongo Trenasaren itxiera. Enpresak atzera egin ez balu, 110 langile kalean geldituko ziren urte amaierarako; bihar ziren erdiak kaleratzekoak. Miguel Angel Molina (Corella, 1980) langileen batzordeko presidenteak azaldu duenez, oso pozik dira lortutakoagatik, baina nabarmendu du zuhurtziaz jokatuko dutela.
Espero zenuten horrelako plan aldaketarik?
Itxaropena genuen, baina argi genuen oso zaila zela halakorik gertatzea. Ustekabean heldu da berria. Hain justu, negoziazio bilera bat egitekoak ginenean izan genuen erabakiaren berri. Komunikatu baten bidez jakinarazi ziguten Trenasaren itxiera hiru hilabetez geldiaraziko dutela.
Zergatik erabaki du CAFek itxiera geldiaraztea?
Espainiako trenbide merkatuan kontratu batzuk ixteko aukeraren zain dago; hau da, saiatuko da Renfek adjudikatu behar dituen kontratu erraldoi horiek lortzen.
Hain zuzen, aurretik ere bazen susmoa Trenasaren itxiera bera kontratu hori eskuratzeko saiakera bat izan zela.
Bai. Susmo hori hartu genion orain arte zuten asmoari. Dena dela, hasieratik uste izan dugu zaila zuela itxieraren bidez halakorik lortzea. Ez zait iruditzen 110 langile aski direnik halako tamainako kontratu baten gaineko esleipena aldatzeko. Orain ez dakigu zer gertatuko den.
Nola daude langileak oraintxe bertan?
Erretiratu dute langile guztiak kaleratzeko espedientea, eta datorren urtarrilaren 31n hitz eginen dugu berriro. Hala ere, nahiko estu gabiltza lan aldetik, eta ziur aski aldi baterako lan erregulazioan segitu beharko dugu, edo, bestela, tokatuko zaigu malgutasuna emanen digun beste neurriren bat negoziatzea datozen hiru hilabeteetarako. Ez digute ia informaziorik eman.
Zer sentsazio duzue?
Sekulako arindua hartu dugu, baina ezin dugu erabat ospatu oraindik. Borroka irabazi dugula ematen duen arren, ezin dugu pentsatu dena egina dagoenik, ez baitakigu urtarrilean enpresak zer kontatuko digun; ez dakigu zer gertatuko den kontratu horiekin, lantegiak irekita jarraitzen badu ere ea aski izanen den 110 langileek segitu ahal izateko. Goiz da ezer ondorioztatzeko.
Bilduko zarete enpresarekin baldintzei buruz hitz egiteko?
Ahalik lasterren hasiko gara kontua aztertzen. Gure lankideetako hamabost, aldi baterako kontratuekin ari dira lanean, eta ez dakigu zer gertatuko den haiekin. Bilerak izanen ditugu Trenasaren zuzendaritzarekin, baina hemendik aurrera ez du etorri beharko CAFen abokatuak.
Greba luzea egin duzue, eta protesta ugari antolatu dituzue denbora honetan. Presio sozialak izan du ikustekorik enpresaren erabakian?
Baietz uste dut. Babes handia jaso dugu, herritarrengandik eta hedabideengandik, batez ere. Esaterako, joan den larunbatean 500 lagun inguru bildu ginen Castejonen, eta CAFen beste lantegietan ere izan dituzte elkartasun keinuak Trenasarekin: ordubeteko lanuzteak egin dituzte. Bestalde, itxiera geldiaraziko zutela jakin aurretik, zenbait langile itxialdia egiten aritu dira Castejongo udaletxean; seiko taldeetan, eta 24 ordutik behin txandak eginda. Imajinatzen dut horrek guztiak ere presioa eragin duela.
Enpresako zuzendaritzak argudiatu zuen arrazoi ekonomikoengatik itxiko zutela Trenasa. Inoiz ez duzue onartu hori.
Esaten dute ekonomiarengatik itxiko dutela lantegia. Ez omen zaie errentagarria; galera ekonomiko handiak sortzen omen ditu Trenasak CAFentzat, eta litekeena da lantegi hau ez izatea beste batzuk bezain errentagarria, baina hori urteetan egindako kudeaketa okerrari zor zaio: CAFek ez du ongi banatzen lana dituen lantegien artean.
Zer egin izan du zehazki Castejongo lantegiarekin?
Beti guk egiten ditugu denbora gehien eskatzen duten baino irabazi txikiagoa dakarten lanak. Esaterako, azkenaldian denbora luzea eman dugu auto baten prototipoa sortzen, eredu hori gerora Mexikora bidaltzeko. Ordu mordoa sartu dugu horretan, baina Mexikon garatuko dute proiektua. Gainera, guk kalkulu bat egin dugu, egindako lanorduei erreparatuta, eta ondorioztatu dugu CAFek 29 milioi euro inguru aurreztu dituela gurekin, lanordua ordaintzea merkeagoa zaielako Trenasan beste lantegietan baino. Desagerrarazten bagaituzte, azkenean ikusiko dute garestiago aterako zaiela.
Zer kalte egin dizue CAFek Poloniako Solaris erosi izanak?
Kolpe latza izan zen. Guri esan ziguten autobus elektrikoen ekoizpena giltzarri izanen zela etorkizunean, eta, gainera, esan ziguten proiektu hori Trenasarena izanen zela, esklusiboki. Izan ere, trenen muntaketa lanarekin aritzen ginean, ezurteetan, beste lantegietara bidaltzen zuten lana. Kasu honetan, ordea, ezin izanen zen horrelakorik gertatu, guk bakarrik egiten genituelako autobusak. Baina Poloniara jo dute.
Zer ondorio ekarriko lituzke lantegiaren itxierak Erriberan?
Desastre hutsa litzateke, eta ez lantegiko langileengatik bakarrik. Inguruko enpresak ere gogor zigortuko lituzke itxierak. Asko galduko genuke guztiok.