Pobreziaren Aurkako Sareak nabarmendu du pobrezia kronifikatu dela. Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako azkeneko txostenak ez du jaso birusaren eragina.
Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarri ditu Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako azkeneko (2018ko) txostenaren emaitzak, eta datu bat nabarmendu du: pobrezia gorrian diren herritarren kopuruak behera egin duela, alegia: ia 37.000 dira orain populazioaren %5,7, eta ia 49.000 ziren aurreko inkestaren arabera herritarren %7,6.
“2019an, ia 12.000 pertsonak lortu dute pobrezia gorria gainditzea”, nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk, txostenaren aurkezpenean. Behatokiak, zehazki, 2018ko datuak aztertu ditu, eta, ondorioz, txostenak ez du koronabirusaren pandemiaren eragina islatzen.
“Behatokiaren txostenak tresna onak dira dauden joerak ikusteko, baina, horretaz harago, beharrezkoa da egunerokoari aurre egitea”. Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareko arduradun Lydia Almirantearenak erran ditu hitz horiek, eta horixe egin du sareak: koronabirusak eragindako krisiaren aurkako plan bat aurkeztu du, Nafarroako Gobernuari eskatzeko neurriak har ditzala, “lehenbailehen”.
Pobreziaren aurkako sarean bat egiten duten elkarteek bi auzi nabarmendu nahi izan dituzte: batetik, datuek erakusten dutela pobrezia “kronifikatzen” ari dela; eta, bertzetik, martxoan piztutako krisiaren ildotik, agerikoa dela pandemiaren eragina “arlo guztietan sumatzen” dela, eta behar dela, ondorioz, “arlo guztietan ekin”. COVID-19aren osasun krisiak “hamaika adar” ditu, eta “bereziki” eragiten die aurretik egoera zaurgarri batean ziren kolektiboei, Almirantearenak azaldu duenez.
Pobreziaren aurkako sareko kideak “ontzat” jo du egoera gorrian direnen kopuruak behera egin izana, baina garbi utzi du oraingo datuak 2008ko krisiaren aurrekoak baino txarragoak direla. “Egoerak hobera egin du azken urteotan, baina ez behar bezainbertze. 2008ko krisiak eta oraingoak bat egin dute”.
Izan ere, 2007an, Nafarroako herritarren %4 ziren pobrezia gorrian; 2013an, %10,9koa zen datua. Geroztik, behera egin du kopuruak, baina inoiz ez 2007ko ehunekotik beheiti.
“Aldatzeko denbora”
Datu hotzen atzean hezur-haragizko pertsonak daude. “Ezin dugu hori ahaztu”, erran du Lydia Almirantearenak. Horregatik, sareko kideek “ausardiaz eta konpromisoz” jokatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Almirantearenak onartu du “zaila” zaiola baikor agertzea, Nafarroako lehendakari Maria Txibitek herrialdea berreraikitzeko aurkeztutako Reactiva planak ez baitu “esparru sozialeko neurririk”jasotzen. “Halere, bada denbora aldaketak egiteko”, erantsi du sareko kideak.
Aldaketa horiek eragiteko asmoz egin du Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak plana, eta Nafarroako Gobernuko departamentu guztiei eskatu die inplikatzeko. “Beharrezkoa da modu transbertsal batean aritzea”.
Jasotako proposamenen artean, enpleguaren, formakuntzaren, etxebizitzaren, hezkuntzaren eta osasunaren arlokoak dira nagusiak. Sareak, gainera, gazteak bereziki hartu ditu kontuan plana osatzerakoan, eta haien inguruko zenbait auzi jarri nahi izan dituzte erdigunean: batetik, formakuntza eta enplegua uztartzeko beharra: “Praktikak eta lana batzeko baliabideak behar dira”, adierazi du sareko kideak. Bertzetik, nabarmendu du “funtsezkoa” dela oraingo osasun krisiak gazteengan izan duen eraginari buruzko diagnostikoa egitea, pandemiaren ondorioei aurre egin ahal izateko: “Haur eta gazteei anitz eskatu zaie hilabeteotan, eta ez dakigu egindako ahaleginak zer ondorio izanen duen”. Oro har, sareko elkarteek herritarren adimen osasuna zaintzeko neurriak eskatu dituzte. Espetxeetan dauden herritarren egoerari erreparatzeko ere galdegin dute sareko kideek.
“Pertsona jarri behar dugu erdigunean, egun dauden arrakalak gainditu ahal izateko; arlo guztietatik egin behar zaio aurre pobreziari”, erranez bukatu du Lydia Almirantearenak.