Lur Albizu Etxetxipia
J oan den asteburuan jarri zen martxan Errigoraren aurtengo kanpaina. Non, eta Mendigorrian, aurten euskararen aldeko borrokan Nafarroan leku sinbolikoa izan den horretan.
Euskarari puzka aritzen den kanpainak ez du gutxi bultzatzen. Euskararen alde ari diren mugimenduak: ikastolak, euskaltegiak, guraso elkarteak… Errigora asko izan da duela urte batzuetatik hona Nafarroako hegoaldean, eta, nire ustez, onena hau da: asko izaten jarraituko du, eta hazten ari den proiektu bat da.
Zabaltzen ari den zerbait. Urtez urte sorpresa berriak ekartzen dizkiguna. Pixkanaka, lurra hartzen eta lur berriak irekitzen ari den haizea.
2020ak albiste txarrak besterik ekarriko ez dizkigula ematen duen honetan, arnasa hartzeko aukera ematen dit, niri behintzat, Errigorak. Moldatzeko gaitasunak eta duela urte batzuk hartu zuen bidearekin jarraitzeko erak.
Aurtengo honetan, bi elementu azpimarratuko nituzke nik. Alde batetik, balio erantsia duten saskiak izanen ditugula: saski bakoitzeko bost euro gehigarri AEKri, Seaskari eta Sortzen elkarteari laguntza emateko izanen baitira. Aurten bertan behera utzi behar izan dituzten ekinaldiak arintzeko modu bat, berriz ere herri gisa eta komunitate gisa hainbeste ematen diguten horiei laguntza txiki bat emateko modua.
Beste alde batetik, Agerraldia ibilbide bat egiten ari dela. Ezagutza bultzatzen, erabilera sustatzen eta euskararekiko aldekotasuna pizten, urratsez urrats eta diskriminazioaren lurralde izan den eremu zabal horretan guztian.
Arnasa hartzeko modu bat da Agerraldia, baina geratzeko etorri dena, nire ustez, eta euskara azken txokoraino barreiatuko eta hauspotuko duena. Lekuan leku eta herriz herri, bertako herritarren beharrei erantzuten diena, eta, gainera, erabateko elkarlanean sustatua, bizilagunekin, eragileekin, norbanakoekin, taldeekin…
Auzolan erraldoi bat ere bada Agerraldia, nolabait; orain, beharbada, ezinen dugu esan noraino helduko den, zer ibilbide izanen duen eta nola garatuko den. Baina seguru nago bide hori luzea izanen dela, egoeretara egokitzeko gaitasuna erakutsiko duela, eta sorpresa bat baino gehiago emanen dizkigula, gainera.
Eta hori guztia, 2020. urte honetan, ez da gutxi, inondik inora ere: asko baino gehiago da, hain zuzen ere. Euskara plazara ekartzea eta Ager Vasconumen izatea ez da lan makala. Ekarriko ditu bere fruituak: Garestik Cortesera eta Zangozatik Vianara. Antolatzaileek dioten bezala, periferiatik erdigunerako bide bat egiteko.
Gazte inkonformista batzuek esaten duten bezala, Euskal Herria Ager Vasconumen hasten da. Bizitza hain zaurgarri eta hauskor bilakatzen ari den honetan, proiektu erraldoiak egiteko gai izaten jarraitzeak badu meritua, eta baditu, batez ere, aurrera egiteko behar diren osagai horiek: konpromisoa, maitasuna, lana eta esfortzua. Eta bai, jaten dugun hori gara, baita egiten duguna ere. Horregatik, mila esker, Errigora.