Paseo bat eman nahi dute, bertzeek bezala

Zainduz elkartea sortu dute zahar etxeetako egoiliarren senide batzuek, haien eskubideak defendatzeko asmoz; manifestaziora deitu dute biharko, 12:00etan, Iruñeko Erruki Etxearen aurrean. Egoitzen barruko neurriak malgutu ditzaten eskatu, eta pertsona erdigunean jarriko duen eredu publiko.

Edurne Elizondo

Ez du deus falta, baina dena falta du. Hori da Andresa Azpirozek Iruñeko Erruki Etxean duen sentsazioa. Gloria Lakidain Azpiroz bere alabaren bitartez zabaldu nahi izan du zahar etxeko giroa: “Zaintzen gaituzte, bai. Baina nik paseo bat eman nahi dut, bertzeek bezala. Itxita gaude”.

Azpirozen familia da Nafarroan sortu berri duten Zainduz elkarteko kideetako bat. 30 familia inguruk egin dute bat zahar etxeen egoera salatzeko, eta egoitza horietako egoiliarren eskubideak defendatzeko. “Kolektibo isila eta isilarazia da zaharrena”.

Zaharren ahotsen bozgorailu izateko sortu dute senideek Zainduz; manifestaziora deitu dute biharko, 12:00etan, Iruñeko Erruki Etxean. Batetik, elkarteko kideek eskatu dute egungo osasun krisiagatik zaharren egoitzetan indarrean diren neurrien inguruko gogoeta egin eta neurri horiek malgu ditzaten; eta, bertzetik, zahar etxeetarako pertsona erdigunean jarriko duen eredu publiko bat aldarrikatu dute, pandemiak agerian utzitako gabeziak gainditzeko. “Helburua dirua denean, egoiliarrak dira galtzaile”.

Azkeneko asteotako datuek erakutsi dute pandemiak okerrera egin duela, eta martxoko egoerara itzuliko ote diren beldur dira zahar anitz.

GLORIA LAKIDAIN AZPIROZ
“Gure zaharren osasun emozionala eta mentala erabat bazter utzi dute”

Gloria Lakidain Azpirozek egunero hitz egiten du amarekin, Andresa Azpirozek sakelako telefono propioa duelako. Iruñeko Erruki Etxeko hesira joaten da egunero, gainera, ama lorategira ateratzen denean ikusi ahal izateko. “Etsita dago. Beldur nagusi bat du: berriz ere gelan itxi behar izatea, martxoan bezala”.

Azpiroz duela bi urte ailegatu zen Erruki Etxera. “Egoiliarrak beren geletan itxi zituztenean, amak handik ateratzeko eskatu zigun; geldituz gero, hilko zela. Ez gaitzak jota, baizik eta penaz”, azaldu du Lakidain Azpirozek. Hiru hilabeteko baimena eskatu zuen lantokian, eta, bertze senideen laguntzarekin, ama zaintzeko aukera izan zuen. Uztailaren 20an itzuli zen zahar etxera; urriaren 2tik, egoitzaren hesitik kanpora ezin dira atera egoiliarrak, eta bisitak jasotzeko aukerarik ere ez dute.

“Herritarrentzat gomendio direnak, zahar etxeetako egoiliarrentzat agindu zorrotz bilakatzen dituzte. Itxita ere ez dute lortu birusa zahar etxeetan ez sartzea, eta bakartzeak eragin dizkien kalteak ez dituzte kontuan hartu”, salatu du Azpirozen alabak.

Martxoko konfinamendu gogorrak utzitako aztarnak agerikoak direla azaldu du Lakidain Azpirozek: “Ibiltzeko gai zenak orain makulua behar du, eta makulua zuenak, aulkia”. Dementziaren bat jota direnek inolako estimulurik ez dute jaso denbora luzez, “eta sumatzen da”. “Gure zaharren osasun emozionala eta mentala erabat bazter utzi dute”.

BIXEN GOMEZ
“Langileek ahal zutena egiten zuten, baina baliabideak urriak ziren”

Bixen Gomezen ama apirilaren 5ean zendu zen, Iruñeko Oblatasko zahar etxean. Semea azken agurraren orduan deitu zuten, egoitzara joan zedin. Buruan eta bihotzean iltzatuta gelditu zaizkio egun hartakoak. “Ailegatu nintzenean, Iratxe beilatokian lan egiten duen lagun batekin egin nuen topo. Lur jota zegoen. ‘Hilotz bat jasotzera etorri naiz, eta hiru eramanen ditut; gainezka gaude’, erran zidan”.

Egoitza barruan, zuzendaria aurkitu zuen Gomezek pasabidean. “Egoitzako bertze langile batzuekin zegoen; elkarri begira gelditu ginen denok, eta negarrez hasi ginen”. Behar bezala jantzi eta gero, gelan sartzen utzi zioten. Ordu luzez egon zen amaren ondoan. “Sedatuta zegoela erran zidaten, baina nik ez nuen hagitz lasai sumatu. Eskutik heltzen nion, muxuak ematen nizkion, baina beldur nintzen. Egoerak gainezka egin zidan; desesperatuta nengoen; inork erran baino lehen, alde egin nuen. Ezin izan nion eutsi”.

COVID-19arekin gaixotu zen Gomezen ama, baina ez zuen sintoma larririk izan. Hobera egin eta gero, hanka batean izandako enboliak eraman zuen. Alzheimerrak jota zen emakumea, eta horregatik eraman zuen familiak zahar etxera, hamalau urtez etxean zaindu eta gero.

Pandemia ailegatu zeneko kezka fresko du buruan Gomezek. Bisitak murriztu zituztenekoak, eta egoiliarrak nor bere gelan itxi zituztenekoak, azkenean. “Hilabete eta erdiz egon ginen ama ikusi gabe. Erraten dute alzheimerra dutenak ez direla gertatzen denaz ohartzen, baina ez nago ados. Ezagutzen ez gintuenean ere, amak sentitzen zuen zaintzen genuela, eta eskertzen zuen. Hamaika bideo ditut zahar etxean grabatuak; ama barrez eta kantuan ageri da”.

Hori guztia pandemiarekin batera desagertu zen. Osasun krisiak eragindako ziurgabetasuna bereziki sentitu zutela dio Gomezek. “Egoitzako arduradunek erraten ziguten Nafarroako Gobernuak ezarritako neurriak bete bertzerik ez zutela egiten; gobernutik ez zen inolako biderik ezarri senideokin harremanetan izateko. Informazioa behar genuen, eta ez genuen jasotzen”. Egoerak, gainera, agerian utzi zituen aurretik zeuden bertzelako gabeziak: “Langileek ahal zutena egiten zuten, baina ezin zuten behar bezalako arreta eman, baliabideak urriak zirelako”

Gomezek argi du “berehalako” neurriak behar direla, eta horregatik egin du bat Zainduz elkartearekin. “Psikologoak behar dira zahar etxeetan, eta senideei informazioa helarazteko bideak behar dira, eta familien iritzia kontuan hartu behar da”. Urgentziazko auziez harago, Gomezek garbi dauka zahar etxe anitzetan dauden egungo gabeziak indarrean den ereduaren ondorio direla: “Egoitza handiak egiten dira, dirua irabazteko asmoz. Zaharren interesak lehenetsiko dituen eredu publiko bat behar dugu”.

AMAIA M.
“Zaharrek ahalegin handia egin dute, eta horrek baditu ondorioak”

Amaiaren gurasoek duela hamazazpi urte erabaki zuten zahar etxe batera joatea. Aita duela hamabi zendu zen, eta amak egoitzan segitzen du, El Vergel zahar etxean. Amaia ez du benetako izena. Nahiago du ez erran, ama egoitzan izan ditzakeen ondorioen “beldur” delako. “Ez mugitzeko eskatu digu”.

Pandemia ailegatu aurretik, familiak egunero egiten zion bisita. “Burua ederki du; beti bazen norbait amarekin, paseoak emateko, laguntzeko”, azaldu du Amaiak. Koronabirusak dena jarri du hankaz gora, eta aurrean aurkitu duen egunerokoa “biziki gogorra” dela nabarmendu du: “Batetik, eskertzen dugu gure gurasoak kutsa ez daitezen egiten duten ahalegina; baina, bertzetik, konturatzen gara zaharrek egin beharreko ahalegina hagitz handia dela, eta badituela bertzelako ondorioak”. Martxoan alarma egoera ezarri zenean, ekainera arte egon ziren senideak zahar etxera bisitak egin gabe. Abuztuaren 19tik, astean behin joaten hasi ziren: “Pertsona bakarra joaten ahal zen, eta bakarrik ordubetez”. Urriaren 2tik, ezta hori ere.

Egoera hori dela, Amaiak eta haren senideek ezin dute egon deus egin gabe. Amak ez mugitzeko eskatu arren, Zainduz elkartean dira, egoitzen barruko baldintzak hobetzeko asmoz. “Ematen du zaharrek beren eskubideak galtzen dituztela sartzen direnean. Jarduera oro moztu diete; egonean dira, etsita, eta familia ikusi gabe. Tristuraz hiltzeko beldur da ama”.

Amaiak argi du baliabide kontua dela konponbide nagusia: “Langileek ahal dutena egiten dute. Behar dira baliabideak, bisitak jaso ditzaten segurtasunez, eta beren eguneroko jarduerekin jarraitzeko aukera izan dezaten”.

LEIRE A.
“Ez dute deus egin; sistemak ez ditu zaharrak kontuan hartzen”

Amaiaren amak duen kezka bera du Leirerenak ere: “Protestarik ez egiteko eskatu digu; kexatuz gero, zahar etxetik botako ote duten beldur da”. Horregatik, Amaiak bezala, nahiago izan du benetako izena ez eman. Eta hark bezala, amak kontrakoa eskatu arren, Zainduz elkartearekin egin du bat, amak dituen kezkak eta beldurrak uxatuko dituen zahar-etxe eredu baten alde lan egiteko. Zaharren egunerokoan ezarri dituzten neurrien inguruan, Leirek garbi du bere sentimendua hobekien azaltzen duen hitza zein den: “Krudelkeria”.

“Amaren osasun mentalari eragin dio gertatu den guztiak; egun oro azkena izan daiteke zaharrentzat, eta gozatzeko aukera behar zutenean, senideen bisita edo laztana jasotzekoa ere ukatzen diegu”, erantsi du Leirek.

Burlatako Landazabal zahar etxean da haren ama. Pandemiak “aurretik” zeuden arazoak “are larriago” bilakatu dituela azaldu, eta osasun krisiaren “aitzakian” gertatu direnak gogor salatu ditu: “Lehendik eskasa zen lantaldea, eta orain are gehiago; egoiliarrak beren geletan bakartu zituztenean, ezin onar daitezkeenak gertatu ziren: nire ama berea ez zen gela batean itxi zuten, adibidez”.

Zalantzan jarri du Leirek zahar etxeetan indarrean diren neurri anitz “legezkoak” ote diren, eta saminez erran du zentroko arduradunek ez dituztela egoiliarren interesak defendatu, neurri horien aurrean: “Ez dute deus egin. Sistemak ez ditu pertsonak kontuan hartzen”.

MARI JOSE ARMENDARIZ
“COVID-19a baino ez dago; gainerakoak desagertu egin dira”

Mari Jose Armendarizen amak alzheimerra du, eta aulki bat behar du mugitzeko. Gaitzak baino gehiago eragin diote koronabirusaren pandemiak Tafallako zahar egoitzan ezarritako murrizketek, halere, alabaren ustez: “COVID-19a baino ez da existitzen; ematen du gainerako gauza guztiak desagertu egin direla”. Egoiliarren kalitatezko bizi baldintzei eusteko behar den lana eten da pandemiaren ondorioz, eta neurriek ezarritako murrizketek “etsipenez eta tristuraz” bete dute zahar etxea. Urriaren 2tik, egoitzako hesiaren bertzaldetik ikusi behar du Armendarizek ama, aukera ematen diotenean. “Hilabeteotan jaso ez duen arretak eragin dio, eta gero eta zailagoa zaio komunikatzea; maskararekin, eta hesien artean, gainera, dena da are zailagoa”.

“Gizarteari ez zaizkio zaharrak inporta, eta Nafarroako Gobernuari ere ez. Segurtasun neurriak hartuta, eta baliabideak jarrita, posible da gure zaharrak bertze modu batera artatzea. Osasun krisia hasi zenetik ukatu diegu herritik paseatzeko aukera, ukatu diegu senideen eskuari heltzeko aukera”, erran du, saminez.

Bisiten auzia “lehenbailehen” konpondu behar dela garbi du Armendarizek. “Egoiliarrek senideen berotasuna sumatu behar dute; gobernuak malgutasunez jokatu beharko luke, eta behar diren baliabideak jarri, gure zaharrak bakarrik egon ez daitezen. Gizarteak abandonatu dituen sentsazioa dut”.

Zahar etxetik informazioa jasotzen dutela azaldu du Mari Jose Armendarizek, baina egoitzako arduradunei eskatu die presioa egin dezatela Nafarroako Gobernuak murrizketak arindu ditzan. “Zaharrek duintasuna behar dute egoitzetan; kalitatezko bizi baldintzak, eta familiaren berotasuna”.

Argazkia: Sylvain Sencristo.