Eunate elkarteak eskatu du baimendu dezatela maskara gardenen erabilera

Eunate elkarteak eskatu du baimendu dezatela maskara gardenen erabilera

Kideek azaldu dute maskarak komunikazioa «zaildu» diela; bi maskara mota onetsi dituzte.

E. Elizondo

Eunate entzumen desgaitasuna duten pertsonen familien elkarteak kanpaina bat hasi du, osasun krisia dela-eta “lehenbailehen” baimendu dezaten maskara gardenen erabilera. “Pandemiarekin itzuli egin dira jada existitzen ez ziren oztopoak”, nabarmendu du elkarteko arduradun Mari Luz Sanzek. Maskara erabiltzeko aginduak gorren komunikazioa “anitz” zaildu duela azaldu du, eta arazo horri aurre egiteko egin dutela maskara gardenen alde. Maskara horiek, baina, ez dute administrazioaren oniritzia jaso, oraindik ere.

“Maiatzetik ari gara lanean; gakoa da nahasmen handia dagoela maskaren etiketekin eta behar dituzten baimenekin”, erran du Sanzek. Maskara erabiltzeko beharrak “martxan” jarri zituen Eunateko kideak, berehala, eta zenbait tokitan egindako maskara gardenak probatu dituzte azken hilabeteotan, egokienak aukeratzeko asmoz. Egun, bi mota onetsi dituzte. “Biak dira oihalezkoak”, azaldu du Sanzek. Bat Katalunian egiten dute, eta bertzea, berriz, Espainian. Eunateko kideen helburua zera da, gisa horretako maskarak erabil ditzatela hezkuntzan eta, oro har, herritarrak artatzen dituzten zerbitzu publiko guztietan.

“Ustez gaixo ez gauden herritarrok maskara higienikoak erabil ditzakegu; horiek ez dute inolako ziurtagiri berezirik behar; Espainiako Gobernuak berak agiri bat onartu du hori azalduz; ziurtagiririk behar ez dutela, alegia. Guk bultzatu nahi ditugunak maskara higienikoen parekoak dira, baina guri ziurtagiri bat eskatzen digute. Horrek ez du zentzurik”, esan du Mari Luz Sanzek.

Eunateko arduradunak argi du maskara horiek ezin izanen direla toki guztietan erabili: “Osasun zerbitzuetan, akaso, gehiago kontrolatu beharko da erabiltzen den maskara mota; baina, oro har, maskara gardenek anitz laguntzen ahal dute gorren komunikazioa”.

Eunateko kideek ahozko hizkuntza erabiltzen duten gorrak hartu dituzte aintzat, batez ere. Kasu horretan, audifonoak edo inplanteak erabiltzen dituztenek “zailagoa” dute entzutea eta ulertzea maskara erabiltzen duenak zer erraten duen. “Maskarak ekartzen du ezpainak ezin irakurtzea; gainera, soinua apaltzen du, eta, ondorioz, erraza da gorrek mezua ulertzeko zailtasunak izatea”.

Informazio eskubidea

Eunateko kideek erdigunean jarri nahi izan dute bertze auzi “garrantzitsu” bat: herritar gisa informazioa jasotzeko duten eskubidea. “Are gehiago, alarma egoera ezarri den honetan”, nabarmendu du Mari Luz Sanzek. Ildo horretan, salatu du Nafarroako Gobernuko kideek pandemiaren berri emateko egiten dituzten agerraldietan ez dutela irisgarritasuna bermatu: “Interneten bidez zabaltzen dituzte agerraldi horiek, baina azpidatzirik gabe, eta keinu hizkuntzarako interpreterik gabe”, erran du. “Gobernuko arduradunei erran diegu gu prest garela lan hori egiteko, baina ez dute deus egin, legez behartuta egon arren”.

Argazkia: Eunateko bi kide, onetsitako maskarak erakusten, Iruñeko egoitzaren aurrean. Jagoba Manterola / Foku