Asorna elkarteko kideek keinu hizkuntza aldarrikatu dute komunikaziorako tresna gisa alarma egoeran ere. Salatu dute administrazioak ahozkotasuna lehenetsi duela koronabirusak eragindako osasun krisian, eta ondorioz gorrek autonomia galdu dutela.
Edurne Elizondo
Nekatua nago; hagitz nekatua. Ematen du mendeak egin ditugula atzera, eta gorrek deus balio ez duten garai batean bizi garela, berriz ere”. Etsipena sumatzen zaio Asorna Nafarroako gorren elkarteko presidente Sofia de Estebani. Nekatua dago, eta haserre. “Osasun krisian, bazter utzi gaituzte, eta eskubideak kendu dizkigute”.
Nafarroan, 15.000 gor inguru daude; haietako 360-500 inguru, jaiotzetikoak. Horietako bat da De Esteban. Keinu hizkuntza du berezkoa, eta, horregatik, garbi erran du keinu hizkuntza ez dela “bakarrik irisgarritasuna bermatzeko tresna bat; hizkuntza bat da, bertze edozein hizkuntza bezalakoa. Gorren berezko hizkuntza da, eta identitate bat eta kultura bat islatzen du. Gorrok komunitate bat osatzen dugu, gutxiengo linguistiko bat”.
Nafarroan, baina, ez dago keinu hizkuntza horixe dela hizkuntza bat onartzen duen legerik, eta horrek “erraztu” egin du gorrek beren eskubideak galtzea koronabirusaren pandemia hasi zenetik. Izan ere, birusari aurre egiteko, administrazioak ahozkotasuna lehenetsi du komunikaziorako bide gisa: aurrez aurreko zerbitzu gehienak bazter utzi, eta telefono bidezkoak jarri ditu martxan. “Bigarren mailako herritar bilakatu gaituzte”, salatu du De Estebanek.
Asornako kideek “ulertzen” dute osasuna dela lehentasuna oraingo krisian, baina ez dira prest irabazitako eskubideak galtzen jarraitzeko. “Legez jasotako eskubide bat da keinu hizkuntza erabiltzea”, nabarmendu du De Estebanek. Horrek ez du erran nahi eskubide hori bermatuta dagoenik, halere. “Pandemia hasi baino lehen ez zegoen, eta orain, are gutxiago”, onartu du Asorna elkarteko buruak. Izan ere, deus gutxi balio du legez keinu hizkuntza erabiltzeko eskubidea izateak, bertze aldean hizkuntza hori dakien hartzaile bat ez badago.
Autonomia galduta
Gorren hizkuntza eskubideak bermatzeko, beraz, keinu hizkuntzako interpreteak behar dira administrazioko zerbitzuetan. Egun, Asornak berak eta Eunate elkarteak egiten dute lan hori, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta. Zerbitzuak baditu mugak, halere, eta muga horiek are larriago bilakatu dira koronabirusaren pandemiarekin.
“Autonomia galdu dugu; ez gaituzte norbanako gisa kontuan hartu, eta bertze norbaiten menpe utzi gaituzte, halabeharrez”, erran du De Estebanek. Iruñeko Arrotxapean bizi da, eta auzoko osasun etxeko kideekin harremanetan jartzeko modua jarri du egoera horren adibide gisa: “Telefonoz eskatu behar da ordua; baina nik ezin dut telefonoz deitu; bertze norbaitek deitu behar du nire partez, eta, kontsultara joateko, interprete bat bilatu behar dut”. Pertsona gorraren ardura da keinu hizkuntzako interpretea bilatzea, hain zuzen ere. “Medikuarekin ordua lortu eta gero, interpretearekin jarri behar dut harremanetan; gerta daiteke nik behar dudan egun eta orduan interpreterik ez izatea”.
De Estebanek azaldu du beharrak gora egin duela osasun krisia hasi zenetik. SVisual izeneko plataforma ere baliatzen dutela aipatu du, keinu hizkuntza ez dakitenekin harremantzeko, baina itxaron zerrenda “gero eta luzeagoa” dela erran du. Plataforma horren bidez, interprete batek egiten du telefono deia, pertsona gorraren ordez.
Sofia de Estebanek garbi erran du pandemiaren egunerokoa “hagitz gogorra” izaten ari dela gorrentzat. “Depresioak jota gara gutako anitz, atzera eta atzera egiten dugula sentitzen baitugu”.
Asornako kideek beren protestak helarazi dizkiete Nafarroako Gobernuko agintariei, eta, horri esker, lortu dute hainbat urrats egitea. De Estebanek adibide modura aipatu du enplegu zerbitzuko arduradunekin egindako lana: “Webgunea berritzen ari dira, eta asmoa da txat zuzen bat martxan jartzea, administrazioaren eta gorren arteko komunikazioa errazteko”.
Osasun etxeetan eta gainerako zerbitzuetan ere gisa horretako tresnak eskatu dituzte Asornako kideek. “Gauza handia litzateke guretzat administrariekin edo erizainarekin edo medikuarekin zuzenean txateatu ahal izatea”.
Gorren bizkar
“Keinu hizkuntza da nire hizkuntza”, berretsi du Sofia de Estebanek. Eta hori nabarmenduz, agerian utzi nahi izan du gorrek beren bizkar hartu dutela elkar ulertzeko ahaleginaren ardura. “Nirea ez den hizkuntza bat erabiltzeko prest naiz”. Administrazioa, ordea, ez. Hori garbi utzi nahi izan du Asornako presidenteak. “Berez, osasun etxeak eta gisako zerbitzuek bermatu beharko lukete keinu hizkuntza dakien interprete bat egonen dela ni joaten naizenean. Gure eskubidea da”.
Eta hizkuntza eskubide horiek erdigunean jartzeko ordua dela erantsi du De Estebanek. “Gogortzat” jo ditu koronabirusaren pandemiak eragindako oztopoak, eta gorren egunerokoa “anitz zaildu” dela berretsi du. Egoerak hobera eginen luke beren hizkuntza eskubideak bermatuz gero: “Interpreteak behar ditugu eskoletan, garraio publikoetan, osasun etxeetan, toki guztietan. Ederra litzateke eskolan haur guztiek ikasiko balute keinu hizkuntza”.
Joera, baina, bertzelakoa da. “Nafarroan, sistemak ahozkotasuna lehenesten du. Guk ez dugu hori bazter utzi nahi, baina argi dugu elebitasuna sustatu behar dela: ahozkotasuna bai, baina keinu hizkuntza bazter utzi gabe”, nabarmendu du Asorna elkarteko kideak. Tristuraz erran du gaur egungo gizartean ahozkoa ez den komunikazioa bazter gelditzen dela. Keinu hizkuntza aldarrikatu du: berezko hizkuntza erabiltzeko gaitasuna eta eskubidea.