Naiara Elola
Aste honetan, hirugarrenez eseri naiz ordenagailu aurrean, zutabea idazteko asmotan. Maiz arrapaladan ateratzen diren hitzak, motel antzera etorri zaizkit burura birritan. Esan nahi den hori nola esaten den garrantzizkoa. Baina garrantzi hori areagotu egiten da, askok berririk ez badute. Baina hirugarren eserialdian, neure burua behartu egin dut. Esan egin behar duzu!
Martxotik gure harremanak goitik behera aldatu dira, eta, horren eraginez, hilabeteak dira adiskide, lankide eta hamaika ezagun aurrez aurre ikusi ez ditudala. Bideo dei horietako bat ere ez dugu egin. Nekatu egin naute halakoek. Hortaz, tarterik ez dut hartu esateko nuen hori esateko. Ez ezkutatu nahi nuelako, komunikatzeko modu egokirik topatu ez dudalako baizik.
Ziurrenik, zutabe hau ez da biderik egokiena, baina bota egingo dut: haurdun nago, hirugarrenez! Gaur egun bizi dugun ziurgabetasun honek, are ziurgabeago bilakatu du hirugarren haurraz erditu arteko bidea. Berrogei astetik hogeita hamar bete ditugu elkarrekin, txikiak eta biok. Asko jota, bi hilabete besterik ez dira gelditzen, eta dena dago kolokan.
Askotan galdetzen diogu gurasook geure buruari, ea zer-nolako mundura ekarriko dugun seme edo alaba. Oraingoan, zalantzak hirukoiztu egin dira. Hankaz gora dago dena: osasuna, harreman sozialak, ekonomia… Bizi dugun garai iluna argitzeko erraztasun asko ere ez dago. Esaterako, osasun zerbitzu publikoetan, haurdunentzako erditze eskolarik ez da ematen. “Segurtasuna ezin omen da bermatu”, diote arduradunek.
Sei hilabete eskas dira antza, erditu behar den emakumea ahalduntzeko. Informazioak hori eragiten baitu, ahal dela sinetsarazten dizu. Sare pribatuan bada hamaika eskaintza, bai, baina sakelaren gaitasunaren menpe daude aukera horiek guztiak, noski.
Data gerturatu ahala, kezka ere areagotzen ari zaigu. Ingurukoek, lasaitu nahian edo, esaten didate: “Lasai, neska, bitan egin duzu, eta hirutan ere egingo duzu!”. Baina aldi bakoitza da ezberdina, eta hirugarren hau izango da, ziurrenik, denetan ezberdinena.
Musukoa jantzita emango diogu ongietorria bikoteak eta biok Mattini. Eta PCR proba egin beharko diote ia jaio ordurako. Izan ere, neguan jaiotzeak berarekin dakartza mukiak. Lehen katarro hutsal bat zena, orain pandemia eragile den birus bat izan liteke. Beraz, ia etxekoak eta familiakoak baino lehenago ezagutu beharko ditu sudur-zulotik sartzen diren bastoitxo horiek gure umeak.
Hala ere, haurrak esperantza eta poza ere badira. Gure egunerokoa belztu xamar dugun honetan, koloretsu bilakatuko ditu gure etxeko hirugarren txikiak. Oraingoa baino hobea den mundua eraikitzeko konpromisoarekin irmo jarraituko dugu, zalantzarik gabe.
Egun, ia utopikoa dirudi. Baina erditze bakoitzean zirudien utopikoa. Hirugarrenez koloreztatu nahi dugu zuri-beltzekoa den mundu hau, eta lortuko dugu, ziur!