Euskal Herriko emakume sozialisten sare gisa sortu zuten Itaia, duela bi urte; antolatzeko urratsa egin dute orain sareko parte hartzaileek, eta eskualdeka hasi dira taldeak osatzen. Iruñerrikoan ari da Paula Diaz.
Edurne Elizondo
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialista aurkeztu berri dute; baditu taldeak Euskal Herri osoan, eta Nafarroan, zehazki, bi sortu dituzte jada: Iruñerrian bat eta Lizarrerrian bertzea. Iruñerrikoan ari da Paula Diaz (Barañain, 1998). Garbi erran du emakume langilea hartu dutela subjektu politiko gisa, eta salatu du sistema kapitalistak indarkeria matxista errotua duela bere baitan.
Duela bi urte jarri zenuten martxan sarea; zein izan zen hazia?
Euskal Herrian baginen emakume langile batzuk gure errealitatearen inguruko hausnarketa egiteko eta analisiak sortzeko grinarekin. Gainera, identifikatzen genuen hutsune bat genero arazoen esparruan, eta hutsune horri erantzuteko asmoz hasi ginen antolatzen.
Zer hutsune sumatu zenuten?
Feminismotik jende asko mobilizatu da azken urteotan, eta dauden arazoetako asko agerian utzi dituzte. Hutsunea sumatzen genuen, ordea, arazoari irtenbideak emateko orduan. Guk uste dugu emakume proletario gehienen bizi baldintzak babesgabe daudela oraindik ere. Aldi berean, guk garbi dugu emakume langileon arazoak ezin direla hartu aparteko zerbait balira bezala, eta osotasunari erantzun behar zaiola arazo horiei aurre egiteko.
Osotasunari erantzun behar zaiola erraten duzunean, sistema kapitalistari buruz ari zara?
Sistema kapitalistak modu ezberdinak ditu betikotzeko eta irauteko, eta genero zapalkuntza da horietako bat. Emakume langileak zapalduta egoteak bere funtzioa betetzen du sistema kapitalista etengabe garatzeko prozesu horretan; sistemak behar du, alegia.
Zertarako?
Sistema kapitalistak helburu du gainbalioa, etekina gero eta handiagoa izatea. Horretarako, behar du zapalkuntza zenbait mailatan garatzea, eta aprobetxatzen du emakumea aurretik ere zapalduta dagoela; are gehiago emakumea beste herrialdean jaio baldin bada, edo desgaitasunen bat baldin badu.
Feminismoaren esparruan sumatu zenuten hutsune bat; eta langileen eskubideen aldeko elkarteen arloan?
Sumatzen genuen beharrezkoa dela mahai gainean jartzea gaia eta jorratzen hastea langile antolakundeetan eta langile klasea antolatzen den esparruetan; gero eta emakume langile gehiago antolatzen hasteko, eta erakunde horietan gaia kontuan hartzeko. Lehen ere kontuan hartzen zen, baina garaia da oinarri batzuk finkatzeko.
Emakume langilea aldarrikatu nahi duzue subjektu gisa?
Bai, zalantzarik gabe. Izan ere, arazo ezberdinek zeharkatzen dituzte emakume langileen bizi baldintzak, eta, arazo horiek sortzen dituen botere sistema gainditzen ez badugu, ezinen dugu deus gainditu.
Sarea sortu eta gero, bertze urrats bat egin duzue orain, analisi politikotik ekintzetara pasatzeko, nolabait. Zergatik?
Bi urtez egon gara lan teoriko hori egiten, eta egindako analisiak eraman gaitu emakume langileon antolatzeko beharra erdigunean jartzera; batetik, erantzuna emateko genero arazoei aurre egiteko ikusten genuen hutsune horri; bestetik, jasaten dugun egoera ekonomikoagatik. Egoera horrek guztiz baldintzatu du gure erabakia. Are gehiago orain, koronabirusaren osasun krisiarekin, agerikoa baita emakume langileen bizi baldintzek okerrera egingo dutela.
Jokaleku horretan, zeintzuk dira zuen lan ildoak?
Une honetan, indarkeria matxistaren auzia jorratu nahi dugu; hori da gure lan ildoetako bat. Agerian utzi nahi dugu sistema bera dela bortitza, eta indarkeria hori erabiltzeko dituen modu ezberdinekin lortzen duela betikotzea eta etengabe garatzea. Guk indarkeria hori bere osotasunean hartu nahi dugu, baina nabarmendu nahi dugu, gainera, sistemaren bortizkeriaren moduetako bat dela indarkeria matxista. Horretarako prestatu ditugu hainbat ekinaldi azarorako. Indarkeria matxistari buruz aritu nahi dugu, bai eta emakume langileok pairatzen ditugun bestelako indarkeria moduez ere.
Zeintzuk, zehazki?
Oraingo krisiaren ondorioz, emakume langile askok galdu dute lana, bai eta jaso behar zituzten diru laguntza guztiak ere. Familia unitate barruko lanen zama emakumeon bizkar da oraindik ere, eta kontuan hartu behar da. Aintzat hartu behar da, halaber, oraingo osasun krisiak ekarri duen konfinamenduak zer ondorio izan duen indarkeria matxista jasaten duten emakumeengan. Batetik, egoerak erraztu egin du indarkeria hori gertatzea; eta, bestetik, emakume langileak bakartu egin ditu. Konfinamendu politiko bat ezarri die, etxean bakartuz, edo biltzeko aukera ukatuz.
Langileen Autodefentsa Sareko eta Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformako kideak dira azaroko zuen jardunaldien parte hartzaileen artean. Zergatik horiek?
Uste dugu bi eragile horiek gure norabide berean egon daitezkeela lanean, eta klase ikuspegia hartzen dutela kontuan. Uste dugu haien esperientzia baliagarria izan daitekeela guretzat, emakume langileok ere baditugulako etxebizitzaren eta lanaren arloko arazoak.
Hilaren 20an, 19:00etan, Iruñeko Auzotegin ariko zarete Itaiako kideok, azaroaren 25ari buruz.
Bai, indarkeria matxistaren aurkako egunaren ildotik auzi horren inguruko gure irakurketa egin nahi dugu. Hilaren 21ean, berriz, 12:00etan, elkarretaratzea eginen dugu Iruñeko Mercaderes kalean, adierazteko kalean gaudela. Hilaren 25ean, Iruñeko Udaletxe plazan izanen gara, 19:00etan.
Iruñerrian eta Lizarrerrian baduzue talde bana, oraingoz. Zabaltzeko asmoz?
Euskal Herri mailako antolakunde bat gara, eta Nafarroan ere asmoa da pixkanaka antolatzea ditugun gaitasunak; oraingoz, Iruñerrian eta Lizarrerrian sortu ditugu taldeak, baina, noski, helburua zabaltzen jarraitzea da. Bada antolatzeko grina. Aurkezpenak egin genituenean horixe sumatu genuen; jende asko etorri zen.
Antolatu, bertzeak bertze, kalean egoteko?
Bai. Kalean egon nahi dugu; uste dugu orain ere beharrezkoa dela kalera ateratzea. Badakigu gaur egungo osasun krisiak baldintzatzen duela dena, eta hori ez dugu ahaztu; baina ez dugu nahi koronabirusa aitzakia izatea protestak bazter uzteko. Antolatzen ahal gara eta kalean egon gaitezke segurtasuna bermatuz. Gure arteko zaintza garrantzitsua da guretzat; baina ez dezatela birusa aitzakia bilakatu.
Argazkia: Jagoba Manterola / Foku