Irunberriko Saira ostatuak 50 urte beteko ditu abenduan. Montse Serrano jabeak erretiroa hartzeko asmoa zuen, baina krisiak hankaz gora jarri dizkio planak. Berriz noiz irekiko duen ere ez daki.
Edurne Elizondo
Itxita dago, baina atea berriz irekitzeko zain. Horregatik, herritarrei itzultzeko gogoz direla adierazteko, lore freskoz osatutako sorta bat jarri dute jabeek Irunberriko Saira tabernaren aurrean. “Berriz ireki arte izanen ditugu loreak ate ondoan; garrantzitsua da guretzat, hemen gaudela azaldu nahi diegu herritarrei”, kontatu du Montse Serrano tabernaren jabeak.
Abenduaren 31n, 50 urte beteko ditu Saira tabernak. “Hamabost urterekin hasi nintzen lanean, gurasoekin. Dantzalekua zen orduan”, gogoratu du Serranok. Koronabirusaren pandemiak eztanda egin aurretik, tabernaren jabearen asmoa zen urte berriarekin batera erretiroa hartzea. “Mende erdia ospatuz alde egin nahi nuen”. Baina osasun krisiak hankaz gora jarri dizkio planak, eta urtebetez atzeratu du lana uzteko ordua. “Agur goxo baten beharra dut; etapa bat itxiko dugu tabernarekin batera, eta lagunek eta bezeroek inguratuta egin nahi dut urrats hori, denen babesa eskertuz”.
Joan den martxoko konfinamendua ezarri zutenean itxi behar izan zuten Saira, aurrenekoz. Pandemiari aurre egiteko neurriek gogor jo dute ostalaritzaren esparrua, hain zuzen ere, eta, ondorioz, 4.000 taberna eta dantzaleku baino gehiago dira ateak itxita, egun, herrialdean. 18.500 lanpostu dira negozio horien jardueraren menpe.
Serranorentzat lan bat baino anitzez ere gehiago izan da taberna beti. Martxoko hasierako hamabost eguneko itxialdia “gogoz” hartu zuen, neurri batean, atseden hartzeko aukera gisa. Ia hiru hilabetez egon behar izan zuten lanik egin gabe, azkenean, eta Sairaren jabeak aitortu du egoera ez dela samurra izan. Ekainean ireki zuten berriz, baina edukieraren %30ekin.
“Inolako sarrerarik gabe, izugarria da dirua nola gastatzen den!”, erran du Serranok. Familiako bertze bi kiderekin batera arduratzen da Saira tabernaz, eta horrek erraztu egin die oraingo egoerari aurre egiteko prozesua: “Mailegurik eta alokairurik ere ez dugu ordaintzeko jada. Eskerrak! Horrelako zama duten negozioetako arduradunek nekez egin ahal izanen diote aurre itxialdiari; anitzek negozioa itxi beharko dute”. Nafarroako Gobernuak onartutako laguntza jaso dute Sairako kideek, baina Serranok ez du uste laguntza hori eusteko nahikoa izanen denik kasu anitzetan.
Egokituz eta garatuz
Serranoren gurasoek dantzalekua martxan jarri zutenean, hura sarrerak saltzen aritzen zen lanean, asteburuetan. “Nerabe bat nintzen, eta, noski, ez nuen han egon nahi. Ahizpa zaharra eta biok aritzen ginen sarrerak saltzen, baina guk bertze gazteekin egon nahi genuen, bestan”.
Irunberriko taberna moldatuz eta garaian garaiko egoerara egokituz joan da. Montse Serrano ere bai; bere egin du negozioaren martxa, eta, lantoki baino gehiago, benetako aterpe bilakatu du Saira. Tabernak anitz eman diola nabarmendu du, eta uste duela tabernak herriari ere mesede egin diola, anitz eman diola. “Hori sentitzen dut; jendearen berotasuna jaso dugu oraingo itxialdian ere”.
Nekez imajinatzen ahal zuen noizbait pandemia baten ondorioz itxi beharko zuela taberna. Ostatu izan aurretik, lantegi metalurgiko bat izan zuen Serranoren familiak Irunberriko Karrika Nagusiko egoitzan. “Itxi eta gero, behin gazte talde batek etxabea alokatu zion aitari, bestak ospatzeko; aukera hori baliatu, eta dantzalekua jarri zuen martxan, 1970ean”, oroitu du Serranok.
Sairak 1986. urtetik du oraingo itxura. Serranoren gurasoek dantzaleku bilakatutako espazioa handituz joan da urteen joanarekin, eta tabernaren jarduera, aldatuz: garai bateko agertokia jada ez dago “La Polla Records taldea egon zen behin gurean jotzen!”, eta gazteek erretzeko erabiltzen zuten txokoan, gaur egun, haurrentzako jostailuak daude. Gazteek jarraitzen dute bezero izaten, eta ez hain gazteak eta familiak ere hartzen ditu tabernak; nork bere tokia du Irunberriko ostatu horretan. Tximiniak ematen dion xarma berezia nabarmendu du Serranok. “Herritarrentzat topagune izan da taberna”.
Udako hilabeteak hagitz onak izan direla azaldu du Sairako jabeak. Pandemiak herrietara eraman du jendea, eta Irunberrin, bertze toki anitzetan bezala, sumatu dute. Urriaren 21etik, baina, itxia da taberna, berriz ere. Ostalaritza ixteko agindu zuen Nafarroako Gobernuak egun horretan, bi asterako. Bertze hamabost egun luzatu dute epea jada, hilaren 18ra bitarte. “Tristea da taberna itxita ikustea”, aitortu du Serranok. Hilabeteotako ziurgabetasuna nabarmendu du, batez ere; egoerak eragindako ezinegona. “Ez dakit noiz ireki ahal izanen dugun berriz, ezta nola ere”.
Tabernako martxaren falta sumatzen du. Bezeroekin egotearena ere bai. Eskertu die babesa; familiari eta lagunei ere bai. Oraindik ez du erretiroa hartu, baina hasi da lanaren falta sumatzen. Lana bizitza izan baitu.