Hamar urtez nafarrei hitza ematen

Hamar urtez nafarrei hitza ematen

‘Nafarroako Hitza’-k 2010eko azaroaren 5ean kaleratu zuen lehen zenbakia; ’Nafarkaria’-ren oinordeko izan da herrialdeko irakurleentzat.

Edurne Elizondo

Nafarroako Hitza astekariak hamar urte bete ditu. Hain zuzen, joan den azaroaren 5ean izan zuen hamargarren urteurrena, baita Ipar Euskal Herriko, Gipuzkoako eta Bizkaiko Hitzek ere. BERRIA Taldeak sortutako astekariak dira, eta beti argitaratu izan dira ostiraletan; Nafarroakoa eta Ipar Euskal Herrikoa zortzina orrialdekoak dira, eta beste biak, hamaseinakoak. Araban ez dago Hitza-rik; han, Alea astekaria dago, eta bertako bazkideetako bat da BERRIA Taldea.

1990etik aurrera daude kazeta nazionalak —Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA—, eta eskualdeetakoei 2001ean ekin zien hedabide taldeak, tokiko eragileekin elkarlanean, Tolosaldean Egunero sortuta —2003an, Egunkaria-ren itxieraren ondoren, Tolosaldeko Hitza izena hartu zuen—. Komunikazio proiektua osatzeko sortu zituen, orain hamar urte, herrialdeetako euskarazko astekariak.

Nafarroan, halere, Nafarkaria da Hitza-ren aurrekari nagusia. 1991ko abenduan argitaratu zuten lehenengoz, eta 2002ko uztailaren 26koa izan zuen azken zenbakia. Irakurle nafarrek Nafarkariaren oinordekotzat hartu dute Hitza, hasieratik. Astekariak Naiara Elola izan zuen lehen zuzendari, 2010eko azaroan martxan jarri zenean: “Hutsetik abiatzea izugarria izan zen. Ikasketa prozesu latza, zentzu guztietan. Bidea malkartsua izan arren, merezi izan duela pentsatzen eta sentitzen dut beti”, dio Elolak.

Ion Orzaiz kazetariak jaso zuen Elolaren lekukoa, 2015eko urtarrilean, eta Nafarroako Hitza-ko zuzendari aritu zen, 2015eko urrira bitarte: “Niretzat eskola bat izan zen. Gaiak aukeratu, kolaboratzaileekin hitz egin, elkarrizketak prestatu, argazkiak aukeratu, azalerako ideiak pentsatu eta, batzuetan, baita maketatu ere… Gure lanbideari neurria hartzeko modu bat izan zen”, erran du.