Zigor erantsia, osasunaren izenean

Kartzela barrutik ezagutzen dutenek hitza hartu dute SOSPresoakCOVID-19 sareak antolatutako azken ekitaldian: espetxe barruko egoeraz aritu dira Jokin Unamuno Goikoetxea eta Carlos presoak, eta Itxaso Torregrosa senidea.

Edurne Elizondo

Beldurra; ziurgabetasuna; informaziorik eza”. Hitz horiek behin eta berriz errepikatu dituzte SOSPresoakCOVID-19 sareko kideek Iruñean, Katakraken egindako azken ekitaldian: mahai inguru bat antolatu zuten hilaren 7an, kartzela barrutik ezagutzen dutenei hitza emateko. Sare, Etxerat, Salhaketa eta Altsasuko Gurasoak dira SOSPresoak egitasmoko kide; apirilean osatu zuten sarea, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren “aitzakian” espetxeetan ezarritako neurriak salatzeko. Neurri horien eragin zuzenaz aritu dira Jokin Unamuno Goikoetxea eta Carlos presoak, eta Itxaso Torregrosa senidea. Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak estatuko kartzelak itxi zituen joan den martxoaren 12an. “Espetxeak berez urratzen ditu presoen eskubideak, eta pandemiak egoera are larriago bilakatu du”, nabarmendu du Salhaketako Libertad Francesek, Iruñeko mahai inguruaren aurkezpenean.

Azaldu du presoen aldeko sarearen bidez “ikusgai” egin nahi dutela zer gertatzen ari den kartzeletan, presoen eskubideak babesteko asmoz. Zehazki, Iruñeko espetxean direnak eta herrialdetik at dauden nafarrak hartu dituzte aintzat kanpainetan. “Espainiako Estatuan 8.000 preso daude beren hirietatik kanpoko espetxetan; bertze 7.500 presoren jatorria zein den ez du argitu Espainiako Gobernuak”, azaldu du Francesek. Herrialdeko 184 preso daude Nafarroatik at.

Apirilaren 26an kaleratu zuen SOSPresoak sareak bere aurreneko manifestua, kartzeletako egoera salatzeko asmoz. Geroztik, hamaika ekinaldi egin dituzte sareko kideek; kasurako, maiatzaren 19an Iruñeko hainbat tokitan egin zituzten elkarretaratzeak, eta urriaren 15ean, berriz, hedabideen aurreko agerraldia egin zuten Nafarroako hiriburuan. Datuen berri emateaz harago, espetxe barruko testigantzak jaso nahi izan ditu sareak antolatutako azken ekitaldian, preso direnei “zigor erantsia” ezarri dietelako “osasunaren izenean”.

JOKIN UNAMUNO GOIKOETXEA

Hirugarren graduko preso altsasuarra

“Neurri murriztaileagoak hartu, eta presoak gehiago bakartu dituzte”

“Ezohiko egoera batean, eskubideak kendu bertzerik ez dute egin: neurri murriztaileagoak hartu, eta presoak are gehiago bakartu”. Horixe nabarmendu du Jokin Unamuno Goikoetxea preso altsasuarrak, Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak ustez COVID-19aren pandemiari aurre egiteko emandako pausoei buruz. Ez da isildu: “Lagundu beharrean, gaizki pasatuarazi digute”.

Unamuno Goikoetxea Zaballako (Araba) espetxean ari da zigorra betetzen. Hirugarren graduko preso bat da joan den uztailetik. Osasun krisiak eztanda egin eta gero, kezkak gora egin duela erran du, eta “informaziorik eza” nagusi izan dela salatu. Ez hori bakarrik: espetxea itxiko zutela azaltzeko bilerara deitu zituztenean, “pribilegiatuak” zirela erran zieten kartzelako arduradunek presoei, espetxe barruan “bakartuta” birusari ihes eginen ziotelako. “Funtzionarioak maskara gabe; gobernuz kanpoko erakundeen sarrera debekatuta, informaziorik eta bisitarik jaso gabe, eta pribilegiatuak garela entzun behar”.

Unamuno Goikoetxeak erdigunean jarri ditu espetxe barruko ustezko “pribilegioak”: moduluka ixtea; kiroldegira edo liburutegira joateko aukera galtzea; bisitak bertan behera uztea; baimenak jasotzeko prozedura zailtzea… Karrikan bezala, lanaren esparrua izan da salbuespena espetxe barruan ere: “Tailerrean modulu guztietako presoak aritzen ziren batera”, azaldu du Altsasuko gazteak.

Bisiten auzia nabarmendu du, senideekin eta lagunekin egoteko eta haien berri jasotzeko bideak moztu izanak eragindako ezinegona. “Bisitak debekatu zituztenean, bideo deiak egiteko aukera eman ziguten, baina kontua da 700 presorentzat hiru sakelako zeudela bakarrik, eta deia egin ahal izateko baimena eskatu behar zela, idatziz”, salatu du. Badago oraindik ere baimen horri noiz erantzunen dioten zain dagoen presorik.

Telefono deiei buruz, baimendutako kopuruak gora egin zuela adierazi du Unamuno Goikoetxeak. “Astean hamar ziren hasieran, eta hamabost egiteko aukera eman ziguten”. Dei bakoitzak, baina, 2,5 euro balio du, eta preso guztiek ezin dute ordaindu. “Laguntzak emanen zituztela erran zuten, baina jaso duen inor ez dut ezagutzen”, erran du.

Kartzelan, azken batean, erakunde horretako agintariek erabakitzen dutenaren menpe dira presoak, Altsasukoak nabarmendu duenez, eta erabaki horien atzekoak “ulertzeko zailak” izaten dira maiz. Hirugarren gradua jasotzeko prozesuaz mintzatu da Unamuno Goikoetxea, zehazki: “Espetxeak itxi zituztenean, hirugarren graduan ziren presoei kartzelara ez itzultzeko aukera eman zitzaien, eskumuturrekoa jarrita. “Maiatzean hori eskatu genuen, baina guri ukatu egin ziguten; Madrildik ezezkoa eman ziguten, eta ohiko hirugarren gradua jaso genuen, espetxea erabat itxi zuten arte; orduan, eskumuturrekoarekin ateratzeko aukera eman ziguten hirugarren graduan ginen guztioi”.

CARLOS

Iruñeko kartzelako presoa

“Hiru hilabetez egon gara medikurik gabe Iruñeko espetxean”

Iruñeko espetxean dago preso Carlos —ez du abizena eman—. Unamuno Goikoetxeak errandakoa berretsi du, eta hiriburuko kartzela barruko giroan ere “ziurgabetasuna eta babesgabetasuna” nagusi direla salatu du.

Urduri dagoela onartu du Katakraken bat egin duten herritarren aurrean, eta beldur dela ere bai. “Beldur handia” dagoela kartzelan. “Inork ez du espetxean hil nahi”, erran du. Baina kartzelan jendea hiltzen da. “Nik ikusi ditut tristuraz hil diren pertsonak”. Kartzela barrukoak gizartearentzat “ikusezin” direla erantsi du Carlosek, eta hesien bertzaldean pertsona presoak zenbaki huts bilakatzen dituztela. “Izugarri gogorra da espetxe barruko errealitatea; are gehiago oraingo osasun krisiaren ondorioz. Familia eta lagunak ikusteko aukera gabe, pertsona izateari uzten diogu presook, nolabait”.

“Oinarrizko eskubideak ditugu, badugu eskubidea gure oinarrizko beharrak ase ditzaten”, aldarrikatu du presoak. Baina nabarmendu du hori ez dela beti gertatzen. “Hiru hilabetez egon gara Iruñeko espetxean medikurik gabe; bi erizain ari ziren lanean, baina egoerak gainezka egin zien”, kontatu du.

Carlosek, hain zuzen, bihotzeko eta giltzurrunetako patologiak ditu. “Espezialistarengana joan behar dugunean, polizien ibilgailuetan eramaten gaituzte gehienetan, eta segurtasun neurririk gabe”, gaineratu du. “Anbulantzian ez gaituzte mugitzen, garestiegia delako”.

Espetxe barruan ere segurtasun neurririk eza izan da nagusi, nabarmendu duenez. “Funtzionarioek ez zuten erabiltzen maskararik, eta modulu batetik bertzera mugitzen ziren presoek ere ez”. Carlosen moduluan, hain zuzen, zortzi pertsona bakartu zituzten, COVID-19a zutelakoan. “Zortzi horiek bakartu zituzten, baina aurretik harremana izan zuten 300 presorekin gutxienez”. Iruñeko espetxeko presoak berretsi du “hiltzeko beldurrez” bizi direla kartzelan.

Abuztuan Zaballako kartzelara eraman zuten presoaren heriotza aipatu du, bai eta Iruñeko espetxe barruan berriki gertatu den bertze bat ere: “Gaindosi baten ondorioz hil zela erran zuten, baina nik ez dut sinetsi azalpen hori”. Espetxe barruko bakardadeari aurre egiteko beharra berretsi du; aldarrikatu du presoek lagunen eta senideen berotasuna jasotzeko eskubidea dutela. “Nik ez dut barruan hil nahi; nik espetxetik atera nahi dut”.

ITXASO TORREGROSA

Aranjuezen diren bi presoren hurbilekoa

“Familientzako modulu bat dago, baina ez diete uzten hor egoten”

Itxaso Torregrosak hurbileko ditu Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez, Aranjuezen (Madril, Espainia) diren bi preso. Izadi izeneko alaba bat du bikote hark. Espetxean sortu zen, duela urte eta erdi, eta han jarraituko du, amarekin, hiru urte bete arte. Familiak espetxe barruan dituen zailtasunen lekuko izan da Torregrosa. “Eskubideen urratzeak aurretik ere gertatzen ziren, eta egoerak okerrera egin du orain, osasun krisiaren ondorioz”, salatu du. Lizarragak eskatutakoa erran du Katakrakeko mahai inguruan, bertze deus baino lehen: “Hamabi urte baino gehiago egin ditu Mariak espetxean, eta oraingoa da, alde handiz, garairik gogorrena; hori garbi uzteko eskatu dit”.

Lizarraga eta Gutierrez 2008tik aurrera daude preso. Picassenteko (Valentzia, Herrialde Katalanak) espetxean ziren alaba jaio zenean. “Lehen, ama ziren presoentzako moduluak zeuden zenbait kartzelatan, baina horiek ixten joan dira, eta Aranjuezen dagoena da orain bakarra. Emakumeak bazterketa bikoitza sufritzen du espetxe barruan, eta ama direnek, berriz, hirukoitza”, azaldu du Torregrosak.

Osasun krisiaren ondorioz, Aranjuezen ere gelditu dira bisitarik gabe hilabeteotan. Egoerak presoei eragin die, bai eta kanpoan diren senideei eta lagunei ere. Kartzela barruan ere, Izadiren gisa amarekin diren haurrek ere sufritu behar izan dituzte egungo egoeraren ondorio “latzak”. Torregrosak nabarmendu du haurrarekin daukala orain kezka nagusia. “Haurra ere bakartuta dago; otsailetik ez du aita ikusi, eta kanpotik ez du inongo estimulurik jasotzen”, salatu du. Torregrosak erantsi du aitarekin biziko dela umea espetxetik ateratzen denean: “Espetxean, baina, aitak alabari buruzko erabakietan deus erratekorik ez du; ia ez dute elkar ezagutzen”.

Egoerak hobera eginen luke familiak espetxe barruan elkarrekin egoteko aukera edukiko balu. “Aranjuezen, hain zuzen, familientzako modulua dago, baina ez diete hor egoten uzten”, erran du Itxaso Torregrosak. “Espetxe bakoitzak nahi duen moduan erabiltzen ditu bere arauak. Kartzelaren helburua pertsonak suntsitzea da, finean”.

Presoen senideentzat eta hurbilekoentzat ere okerrera egin du egoerak pandemiarekin, erantsi duenez. “Zenbaitek isunak jarri dituzte; erkidego batetik bertzera aldatu egiten dira neurriak eta debekuak, eta gertatu izan da espetxe aurrera ailegatu eta isuna jasotzea”.

Torregrosak onartu du “zaila” egiten zaiola “baikor” agertzea oraingo egoeran. “Gogorrena da egiten duten guztia, presoak bakartzeko hartzen dituzten neurri guztiak osasunaren izenean hartzen dituztela; hori saltzen dute. Lehen, segurtasuna zen eskubideak urratzeko aitzakia, eta, orain, berriz, osasuna”.

Osasunaren inguruko kezka, baina, urria da espetxe barruan. “Hori da errealitatea. Aranjuezen, Picassenten bezala, denbora luzez egon dira medikurik eta pediatrarik gabe”, erran du Torregrosak. Espetxe berean dira Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoak. Baina ezin dute elkar ikusi. “Hilabeteak egon dira elkar ikusi gabe”. Hain gertu, eta urrun, aldi berean. Familia elkartzeko aukerarik gabe.