Iritzia: Oraindik horrela

Iritzia: Oraindik horrela

Amets Aranguren Arrieta

Goizean goiz hasi dira Estafeta kalea Eguberrietako argiz apaintzen, zeren, beste gauza batzuetarako ez, baina horretarako beti bada dirua. Argiak jartzen ari ziren langileak oztopo ziren mendira zihoazen goiztiar horientzat guztientzat. Tupperretan tortilla eta gazta, eta ura kantinploran. GPSa martxan jarri, eta gaur Urederra tokatzen da, Nafarroako beste 46 familiak hautatu duten helduleku hori bera. Ze guai!

Tabernek itxita daramate hilabete, eta bai, egia da kutsatuen kopuruak behera egin duela nabarmen. Baina tabernen itxiera izan da benetan beherakada hori eragin duena, ala tabernen itxierak guregan duen txip aldaketaren ondorioz mugatu ditugun harremanek ere badute zerikusia?

Eztabaida izan genuen anaiak eta biok aurrekoan aitarekin. Betikoa. Noiz arte gaude prest neurri hauei heldu eta bizitza soziala erabat murrizteko? Norentzat da grabeagoa egoera: bere unibertsitateko lehenengo urtean modu normal batean sozializatzeko aukerarik ez duenarena edo inorekin egon gabe hilabeteak daramatzan amatxiarena? Edo Euskal Herria ezagutzear zela espetxean beste ez dakit zenbat hilabetez amarekin geratu beharko duen haurrarena? Eta hona iritsita, noski, ez dago eztabaidarik.

Kontserbatorioko ikasleok egunero bazkaltzen dugu kalean, lurrean, etxetik ekarritako janari hotza. Jantokia itxita dago. Irakasleendako ez, klaro. Ikasleak gazteak gara, kutsatuen gehiengoaren errudun, nola utziko digute jantokian bazkaltzen? Ero gaude? Hori bai, asteburua heldu eta e-mail bat: aizue, sumatu dugu atean zabiltzatela maskararik gabe. Mesedez, zaindu holakoak eta bete segurtasun neurriak. Hortxe lehentasunak. Ikusiko dugu Iruñeko neguko eguraldia hurbiltzen hasten denean.

Bitartean, Ainhoaren gurasoak taberna ireki ezinik, herrian, batek daki noiz arte. Hori bai, hipoteka, argia eta ura berdin-berdin pagatzen. Antzeko dabiltza unibertsitateko ikasketak hastear zirela Donostian pisua alokatu zuten Ekaitz, Joseba eta Jone. Hilero 350na euro ordaindu, eta klase presentzialak %0 haietako biren kasuan.

Euskaraldia izkinaren bueltan dugula, mahaia jarri nahi izan du Alde Zaharreko batzordeak kalean, jendeari izen-ematea errazteko. Baina ez. Nahiz eta neurriak errespetatu, izen-emate orriak betetzekotan hiru egunez berrogeialdian utzi, distantzia fisikoak mantendu, edukiera kontrolatu, gela eta maskara eraman… Alde Zaharreko kaleak oso estuak omen dira mahai bat jartzeko, baita Gaztelu plaza ere. Ez Billabesak bezala. Ez institutuetako 37 gazteko gelak bezala.

Atzo zinemara joan, sarrerarik ez zegoela ikusi (Billabesan bezala, 7 pertsonako edukiera edo) eta buelta egin ondotik, biharamuneko plana prestatu genuen. Horrela gabiltza oraindik; gauza txar guztietan ona topa daitekeela diote, eta niri (gezurra badirudi ere) asteburuan birusaren aitzakiak Bardeak ezagutarazi dizkit.