Etxeko txoko guztietan

Etxeko txoko guztietan

Mikel Zabalza duela 35 urte hil zen, Guardia Zibilaren esku. 1985eko azaroaren 26an atxilotu, eta «desagertutzat» jo zuten biharamunean. Handik hogei egunera, hilik agertu zen Bidasoan. Zabalzak Donostian lan egiteko utzi zuen herria, baina Orbaizetan bizirik da gaztearen memoria.

Edurne Elizondo

Udazkenekoa da giroa Orbaizetako Olako kanpoko aldean: zerua garbi dago, eta haizeak hostoak mugitzen ditu, harat eta honat; Lorentxo etxe barruan, baina, negu gorriko goibelak agertu dira, bat-batean, eta hotzak dena izoztu du. Malkoak agertu zaizkio begietara Patxi Zabalzari, Mikel anaiari buruz hitz egitean gurasoekin oroitu denean. Haiengatik nahiko luke, behingoz, oraindik zor dieten justizia eta aitortza jaso: “Onar dezatela gertatu zena; aitak eta amak merezi zuten jakitea, baina egia jaso gabe joan ziren”.

Guardia Zibilak 1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuen Mikel Zabalza, Donostian, ETAko kide izatea egotzita. Familiari ez zioten deus erran, eta, biharamunean, “desagertutzat” jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila,eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren; ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten; eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan.

Mikel Zabalzarekin batera, haren lehengusu Manuel Bizkai, Idoia Aierbe neska-laguna eta Ion Arretxe atzeman zituen Guardia Zibilak, Donostian. Orbaizetan, gainera, Mikelen bi anaia atxilotu zituzten: Patxi eta Aitor Zabalza. “Gu laster askatu gintuzten, anaiarekin gertatu zenagatik”, oroitu du Patxi Zabalzak.

Sei orduz egon zen guardia zibilen esku Patxi. Atera zenean, garbi erran zien anai-arrebei: “Esan nien niri egindakoa aski zela Mikel hiltzeko”. Mirari Zabalza alabaren begiradapean erran ditu hitz horiek. Aurretik erran eta entzundako hitzak dira, baina horrek ez du elkarrizketa errazago bilakatu. “Hitz egiteko beharra? Nahiago nuke isilik gelditu, baina Euskal Herriak behar zuen kontatzea; alabek jakin behar zuten gertatu zena”.

Mirari Zabalzak ez zuen Mikel osaba ezagutu, baina ezagutzen du, senideek, herriak, bailarak eman diotelako osabaren berri. Osaba sortu zen etxean bizi da, familiarekin. Eta osabaren arrastoa nonahi dago. Etxeko txoko guztietan. “Jendeak Mikelen irudiarekin egindako eta oparitutako obrak dira gehienak”, azaldu du, atzean duen margolanari so.

Bederatzi anai-arreben artean zaharrena zen Mikel Zabalza. “Anai-arrebak zaintzea egokitu zitzaion; kezkatzen zen, eta babesten gintuen. Esaten zuen denok egin geniola pixa gainean!”. Gurasoak oroitu dituenean goibeldu duten hodeiak desagertu dira Patxi Zabalzaren begiradatik txikitakoak kontatu dituenean. Dir-dir egin diote begiek anaiaz mintzatu denean: “Gizon lasaia zen Mikel, eta, aldi berean, geldiezina, beti bazuelako zerbait buruan. Inplikatzen zen herriko eta bailarako kontuetan; etxekoetan ere bai. Gazte hasi zen lanean, familia handia ginelako, eta beharra bazelako”.

Aezkoako egunak

Miguel Angel Loreak eta Mikel del Riok bat egin dute Patxi Zabalzarekin, eta konpromisoak hartzeko beldurrik ez zuen gizon bat oroitu dute Mikel Zabalzari buruz mintzatu direnean. Aezkoako Eguna biziki maite zuela gogoratu dute, adibidez, eta beti parte hartzen zuela egun horretakoak prestatzen. “Behin, 1982 inguruan, Iparraldeko Etxamendi eta Larralde bikotea ekarri genuen Aezkoako Egunerako, eta Mikeli eskatu genion aurkezpena euskaraz egiteko. Berehala erran zuen baietz, eta ederki egin zuen. Maite zuen euskara”.

Lorea Garraldan bizi da, baina Orbarakoa da bere familia, eta beti izan du “harreman estua” Zabalzatarrekin. Familia baten eta bertzearen etxeetan egindako bazkariak oroitu ditu, bai eta 1970ean Auritzen zabaldu zuten dantzalekuan Mikel Zabalzarekin solasean aritutako tarteak ere. 1976an, Iruñera joan zen Lorea lan egitera, eta han harrapatu zuen lagunaren atxiloketaren berriak, 1985. urteko azaroaren 26an. “Goiz eta arratsaldez egin genituen protestak, eta Polizia oldartu zitzaigun. Ezin genuen bertsio ofiziala sinetsi, inondik inora. Gertatu zenak bailara osoa markatu zuen”, erran du Loreak, saminez.

Aurten Loreak badu bertze min bat: “71 urte ditut, eta koronabirusarengatik ez dakit omenaldian parte hartzerik izanen ote dudan. Pena handia dut, urte oro izan bainaiz Orbaizetako Olan, azaroko azken igandean, hutsik egin gabe”. Urtean behineko omenaldia “izugarri garrantzitsua” da Mikel del Riorentzat ere. Garaioakoa da, eta Mikel Zabalzaren kinta berekoa, 1952koa. “Bailara osoko kintoek bagenuen harremana; egin ziotenak guztiok utzi gintuen lur jota. Gogoan dut Mikelen heriotza salatzeko egin genuen greba eguna: dena gelditu zen”.

Hitz egin, edo ez

Urte oroko omenaldiak, hain zuzen, galderak eta jakin-mina piztu dizkio Mirari Zabalzari, txikitatik. “Ilobek beti sentitu izan dugu egun hori berezia zela; familia negarrez ikusten genuen, eta sumatzen zen osabaren heriotzaren atzean bazegoela zerbait. Jendea etortzen zen gure etxe aurrera, familia babestera; betiko oroitzapen bat da hori”.

Horregatik, osaba beti ezagutu duen sentsazioa badu Mirari Zabalzak, nolabait. Etxean beti erran diete aitak bertze anaia bat bazuela. Noiz eta nola hil zen azaltzeko urratsak “poliki” egin ditu familiak, halere. “Hasieran, anai-arreben artean mintzatzen ginenean, negarrez hasten ginen denak. Momentu batean, hitz egiteari utzi genion; familiako kide batzuentzat beti izan da beste batzuentzat baino zailagoa mintzatzea, gainera”, azaldu du Patxi Zabalzak. Hiru alaba ditu, eta etxean gaia bazter uztea haiengatik erabaki zuen Mikelen anaiak: “Ez genien inolako gorrotozko sentimendurik eragin nahi”, nabarmendu du Patxi Zabalzak.

Gorrotorik ez, baina egia bai; egia nahi du. Patxi Zabalzak onartu du, oraindik ere, amesgaiztoak izaten dituela urte oro, azaroaren 26aren bueltan. Duela 35 urtekoaren arrastoa hor dagoelako, eta anaiaren memoriari eutsi nahi diolako egin du Patxi Zabalzak alabekin eta emaztearekin hitz egiteko urratsa. Paco Etxeberria auzi medikuarekin ere mintzatu da, eta Euskal Herrian gertatu diren torturen inguruko txostenean jasota gelditu da bere testigantza.

Aitari egin dio so Mirari Zabalzak Istanbulgo protokoloa ezarrita egindako prozesuaz aritu denean. Aitarentzat zaila da azaltzea; familiakoentzat ere zaila izan da azalpen horiek jasotzea, anitzetan. “Ohartu naiz badela jendea ez dagoena prest esateko dudana entzuteko”, erran du Patxi Zabalzak.

“Alabek ere nork bere modura egin dio aurre egoerari; adinaren arabera joan gara informazioa jasotzen. Ahizpa txikiari, adibidez, gehiago kostatzen zaio; nik edo ahizpa zaharrenak, akaso, galdera gehiago egiten diogu aitari”, kontatu du Mirari Zabalzak.

Galdera horiek egiteko modua aldatu da, azken hilabeteotan. Aita eta alabaren arteko ia ezkutuko solasaldiak, “sukaldeko gai” bilakatu dira, neurri batean. Hori lortu du Non dago Mikel? film dokumentalak, Mirari Zabalzak nabarmendu duenez. Miguel Angel Llamas Pitu eta Amaia Merino egileek zuzendu dute lana; joan den irailean estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian. “Dokumentala egiteko prozesuak ekarri du denon artean hitz egitea osabaren auziaz”, erran du Mirari Zabalzak.

Osabaren memoria gordetzeko modu bat ere eman du filmak, familiaren ustez. Lan hori, halere, memoriaren gordailu izatekoa, hasieratik egin dute Mikel Zabalzaren senideek. Memoria hori jasoko du Patxi Zabalzaren bilobak ere. Lehena eta bakarra du, eta, hari begira, zain egoteak eragindako nekea sumatzen zaio Lorentxo etxekoari. Bilobari so, gurasoak ditu berriz buruan. Seme zaharrena galdu, eta egia eta aitortza irabazi gabe joandako gurasoak. “Dena esana dago; egia hor da; onar dezatela falta da”, nabarmendu du Patxi Zabalzak.

Juan Alberto Perote Espainiako CESID zerbitzu sekretuetako buruaren paperetan agertu zen Guardia Zibileko kapitain batek bertsio ofiziala guztiz ezeztatu zuela, eta onartu zuela torturapean hil zutela Mikel Zabalza, Guardia Zibilaren Donostiako Intxaurrondoko kuartelean. “Onar dezatela; behar dugu”, berretsi du Patxi Zabalzak.

Anaia zaharrak artzain izan nahi zuela gogoratu du. Etxeko ardiak zaintzen edo traktorearen gainean egoten zela gustura. Donostiara joan eta gero ere, Orbaizeta zuela bere herri eta txoko. Jaio zen tokiarekin lotzen zuen soka inoiz ez zela apurtu. “Aezkoako gizon bat zen; apala eta gozoa; langilea eta maitekorra. Nire anaia zaharra”.

 

 

 

Auritzen eginen dute Mikel Zabalza oroitzeko ekitaldi nagusia, bihar

Koronabirusaren pandemiak eragin dio Mikel Zabalza oroitzeko urte oro egiten duten omenaldiari ere, eta aurtengo egitaraua egokitu behar izan dute Mikel Gogoan Herri Ekimeneko kideek, osasun protokoloak betetzeko. Ondorioz, bi zatitan banatu dute omenaldia: batetik, bihar eginen dute ekitaldi nagusia, 12:00etan, Aurizko kultur etxean; eta, bertzetik, igandean lore eskaintza izanen da Zabalzaren sortetxearen aurreko monolitoan; autoz eginen dute.

Biharko ekitaldia kultur etxetik ikusi ahal izateko gonbidapena beharko da, tokia mugatua baita. Halere, Ahotsa.info hedabide digitaleko kideek zuzenean emanen dute sareetan, nahi duen orok jarraitzeko aukera izan dezan. Nafarroako Gobernuko ordezkariren bat izanen dela baieztatu dute antolatzaileek.

Igandekoa ez da ohiko lore eskaintza izanen, auto karabana egitera deitu baitituzte herritarrak, jende pilaketak saihesteko. Asmoa da jendea autoz hurbiltzea Orbaizetako Olara. Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimeneko kideek nabarmendu dute “Orbaizetako 1985eko gazteek” eman dietela lore eskaintza egokitzeko ideia, gazte horiek antzekoa egin zutelako 1985eko abenduaren 18an, Mikel Zabalza lurperatu zuten egunean. “Antolatu gabe, eta bat-bateko omenaldi gisa, traktore eta auto anitz atera ziren egun hartan bailarako errepideetara, familiari elkartasuna agertzeko, Zabalzatarren etxe aurretik pasatu ziren”, azaldu dute Mikel Gogoan Herri Ekimeneko kideek. Egun hartako espirituari helduko diote igandeko ekitaldian.