Beteluko eskola lanean ari da eraikina ahalik eta jasangarriena izatea lortzeko

Beteluko eskola lanean ari da eraikina ahalik eta jasangarriena izatea lortzeko

Hondakinen kudeaketan urratsak egin dituzte: urtean 1.650 kilo zabor organiko bilakatzen dute konpost; DBHko bigarren mailako ikasleak inplikatu dira proiektuan.

Edurne Elizondo

Beteluko eskolak irakasten duenaren eredu izan nahi du, eta, horretarako, Ikastetxe jasangarria izeneko hautazko ikasgaia garatu eta gero, egunerokoan urratsak egiten ari da, eskolaren eraikina ahalik eta iraunkorrena izan dadin. Hondakinen kudeaketa jorratu dute ikastetxeko kideek, bereziki, eta lan horren ondorioz, lortu dute urtean 1.650 kilo zabor organiko konpost bilakatzea. Nafarroako Gobernuak nabarmendu eta eskertu egin nahi izan du Beteluko ikastetxeko kideen ahalegina, eta eskola hori hautatu du bisita egiteko, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen aitzakiarekin, hain zuzen.

“DBHko bigarren mailako ikasleekin lantzeko sortu genuen hautazko ikasgaia, baina, azkenean, eskola osoa inplikatu da. Ikasle zaharrenak gazteenen eredu bilakatu dira, nolabait”, kontatu du Mikel Sarasola Beteluko ikastetxeko irakasle eta proiektuaren arduradunak. “Kontent” da orain arte lortu dituzten emaitzekin, eta nabarmendu du, batez ere, hondakinen kudeaketarekin “harreman zuzen eta naturala” lortzen dutela ikasleek, eskolan egindako lanaren bidez. Ikastetxetik kanpoko egunerokorako “ohitura jasangarriak” bultzatzen dizkiete, nolabait.

2017. urtetik

Beteluko eskolan, 2017-2018 ikasturtean hasi ziren jasangarritasunari buruzko lana egiten. Klima aldaketaren auzia erdigunean jartzea zen ikastetxeko arduradunen asmoa, ikasleak ohartarazteko energia aurrezteko eta hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko beharraz. Lan hori modu praktiko batean proposatu dute Beteluko irakasleek, eta eskola bera bilakatu dute jasangarritasunaren aldeko apustua egiteko toki.

“Hondakinak gaika biltzeko ontziak ditugu ikastetxean, adibidez”, azaldu du Sarasolak. Zabor organikoa konpost bilakatzeko lehendabiziko urratsa hamaiketakoaren orduan eskolan sortzen zen zaborrari lotuta egin zuten Beteluko gazteek. Gero, jantokian sortzen ziren hondakin organikoak jasotzen hasi ziren. “Txandaka aritzen dira ikasleak sukaldeko zabor organikoa jasotzen; egunean bi ikasle arduratzen dira zeregin horretaz”. Zabor organikoa jaso, eta ikastetxearen kanpoko aldean duten konposta egiteko ontzian sartzen dute.

Zikloa, halere, ez da hor amaitzen. “Lortzen dugun konposta gero baratzean erabiltzen dugu”, esan du Beteluko ikastetxeko irakasle eta proiektuaren arduradunak. Konpost horrekin ongarritutako baratzeko produktuak eskolako sukaldean jasotzen dituzte berriz ere, menuak prestatzeko. Sarasolak zehaztu du baratzearen funtzio nagusia ez dela eskola hornitzea: “Landareekin lotutako edukiak jorratzeko erabiltzeko prestatzen ari gara, bertzeak bertze; baratze didaktikoa eta ekologikoa izanen da”, azaldu du. Baratzeak emandakoak “aprobetxatzen” dituztela garbi utzi du, halere.

Eskolaz harago

Beteluko eskolan jasangarritasunaren alde egin duten lanak izan du eraginik ikastetxeaz harago ere. Horixe nabarmendu dute Nafarroako Gobernuko arduradunek, eskolara bisita egin eta gero.

Izan ere, Beteluko eta inguruko herrietan, “ohituren aldaketa” sumatu dute, eta nabarmendu dute “gero eta gehiago” birziklatzen dutela. Beteluko eskolan aritzen dira herri horretako, Arribeko, Atalluko, Azkarateko, Errazkingo, Gaintzako, Intzako, Lezaetako eta Uztegiko haur eta gazteak —105—, Haur Hezkuntzatik DBHko bigarren mailara.