Gero arte

Gero arte

Naiara Elola

Agur esateko unea iritsi da. Ia urtebete luze izan den ibilbidea egin eta gero, eta sortzear dauden betebehar berriak tarteko, Nafarroako Hitza-ko zutabegile laukotea uztera noa; behin-behinean. Urte luzez, zutabeak jaso eta irakurtzeaz arduratu ondotik, beste aldean egotea egokitu zait, eta zeinen pozik, gainera!

Plazer hutsa da duela hamar urte zalantza, kezka eta ilusioz beterik abiatu genuen abentura zoro horren parte izaten jarraitzea, lau astean behin bada ere. Nafarroako euskaldunok badugu gure inguruneko gaiak patxadaz irakurtzeko beharra. Hamarkada batez, astero berretsi dugu behar hori. Merezi du goraipatzea Nafarroako Hitza-ko lantaldeak egiten duen ahalegina. Zailtasun eta estualdi guztiak gainditu, eta zintzo demonio iritsi baita beti, gure herri eta auzoetako kioskoetara.

Hilabetean behin, nire barnea husteko aukera izan dut astekarian. Kezkatzen nauten edota egunerokoan eragiten nauten gaiez mintzatu naiz, gehienetan. Baina ziurrenik, ustekabean harrapatu gaituen koronabirusaren pandemiak eragin dit gehien. Senitartekoak osasun zerbitzuetako langile izateak, hain zuzen, birusaren dianan jarri ditu. Izkin egitea lortu dute, oraingoz, baina ezin jakin noiz arte. Atzetik jarraika mamu bat badugu, gu noiz despistatuko, eraso egin ahal izateko.

Hala ere, inoiz baino gehiago, bizi dugun egoerak agerian utzi du gure bizitokiak duen garrantzia. Herri txikietan bizi garenok ohartu ahal izan gara, zerbitzuetan dauzkagun hutsuneez harago, zer-nolako pribilegioa dugun bizi garen tokian bizitzeagatik.

Duela urte batzuk, hirian bizitzeari uko egin genion, eta herrira etorri ginen; erabaki ulergaitza izan zen gure inguruko jende askorentzat. Orain, ordea, inbidia apur batekin begiratzen gaituztela esanen nuke.

Hemen seguru gaude. Errazagoa da harremanak mugatzea, eta toki irekien faltarik ez dugu. Lasai ibiltzen ahal dira haurrak plazan edota parkean jolasean. Gainera, aisialdia ez da horrenbeste merkatalgune erraldoi edota tabernekin lotzen. Hemen, herrigunetik urruntzea aski da denbora atsegina igarotzeko. Gobernuak ezarritako murrizketa eta mugak beteta ere, nahiko aske bizitzeko aukera dugula esango nuke.

Orain, datorren horretan guztian zentratzea tokatzen da. Hilabete barru beste txiki bat munduratuko dut. Bertako alde ilun zein argiak azaltzea eta erakustea tokatuko zaigu. Garai zail eta arriskutsuan jaioko den arren, normaltasunera ahal bezain azkar itzuli ahal izateko borroka egingo dugu.

Datozen hilabeteotan, etxekoetan zentratuko naiz; etorriko denean eta egun ditugunetan. Uda ondotik, baina, berriz itzultzea da asmoa. Ahal dela, martxo aurretik genituen errutinak eta ohiturak berreskuratuta. Horrenbestetan gorroto izan dudan normaltasuna berreskuratzea baita asmoa. Eta, bitartean, gero arte!