Prebentzioa, birusaren garaian

Prebentzioa, birusaren garaian

Gizakia Helburu fundazioko Suspertu programak martxan jarraitu du, osasun krisiak eragindako baldintzetara egokituta. Ikastetxe eta institutuetako tailerrak bertan behera utzi behar izan dituzte, baina ‘online’ artatu dituzte droga kontsumoarekin arazoak dituzten gazteak eta haien familiak.

Edurne Elizondo

Amak Suspertu programakoengana eramanen ninduela erran zidanean, gehiegizkoa iruditu zitzaidan”. Aitorrek onartu du “ikaratu” ere egin zela. Ez da bere benetako izena, nahiago baitu ez eman. Hamahiru-hamalau urterekin hasi zen alkohola edaten; hamasei zituen ama porroak erretzen zituela ohartu zenean; duela sei hilabete erran zion Suspertu programara eramanen zuela. Hemezortzi ditu jada, eta “ontzat” jo du esperientzia. “Ez nuen espero, baina neure burua ezagutzen ikasi dut, eta kontent nago”, erran du gazteak.

Aitor da 2020an Gizakia Helburu fundazioko Suspertu programan artatu dituzten 101 gazteetako bat. Nerabeentzako eta familientzako programa bat da, eta “prebentzioa” du helburu, Garikoitz Mendigutxia zuzendariak nabarmendu duenez. Osasun krisiaren eraginez, behera egin du aurten erabiltzaile kopuruak, eta bertan behera utzi behar izan dituzte ikastetxeetan eta institutuetan egiten zituzten tailerrak. Halere, online jarraitu dute nerabeak eta familiak artatzen, eta teknologiak aukera eman die, gainera, Iruñetik kanpoko herritarrengandik hurbilago egoteko.

Suspertu egitasmoko lantaldeko kideek azaldu dute programarekin bat egiten duten nerabeek ez ohi dutela “arazo larririk” izaten droga kontsumoarekin. “Guregana jotzen dute, gehienetan, gurasoek behartuta. Gurasoak guregana etortzen dira nerabeekin arazoren bat dutelako, eta egoerak okerrera eginen duen beldur direlako”, kontatu du Mendigutxiak.

Batez ere, alkohola

“Hasierako kontsumoen ondorioz” egiten dute bat nerabeek eta gurasoek Suspertu-koekin, Saioa Iturriagagoitia psikologoak berretsi duenez. Aitorrena da adibide garbi bat. Alkohola eta kalamua dira nerabeek gehien kontsumitzen dituzten substantziak. “Batez ere, alkohola”, zehaztu du Iturriagagoitiak. Hala ere, guraso gehienen kezka kalamuak pizten du. “Hagitz ezberdina da gizarteak droga baten edo bertzearen inguruan duen jarrera; bat legezkoa da, eta bertzea, ez, eta horrek erabat aldatzen du gizartearen ikuspuntua”.

Aitorrek ere garbi hitz egin du alde horretaz: “Ama porroak erretzen nituela ohartu zenean kezkatu zen, bertzelako droga gogorragoak hartzen hasiko nintzela beldur zelako. Alkohola? Bai, edaten dut. Amak hori ere badaki, baina ez da horrekin hainbertze kezkatzen”. Erretzeari utzi dio Aitorrek, baina edateari ez.

Gizarteak “normalizatu” egin du alkoholaren kontsumoa, Suspertu-ko arduradunek nabarmendu dutenez, eta horrek “hagitz zail” bilakatu du prebentzio lana. Jorratu beharreko hainbat auzi daudela erran du Mendigutxiak, eta erdigunean jarri nahi izan ditu. Batetik, alkoholaren kontsumoaren inguruko informazio kanpainak aipatu ditu. “Ez dute deusetarako balioko ez badute kontuan hartzen alkohola edatea ez dela erabaki arrazional bat. Nerabeek edaten dute ondokoek ere edaten dutelako; etxekoek ere edaten dutelako”. Iturriagagoitiak erantsi du “sinesgarritasuna galtzen” duela guraso askoren alkoholaren aurkako mezuak, “haiek egiten dutena ez egiteko esaten dietelako seme-alabei”. Helduek, beraz, haientzat zabalik den ate bat itxi nahi izaten diete seme-alabei. “Mezu kontraesanezkoak zabaltzen ditu gizarteak”.

Bertzetik, oraingo osasun krisiak eman dituen “aukerak” aprobetxatzeko beharra nabarmendu dute Suspertu-ko kideek. “Konfinamenduak eta harreman sozialetan gertatu diren aldaketek ekarri dute nerabe anitzentzat atzeratu izana alkohola edaten hasteko unea. Bestarik gabe, edateko aukerak behera egin du”, azaldu du Suspertu-ko zuzendarik. Garbi du “aisialdirako eta harremanak izateko bestelako alternatibak” behar dituztela nerabeek.

Finlandian duela zenbait urte egindako urratsak jarri ditu Mendigutxiak adibide. “Arazo larria zen alkoholaren kontsumoa nerabeen artean; egoera horri aurre egiteko, besteak beste, gurasoei erraztasunak eman zizkieten lanetik lehenago ateratzeko seme-alabekin egoteko; eta gazteen esku jarri zuten, adibidez, hamaika kirol egiteko aukera”. Kontua da, Mendigutxiaren hitzetan, horrelakorik egin “nahi” ote den hemen. “Egiturazkoa da behar dugun eztabaida; politikoa da; baina egin nahi da? Adibide bat jarriko dut: kezka handia dugu gazteen arteko koma etilikoekin, baina Nafarroa Oinez-en gisako besta handi bat alkoholik gabe egiteko aukeraz ez dugu hitz egin nahi ere”, erran du zuzendariak.

Anitz eskatu, anitz eman

Pandemiak ekarri duen bertze auzi bat nabarmendu du Saioa Iturriagagoitia psikologoak: kriminalizazioa.”Gazteak kriminalizatu ditu gizarteak; kutsatzeen erruduntzat jo dituzte, neurri handi batean. Hori ez da bidezkoa”, erran du. Suspertu programan ari diren nerabeen errealitatea gertutik ezagutzen du psikologoak, eta garbi erran du “jarrera eredugarria” izan dutela. “Haur eta gazteei asko eskatu diegu, eta asko eman dute”, erantsi du Suspertu-ko kideak. Guraso eta nerabeei gauza bera galdegin die berak, bukatzeko: “Harremanak izateko denbora har dezatela; kalitatezko harremanak behar ditugu”.

 

Zenbait datu:

1997. SUSPERTU SORTU ZUTEN URTEA

Gizakia Helburu fundazioak 1997an sortu zuen Suspertu programa, zehazki nerabeak eta haien familiak artatzeko asmoz.

 

86. ZENBAT ARRETA ESKAERA BERRI JASO DITUZTEN

86 arreta eskaera berri jaso dituzte Suspertu programan. Iazko datuekin alderatuta, %20 gutxiago dira. Denera, 101 nerabe artatu dituzte.

%67,8. ZENBAT GAZTEK AMAITU DUTEN PROGRAMA

Suspertu programa 2020. urtean hasitako nerabeen %67,8k amaitu dute, eta jasotako arreta “ontzat” eman. Hau da, positibotzat jo dute programa horretan egindako lanaren emaitza.

80. ZENBAT FAMILIA ARITU DIREN GURASOEN ESKOLAN

Osasun krisiak ez du Suspertu-koen gurasoen eskola itxi: aurten, 80 familia artatu dituzte, “seme-alaben arrisku jarrerak lantzeko” asmoz.

16,3. ZENBAT URTE DITUZTEN BATEZ BESTE

16,3 urte dituzte, batez beste, Suspertu programarekin bat egiten duten nerabeek. Mutilak dira gehienak: %77. Halere, nesken kopurua gora egiten ari da.

 

Besteen oniritziarekin

Estudes inkestaren azkeneko emaitzek agerian utzi dute datuek bat egiten dutela Suspertu programako arduradunek ezagutzen duten errealitatearekin: hamalau eta hemezortzi urte bitarteko hamar gaztetik zazpik edan ohi dute alkohola, 2019ko inkestaren arabera. Lautik batek tabakoa erre ohi du, adin tarte berean, eta bostetik batek, berriz, kalamua.

Estudes inkesta bi urtean behin egiten da, bigarren hezkuntzako gazteen artean. 1994an egin zuten aurrenekoz. Herrialdeko datuak, zehazki, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak jasotzen ditu. Azken emaitzek kezka eragin dute Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko arduradunen artean, onartu behar izan baitute alkoholaren kontsumoa “handia” dela herrialdeko adingabeen artean. “Kezkagarritzat” jo dute, halaber, gizarteak eta gazteen ingurukoek kontsumo horren aurrean duten jarrera, “normalizatu” egiten dutelako, neurri handi batean.

Ikerketak agerian utzi du alkohola dela herrialdeko ikasle gazteen artean gehien kontsumitzen den substantzia: hamar gaztetik zazpik onartu zuten, galdetu zietenean, alkohola edan zutela azken 30 egunetan. Ez da handia, baina bada aldea emakumeen eta gizonen arteko jarreretan: nesken %66,2k erran zuten alkohola edaten ohi dutela, eta mutilen artean, berriz, %64,7k.

Inkestaren arduradunek azken hilabeteko kontsumoa jotzen dute ohikotzat. Kontsumo intentsiboa da, berriz, asteburuetakoa edo bestetakoa. Horri dagokionez, hamar gaztetik lauk onartu dute alkohola edaten dutela. 2006. urtetik 2019ra bitarteko datuak kontuan hartuta, alkoholaren ohiko kontsumoak %4 egin du behera.

Internet

Alkohola, tabakoa eta kalamua dira gazteek gehien kontsumitzen dituzten substantziak. Estudes inkestak erreparatu die bertze mota bateko kontsumoei ere, dena den, eta, ildo horretan, Interneten erabilera edo apustuak egiteko jarrera jarri dituzte adituek erdigunean. 2019ko inkestaren arabera, Interneten “erabilera konpultsiboa” %16,5ekoa da hamalau eta hemezortzi bitarteko gazteen artean. Arlo horri lotuta, aipatzekoa da eragina izan duela azken hilabeteotako osasun krisiak, eta bertzeak bertze Nafarroako Unibertsitateak egindako ikerketek agerian utzi dute “nabarmen gora” egin duela gailu elektronikoen erabilerak, gazteen artean.

Apustuei dagokienez, kirol arlokoak dira gazteen artean gehien egiten direnak. Nafarroako Osasun Departamentuak “kezka” agertu du esparru horretan gazteek aurkitu ditzaketen “erraztasunekin”, eta arduraz jokatzeko beharra nabarmendu du. Prebentzioaren alde egin du departamentuak, arlo guztietan.