Eskopeten tiramenean

Eskopeten tiramenean

Amaitzear den urtea zorigaiztokoa izan da Pirinioetako hartz arreentzat: hiru hil dituzte apiriletik azarora bitarte. Esloveniatik ekarritako Sarousse emea izan da akabatu duten azkena; Aragoiko (Espainia) ehiztari batek tiroz jo du, uxaldi batean. «Ikerketa zorrotza» eskatu dute Pirinioz bi aldeetako ekologistek.

Edurne Elizondo

Apirilean, Cachou, Aran ibarrean (Herrialde Katalanak); ekainean, identifikatu gabeko bertze hartz bat, Ariegen (Okzitania); eta azaroaren 29an, Sarousse, Aragoin (Espainia). Zorigaiztokoa izan da 2020. urtea, orain arte, Pirinioetan bizi diren plantigradoentzat: hiru hartz hil dira, eta gizakiaren eskua dago hiruren heriotzaren atzean. Pirinioz bi aldeetako talde ekologistek “ikerketa zorrotza” eskatu dute, elkarrekin sinatutako ohar baten bidez, eta mendilerroa animalion bizitoki ere badela aldarrikatu dute.

Sarousse emea Eslovenian jaio zen, 1999an. 2006an harrapatu zuten sorterrian, Pirinioetara eramateko. Mendiok izan ditu bizitoki urte hartako abuztuaren 21etik, ehiztari batek tiroz hil duen arte. Basurde uxaldi batean akabatu zuen ehiztariak hartza: hiru aldiz egin zion tiro, bere burua “babesteko”, epailearen aurrean erran duenez. Egun berean, eta bertze uxaldi batean, bertze hartz arre bat hil zuen ehiztari batek Palentzian (Espainia). Kasu horretan, hartza “basurdetzat” hartu zuen tiro egin zuen gizonak.

2010etik, Aragoiko Ribagorza eremuan bizi izan da Sarousse. Epaileak ikerketa hasi du hil zuten uxaldian zer gertatu zen argitzeko. Biarnoko (Okzitania) FIEP talde ekologistako kide Gerard Caussimontek nabarmendu du uxaldiko parte hartzaileek erran dutela hartza ikusi zutela animaliak ehiztariarekin topo egin baino lehen, baina, hala ere, ez zutela uxaldia bertan behera utzi. “Hori egin izan balute, Sarousse bizirik izanen zen. Pirinioez bertze aldean, Frantziako Gobernuak ditu ehiza eskumenak, eta legez jasota dago hartza inguruan bada uxaldia bertan behera utzi behar dela”.

 

“Istripu bat izan dela bertzerik ezin dugu pentsatu; inor ez da mendira joaten hartz bat akabatzera”, erran du Jose Angel Remirezek, Nafarroako Ehiza Federazioko presidenteak. Ez du bat egin hartza dagoen eremuetan ehiza debeka dezatela eskatu duten ekologistekin. 2019-2020ko ehiza sasoian, 8.310 basurde, 2.378 orkatz eta 720 orein hil dituzte ehiztariek Nafarroan, Ingurumen Departamentuko datuen arabera.

Ekainean Ariegen hilik aurkitutako hartza ere tiroz hil zuten; uda, baina, ez da ehiza sasoia. “Zalantzarik gabe, isileko ehizaz ari gara”, salatu du Caussimontek; hartza akabatzera joan zirela uste du. Apirilean Aran ibarrean gertatutakoak “biziki mindu” duela onartu du FIEPeko kideak, halere: Cachou hartza Les herriko baso batean aurkitu zuten, hilik, apirilaren 9an. Hasierako hipotesietako bat izan zen hartzen arteko borroka baten ondorioz amildu zela. Ikerketak, baina, bertze bide batetik egin du aurrera: hartza, ustez, etilenglikolarekin pozoitu zuten. Arango basozain bat auzipetu dute, ondorioz. “Izugarria da”, erran du Caussimontek.

50 hartz

Nafarroako Gurelur eta Biarnoko FIEP dira hartzen aldeko manifestua sinatu duten taldeetako bi. FIEPeko Gerard Caussimontek onartu du baikor izatea “hagitz zaila” zaiola, baina garbi erran du ez dela amore emateko prest. “Hartzen inguruko gure eskuorria berritzen ari gara egunotan, eskoletan banatzeko. 2006an jaso genuen Pirinioetan hogei hartz bazirela; egun, 50 daude”.

2019ko erroldan, zehazki, 52 hartz arre zenbatu zituzten Pirinioz bi aldeetako erakundeek. “Bi hil ziren”, argitu du Caussimontek. 2020an, berriz, hiru dira, “gutxienez”, zendutako hartzak. Hartzaren jarraipena egiten duten talde ekologistek eta basozainek baieztatu dute, halere, aurten sei hartz emek izan dituztela kumeak. Udaberrian jakin ahal izanen da zenbat diren.

“Urrats bat aurrera, eta bi atzera”. Horrelakoa da hartzen egoera Pirinioetan, Caussimonten hitzetan. 2018ko udazkenean, Sorita eta Claverina askatu zituen Frantziako Gobernuak, Biarnon. Eslovenian jaiotakoak dira bi hartz emeak. Han harrapatu, eta Pirinioetara eraman zituzten, 2018ko urriaren hasieran Frantziako Gobernuak mendebaldeko gunea sendotzea erabaki eta gero.

Sorita berehala sartu zen zuloan, eta adituen usteak egia bilakatu ziren iazko apirilean, basozain batek hartza bi kumerekin ikusi zuenean. 2019ko apirilaren 17an ikusi zituen lehenengoz, eta maiatzaren 1ean azkenekoz. Handik zazpi egunera, ar baten ondoan zen Sorita, eta adituen beldurrak egia bilakatu ziren: kumeak hilik ziren.

Caussimontek Soritaren arrastoa aurkitu zuen, Ossaun, joan den urrian. “Claverina, berriz, ohiko tokian dago oraindik”; hau da, Aragoi eta Erronkari artean. Bi hartz emeek zituzten lepokoek ez dute seinalerik bidaltzen jada, bateriarik gabe gelditu direlako.

Bada bertze hartzik inguruan, Caussimontek nabarmendu duenez: Nere kamera automatiko batekin egindako argazki batean agertu da, azaroaren 28an, eta Cannellito eta Rodri ere Biarnon dira. “Bai eta ezagutzen ez dugun bertze bat ere”, erantsi du.

Cannellito ekialderantz joan zen, eta han eman ditu azken urteak, baina emeen etorrerak mendebalderantz ekarri du berriz ere. Udaberriaren zain, udazkena pagatxaz beteta dela nabarmendu du Caussimontek. “Hagitz berri ona da: badute zer jan, eta, ondorioz, aukera gehiago dute kumeak izateko eta aurrera ateratzeko”.

 

Hamaika proposamen eta 150.000 euroko saila

Nafarroako Gobernuak 1996an onartu zuen Hartz Arrea Berreskuratzeko Plana, baina berehala utzi zuen bazterrean. Claverina eta Sorita askatu zituztenetik, Ingurumen Departamentuak prest ditu neurri batzuk.

E. Elizondo

Camille hartzak Erronkari izan zuen bizitoki 1997tik 2010era. Duela hamar urte eman zuten hiltzat. Hartz zaharra desagertu eta gero, Nere hasi zen, tarteka, Nafarroan agertzen. 2018tik, berriz, Sorita eta Claverina daude mendebaldeko gunean, eta azken horrek Erronkarira hurbiltzeko urratsa egin du.

2018ko urritik dira Claverina eta Sorita Pirinioetan. Nafarroako Gobernuak, hasieran, kritikatu egin zuen Frantziako Gobernuak “bere kabuz” hartu izana hartzak askatzeko erabakia. Nafarroan, 1996an onartu zuten Hartz Arrea Berreskuratzeko Plana, baina berehala ahaztu zuten. Soritaren eta Claverinaren etorrerak izan zitzakeen ondorioei aurre egiteko, halere, neurri batzuk prestatu zituen Ingurumen Departamentuak, 2018an, Pirinioetako eragileekin eztabaida egin eta proposamenak jaso eta gero.

132.000 euroko gastua

Gobernuak 150.000 euroko diru saila onartu zuen 2019rako, plan berrian jasotako neurriak garatzeko. Urte hasieran, Nafarroako Parlamentuan agertu zen Ingurumen kontseilari Itziar Gomez, eta azaldu zuen sail horretatik 132.000 euro gastatu zituztela 2019an. 2020rako ere, 150.000 euroko saila onartu du Ingurumen Departamentuak, “handitzeko aukerarekin”.

2018ko neurrien artean mota askotakoak daude. Batetik, hartza dagoen eremuko artzainentzat diru laguntzak zehaztu dituzte, bai eta laguntza gehigarriak ere, erasoak gertatzen direnerako. Bertzetik, onartutako neurrien asmoa da turismoa bultzatzea, hezkuntza jorratzeko egitasmoak sustatzea Erronkariko interpretazio zentroetan, eta neguko eski kanpaina babestea, bertzeak bertze. Herritarrekin eta eragileekin egindako bileretan proposatutako neurrien artean badira onartu ez dituzten zenbait: hartzak eremu batean “ixtea” edo muga “kontrolatzea” Erronkarin sar ez daitezen, eta hartzak “desagerraraztea”.

2018an, Nafarroako Gobernuak 1.700 euro gastatu zituen artzainei kalte ordainak pagatzeko; 2019an, berriz, 4.500. Ingurumen Departamentuaren arabera, hartzak iaz hamabi ardi eta lau arkume hil zituen. 2020ko udaberrian, Erronkarin agertu da Claverina, berriz ere. Maiatzean, hain justu, Izabako artzain batek salatu zuen Txamantxoian hamahiru ardiri eraso egin ziela.