Hamaika proposamen eta 150.000 euroko saila

Hamaika proposamen eta 150.000 euroko saila

Nafarroako Gobernuak 1996an onartu zuen Hartz Arrea Berreskuratzeko Plana, baina berehala utzi zuen bazterrean. Claverina eta Sorita askatu zituztenetik, Ingurumen Departamentuak prest ditu neurri batzuk.

E. Elizondo

Camille hartzak Erronkari izan zuen bizitoki 1997tik 2010era. Duela hamar urte eman zuten hiltzat. Hartz zaharra desagertu eta gero, Nere hasi zen, tarteka, Nafarroan agertzen. 2018tik, berriz, Sorita eta Claverina daude mendebaldeko gunean, eta azken horrek Erronkarira hurbiltzeko urratsa egin du.

2018ko urritik dira Claverina eta Sorita Pirinioetan. Nafarroako Gobernuak, hasieran, kritikatu egin zuen Frantziako Gobernuak “bere kabuz” hartu izana hartzak askatzeko erabakia. Nafarroan, 1996an onartu zuten Hartz Arrea Berreskuratzeko Plana, baina berehala ahaztu zuten. Soritaren eta Claverinaren etorrerak izan zitzakeen ondorioei aurre egiteko, halere, neurri batzuk prestatu zituen Ingurumen Departamentuak, 2018an, Pirinioetako eragileekin eztabaida egin eta proposamenak jaso eta gero.

132.000 euroko gastua

Gobernuak 150.000 euroko diru saila onartu zuen 2019rako, plan berrian jasotako neurriak garatzeko. Urte hasieran, Nafarroako Parlamentuan agertu zen Ingurumen kontseilari Itziar Gomez, eta azaldu zuen sail horretatik 132.000 euro gastatu zituztela 2019an. 2020rako ere, 150.000 euroko saila onartu du Ingurumen Departamentuak, “handitzeko aukerarekin”.

2018ko neurrien artean mota askotakoak daude. Batetik, hartza dagoen eremuko artzainentzat diru laguntzak zehaztu dituzte, bai eta laguntza gehigarriak ere, erasoak gertatzen direnerako. Bertzetik, onartutako neurrien asmoa da turismoa bultzatzea, hezkuntza jorratzeko egitasmoak sustatzea Erronkariko interpretazio zentroetan, eta neguko eski kanpaina babestea, bertzeak bertze. Herritarrekin eta eragileekin egindako bileretan proposatutako neurrien artean badira onartu ez dituzten zenbait: hartzak eremu batean “ixtea” edo muga “kontrolatzea” Erronkarin sar ez daitezen, eta hartzak “desagerraraztea”.

2018an, Nafarroako Gobernuak 1.700 euro gastatu zituen artzainei kalte ordainak pagatzeko; 2019an, berriz, 4.500. Ingurumen Departamentuaren arabera, hartzak iaz hamabi ardi eta lau arkume hil zituen. 2020ko udaberrian, Erronkarin agertu da Claverina, berriz ere. Maiatzean, hain justu, Izabako artzain batek salatu zuen Txamantxoian hamahiru ardiri eraso egin ziela.