Suhiltzaileen Erreskate Teknikorako Taldeak triptiko bat prestatu eta banatu du, ezbehar bat duten mendizaleei oinarrizko jarraibideak azaltzeko. Nabarmendu dute arriskuak gora egin duela, gero eta jende gehiago dabilelako mendian.
Edurne Elizondo
Gaur goizean, orkatila bihurritu duen gizon bat artatu dugu Lizarrustin”. Nafarroako suhiltzaileen Erreskate Teknikorako Taldeko kide Juan Carlos Cisnerosek garbi erran du “nabarmen gora” egin duela aisialdirako mendiaren aldeko hautua egin duten herritarren kopuruak, eta, ondorioz, “nabarmen gora” egin duela arriskuak ere. Horregatik jarri dute kanpaina bat martxan, ezbeharren bat gertatuz gero, herritarrei oinarrizko jarraibideak azaltzeko. “Garrantzitsua da zer egin jakitea”.
Erreskate Teknikorako Taldea 1990eko hamarkadan herrialdean martxan izan zen Mendiko Erreskate Taldearen oinordeko da. Aurrekoa, 1999. urtean desegin zuten, boluntario gisa aritzen baitziren suhiltzaileak. Beti aldarrikatu dute erreskatetan lan egiteko talde berezi eta profesional baten beharra, eta, azkenean, 2019ko maiatzean osatu zuten. 24 suhiltzaile ari dira.
Aspaldi hasi ziren martxan jarri duten informazio kanpaina prestatzen, baina orain “bereziki beharrezkoa” dela erran du Cisnerosek. “Mendira joateko ohitura ez duen jende anitz ari da ateratzen, osasun krisiagatik ezarritako murrizketen ondorioz, eta, askotan, behar bezala prestatu gabe ateratzen dira”, azaldu du.
Ondorioz, azken hilabeteotan, gora egin du Erreskate Teknikorako Taldeko kideen parte hartzeen kopuruak. Bertzeak bertze, mendian galdutako jendearen bila atera behar izan dute. “Azaroan maiz gertatu zaigu; egun argiz atera, baina ilunduta itzuli dira mendizale anitz, eta, linternarik gabe zirenez, bila joan behar izan dugu”.
Argitaratutako triptikoaren bidez, istripu bat gertatuz gero, beren lana “ahalik eta errazena eta seguruena” izan dadila lortu nahi dute suhiltzaileek. Erreskate Teknikorako Kideak adibide bat jarri du: “Helikopteroa deitu baduzu, bi besoak gora eraman behar dituzu zuregana hurbiltzen denean, guk jakin dezagun zu zarela laguntza eskatu duen pertsona. Ez bazara zu, beso bakarra igo behar duzu”. Behin baino gehiagotan gertatu zaie laguntza behar zuenarengana nahi baino beranduago ailegatzea, jende anitz zegoelako eremu berean, eta laguntza eskatu zuenak ez zekielako bere burua nola identifikatu.
Mendira joateko ohiturarik ez dutenei “behar bezala prestatzeko” eskatu die Juan Carlos Cisnerosek. Garbi erran du, halere, eskarmentua duten mendizaleek ere izan ditzaketela istripuak, eta haientzat ere “egokiak” direla triptikoko aholkuak. Mendi Federazioarekin “prebentzioa lantzeko” lana egiten ari direla azaldu du, gainera, Erreskate Teknikorako Taldeko kideak “ahalik eta eraginkorren” izan daitezen.
Negurako prestatzen
Juan Carlos Cisnerosek aipatu du, adibidez, istripu ugari gertatzen diren tokietan lan zehatza egiten ari direla, helikopteroz edo helikopterorik gabe ailegatzeko biderik egokienak zehazteko asmoz. “Toki horietako bat da Ihurbaingo arrakala, Beriainen”, erran du.
Negurako prestatzen ari dira Erreskate Teknikorako Taldeko kideak; badakite eguraldiak anitz baldintzatuko dituela beren esku hartzeak aurrerantzean, eta haiek ere gerta daitezkeen gauzei aurre egiteko trebatu behar dute: “Helburua da herritarrek garbi izatea ongi prestatuta atera behar dutela mendira. Nahiko genuke inor artatzera joan behar ez izatea; eta joatekotan, segurtasunez aritzea da kontua”.
DATUA
130
ZENBAT ESKU HARTZETAN ARITU DIREN
Erreskate Teknikorako Taldeak 130 esku hartze baino gehiago egin ditu urtea hasi zenetik. Iaz, maiatzean hasita, 69 egin zituzten.
Irudiak: Nafarroako Gobernua.