Koronabirusaren pandemiak erabat baldintzatu ditu 2020koak: osasun krisiak otsailaren bukaeran egin zuen eztanda; martxoan konfinamendua ezarri zuten, eta uztailean hasitako bigarren olatuak gaitzaren ondorioak utzi ditu agerian, bere gordinean. Aste hasieran 145 pertsona ziren ospitalean; haietako 22, ZIUan.
Edurne Elizondo
Urte bakar batean, herritar guztien egunerokoa irauli da: koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak jokaleku ezezagun batean kokatu du herrialdea. Otsailaren 29an eman zuen Nafarroako Gobernuak lehendabiziko positiboaren berri, eta, geroztik, deus ez da lehen bezalakoa izan. Ez hemen, ez inon.
Pandemiak arlo eta sektore guztiei eragin die, zalantzarik gabe; martxoan ezarritako konfinamenduak dena eten zuen: herritarrek etxean gelditu behar izan zuten, eta ekonomiak ere gelditu egin zituen funtsezkoak ez ziren jarduerak, hamabost egunez. Astindurik handiena, hala ere, osasun sistemak jaso du: egoerak gainezka egin die herrialdeko osasun etxe eta ospitaleetako langileei.
Otsailetik abenduaren 13ra bitarte, 40.000 pertsona baino gehiago kutsatu dira koronabirusarekin. Aste hasierako datuen arabera, 145 pertsona daude ospitalean oraindik; haietako 22, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Otsailetik abenduaren 13ra bitarte, 900 pertsona baino gehiago hil dira herrialdean COVID-19ak jota.
Bigarren olatua
Koronabirusaren pandemiak zenbakiz bete du herritarren egunerokoa: kutsatutakoen edo ospitalera eraman behar izan dituztenen kopurua egun oroko albiste bilakatu da, batetik; bertzetik, gaitzaren aurkako neurriek zehaztutako egutegiari so eman dituzte herritarrek azken hilabeteak.
Espainiako Gobernuak hamabost egunerako iragarri zuen alarma egoera, martxoaren 13an. Ezarritako murrizketak arintzeko faseak, baina, ekainaren bukaeran amaitu ziren. Bitarte horretan, gutxinaka joan ziren herritarrak etxetik ateratzeko urratsak eginez: lehendabizi haurrak; gero helduak, ordubetez; karrikan egoteko ordu mugak desagertu ziren arte.
Koronabirusak udako sasoian izandako garapenak martxoko egoerara itzultzeko beldurra piztu zuen herritarren artean. Uztailarekin batera hasi zen pandemiaren bigarren olatua, eta urriaren bukaeran jo zuen goia: herrialdeak behin eta berriz gainditu zuen 600 kutsaturen muga hilabete horretan. Urriaren 22an, ondorioz, neurriak zorroztea erabaki zuen Nafarroako Gobernuak, eta ostalaritza itxi egin zuen, berriz ere. Herrialdeko mugak ere ixteko agindua eman zuen Maria Txibite lehendakariak. Urriaren 25ean, gainera, gauez etxean gelditzeko agindua eman zuen Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek.
Gizarteko arrakalak
Urriaren bukaeran ezarritako murrizketen eragina sumatu da, eta, azken asteotan, beherantz egin du birusak kutsatutakoen kopuruak. Pandemiak bere horretan jarraitzen du, halere, eta “kontuz” ibiltzeko beharra nabarmendu dute Osasun Departamentuko agintariek, behin eta berriz. Batez ere Eguberriak ate joka direla kontuan hartuta.
Eguberriak nola ospatu zehaztea da herritar anitzen kezka orain. Bertze anitzentzat, baina, eustea da lehentasuna. Izan ere, koronabirusaren pandemiak agerian utzi ditu gizartean dauden arrakalak, eta aurretik egoera zaurgarri batean zirenei eragin die batez ere.
Itxialdia hasi zenean, adibidez, herritar guztiek ez zuten konfinamendua betetzeko etxe bat; bertze anitzek, berriz, etxea bai, baina bizi baldintza eskasak zituzten pandemiari aurre egiteko. Lan prekario baten menpe zirenentzat, galtzea ekarri zuen itxialdiak; edo konfinamendua hautsi behar izatea, diru sarrera ez galtzeko.
Txikienen artean ere agerian gelditu da arrakala digitalaren eragina, bertzeak bertze. Eskolak itxi zituztenean, ordenagailua bilakatu zen ikasleak zentroekin lotzeko tresna, baina denek ez zuten eskura baliabide hori. Internet gabe, hezkuntzarik gabe gelditu dira.
Osasunaren esparruan, pandemiak hartu du dena, eta kolokan gelditu dira, neurri handi batean, bertzelako gaitzak artatzeko bideak. Hamaika protesta egin dituzte herritarrek, Nafarroako Osasun Plataformak deituta, eta agerian utzi dute, batez ere, oinarrizko arretaren “egoera kaskarra”.
Baliabideak eskatu dituzte plataformako kideek, behin eta berriz; baliabideak, “osasun sistema publiko eta unibertsala indartzeko. “Martxotik 670 langile berri daude Osasunbidean, baina haietako 31 baino ez dira ari oinarrizko arretan”, erran zuen plataformako kide David Mendazak, urriko protesten ildotik.
Plataformak salatu du, gainera, Osasun Departamentuak “pandemiaren aitzakia” baliatu duela telefono bidezko arreta ezartzeko osasun etxeetan. Kritika horrekin bat egin dute Asorna Nafarroako pertsona gorren elkarteko kideek. “Osasun krisian, bazter utzi gaituzte, eta eskubideak kendu dizkigute”. Telefono bidezko arretak, hain zuzen, bertze norbaiten menpeko bilakatu ditu gorrak. Maskararen erabilerak ere anitz eragin dio haien komunikatzeko gaitasunari, eta konponbideak exijitu dituzte, ondorioz. Pandemiak herritar guztiak jo ditu, baina batzuk gehiago.
Gaitzak gogor jo du herrialdeko zahar etxeetan
RKoronabirusak Nafarroan ere zahar etxeetan erakutsi du bere aurpegirik gordinena. Osasun krisiaren hasieratik abenduko lehen astera bitarte, 354 ziren zahar etxeetan hil eta positibo emandako pertsonak. Konfinamendua are zorrotzagoa izan da egoitza horietan, eta itxialdiak ekarri du zahar anitzen osasunak txarrera egitea, nabarmen.
Zahar etxeetako egoiliarren eskubideak babesteko eta zaintza sistema publiko eta unibertsal bat aldarrikatzeko, hain zuzen, Zainduz elkartea sortu dute zaharron senideek. Zaintza eta informazioa exijitu dituzte.
Datuak
40.854
ZENBAT POSITIBO IZAN DIREN HERRIALDEAN
Ia 41.000 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin, pan demia hasi zenetik abenduaren 14ra bitarte. Nafarroako Gobernuko abenduaren 14ko datuen arabera, zehazki, 40.854 positibo izan ziren.
926
ZENBAT PERTSONA HIL DIREN PANDEMIAGATIK
COVID-19aren eragina hagitz ezberdina izan da gaixo batzuen eta bertzeengan; kasurik larrienetan, heriotza eragin du: zehazki, 926 pertsona hil dira gaitz horrek jota, abenduaren 14ko datuen arabera.