Gobernuaren azken neurriek ez dute baretu ostalarien haserrea

Atzotik, tabernek barruan ere har ditzakete bezeroak, baina %30 baino ezin daitezke bete b Ostalariek manifestazioa egin zuten asteburuan, Iruñean; Nafarroako Gobernuak laguntza bereziak onartu ditu.

Edurne Elizondo

Koronabirusak eragindako pandemiak arrasto sakona utzi du herrialdeko ekonomian. Ostalaritzaren sektoreari bete-betean eragin dio, eta horrek ekarri du esparruko enpresarien haserrea eta etsipena.

Martxoan ezarritako alarma egoerak tabernak eta jatetxeak itxi zituenetik, nabarmena izan da sektoreko ordezkarien eta Nafarroako Gobernuko agintarien arteko tentsioa. Tabernariek salatu dute pagaburutzat jo dituztela, eta “erreskate plan bat” eskatu dute. Gobernuak, berriz, “ezinbertzekotzat” jo ditu hartutako neurriak, eta esan du herritarren “osasuna” dela “lehentasuna”.

Martxoan ezarritako alarma egoerak egun batetik bertzera itxi zituen herrialdeko tabernak eta jatetxeak. Nafarroan, 4.000 taberna, jatetxe eta dantzaleku baino gehiago daude, eta 18.500 lanpostu dira negozio horien jardueraren menpe.

Itxialdia arintzeko neurriak ezartzen hasi zirenean, ostalariek aukera izan zuten ateak berriz ere irekitzeko, baina muga anitzekin. Muga horien ondorioz, hain zuzen, berriz ere lanean hasteko baimena izan arren, itxita jarraitzea erabaki zuten tabernari anitzek; irabazi baino, dirua galtzeko beldurrez.

Maiatzaren 4an hasi zen itxialdia arintzeko zero fasea, eta, horri esker, eramateko zerbitzua eskaintzen hasi ziren jatetxeak. Lehen fasearekin, berriz, terrazetan bezeroak hartzen hasi ziren, baina kopurua mugatuz. Bigarrenean, barruan ere sartu ahal izan zuten, baina, kanpoan bezala, jende kopuru mugatuarekin. Hirugarren fasea izan zen itxialdiari amaiera eman aurreko azkena.

Neurriak eta protestak

Pandemiaren bigarren olatuak murrizketa gehiago ekarri zituen urriaren 22an, eta hartutako neurriek, berriz ere, bete-betean harrapatu zuten ostalaritzaren sektorea: tabernek eta jatetxeek ateak itxi behar izan zituzten berriz.

terrazak itxita

Azaroaren 26an jaso zuten terrazak zabaltzeko baimena. Egoerak, baina, ez du hobera egin, ostalarien hitzetan. Txarra izan zen urte hasiera, eta txarra izaten ari da amaiera ere. Urriaren 1etik azaroaren 18ra bitarte, adibidez, enplegua aldi baterako erregulatzeko 1.681 espediente aurkeztu dira Nafarroan, eta haietatik hiru laurden dira ostalaritzatzaren sektorekoak: 1.219, zehazki.

Nafarroako Gobernuak abenduaren 10ean jarri zuen bere azken proposamena mahai gainean, eta elkarretaratze batera deituz erantzun zuten ostalariek, 12an. Gobernuak adostutako neurri berrien arabera, taberna barruan sartzeko aukera dute bezeroek atzotik, baina %30eko mugarekin. Ordutegia luzatzeko aukera ere badute ostalariek, 22:00ak arte eman baitiete irekita egoteko baimena.

“Muga horiekin, gastuak ordaintzeko aukera ere ez dugu izanen”: horixe da Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko presidente Ana Beriainek gobernuak egindako proposamenari emandako erantzuna. Are gehiago, eskatu du Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek eta Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek dimisioa eman dezatela.

Ostalaritzak “erreskate plan bat” eskatu dio Nafarroako Gobernuari. “Plan duin bat” behar dutela berretsi dute sektoreko enpresariek, “inor baztertuko ez duena”. Nafarroako Gobernuak gogoratu du hogei milioi euroko laguntza sail bat onartu duela; negozio bakoitzaren baldintzen arabera banatuko da dirua: 2.850 gutxienez eta 25.000 euro gehienez.

Onartutakoa ez da nahikoa ostalarientzat, eta salatu dute jomugan jarri dituztela. Neurririk gabe, agerikoa da zaila dela tabernetan jendea ez pilatzea, baina agerikoa da, halaber, tabernak ez direla arazo bakarra.