Iritzia: Atzo ginena ez gara gaur

Iritzia: Atzo ginena ez gara gaur

Olatz Azpirotz Larzabal

Azkenean heldu da abenduak berarekin dakarren urtearen amaiera. Hala ere, ohitura den gisa, urteko ondorioak ateratzerakoan modu zehatz zein orokorrean aitortu beharra daukagu: 2020. urteari, 12 hilabete hauetan, belaunaldietan aldarrikatutako eta borrokatutako burujabetasun propioa eman diogu.

Iraganean argi ikusi genuen jainko gutxiago eta errealitate gehiago behar genuela, eta horregatik ekin genion bide berri baten sorkuntzari: kolektiboki harremantzeari, zaintzeari, ezagutzeari, mugitzeari eta ikasteari. Kolektibotasun horrek suak piztu zituen batzuengan, baina suak itzali ere egin zituen urtaro gorrietan, Australia eta Txernobyl lekuko.

Hala ere, aurten kolektibotasunean hasiberriak baino ez garela argi azaleratu dugu: inguruak helarazitako mezua ez genuen entzun nahi izan. Horregatik, agian, 2020. urte honek gure buruengan pisua sortu eta bizkarrean eramatera behartu gaitu. Batez ere, desiratzen genuen errealitatea gogorra dela erakutsi digulako: Indonesiako uholdeak, Latinoamerikako elgorri agerraldia eta kurumino hiltzailea, besteak beste.

Munduak laguntza behar zuen, baina ez gintuen gu behar. Batez ere, berandu zelako, zifra bihurtutako pertsonak izan ginelako. Haurtzaroko ipuinetan bezala, protagonisten transformazio magikoa etsai batekin hasi zen; kasu honetan, Wuhanen sortutakoa omen.

Wuhanetik etsaia guztion barrura sartzeko saiakeretan, mundua gobernatzen duen sistema zatikatu zuen, eta zatikatu gintuen gu. Momentu horretan bihurtu ginen zifra. Bat, bi, hiru, lau. Orduan hasi zen zifren arteko eta gure arteko gerra.

Historian zehar egondako gerra guztietan parte hartutakoek armarriren bat zeramaten soinean, baina urte honetan ez dugu Erdi Aroko edo Garai Modernoko armarririk eraman. Gure aurtengo gerrako armarria indibidualismoa izan da. Indibidualismoaren forma itxuragabea eta grisa izan da.

Ez gara gai indibidualismoak indarra eta garrantzia noiz hartu zuen ozen esateko, baina jakitun gaude: bakoitzaren ingurua osatzen duten pertsonak zaintzeari utzi genionean, etxeko (edukiz gero) pareta artean geundenean, teknologien morroi bihurtu ginenean, bizilagunei laguntza ez eskaintzean, balkoitik auzokideak salatzerakoan.

Hor hartu zuen indarra. Hor bihurtu ginen zenbaki indibidual, eta, ordutik, ezin izan dugu prozesua gelditu.

Zifrak hainbeste joan dira aldatzen eta pisua hartzen, hamarkadetan zehar kolektibitateak salatzen eta neurtzen zituen zenbakiak hozkatu eta jatera iritsi baita: etxegabetze, pobrezia eta langabeziaren kasuak, eta, baita ere, eraso matxisten zenbaketak. Indibidualismoak, pertsonok kolektiboki hamarkadetan zehar salatutako gertaera eta egoeren existentziak jan ditu.

Portaera aldaketa honetaz jakitun egoteaz gain, memorian iltzatu beharra daukagu urte hau baino lehen ez ginela gaur garena. 2020. urteak, XXI. mendea aldatzeaz gain, gu geu ere aldatu gaitu.

Baina oroitu beharra daukagu, iragana izatera iritsi ez den garai batean, kolektibotasun baten kide ginela. Hortaz, hamarkada hasiera honetan, bihur gaitezen berriz kolektibo; bihur gaitezen berriz burujabe; bidean jarraitzeko, berriz hasteko beharra baitugu.