Iritzia: Zuzendariari gutuna

Iritzia: Zuzendariari gutuna

Amets Aranguren Arrieta

Aurten ez dut serie bat bera ere ikusi. Ingurura begiratzearekin, aski. Egia esan, ez naiz inoiz seriezalea izan. Onerako eta txarrerako. Konpromiso batzuei eutsi eta beste batzuei ihes egiten uzteko urtea izan da 2020a. Urte berezia, baina bai, urte guztiak dira bereziak.

Etxean pasatu dugu sekula pasatu ez dugun denbora, eta zortea izan dugunok gozatu dugu denbora hori. Zenbat denbora behar dugu bakarrik? Zenbatero hartzen dugu denbora? “Behar dugu etzan eta ixo”, kantatzen zigun Sara Zozayak bitartean. Konfinamendua pasatu nuen etxeko balkoipetik pasatu, eta “eraman ezin den zenbat geratu den etxe horretan”, pentsatzen dut orain.

Egun arrunt batean bete ditut 22ak, aurten. Txikitako desio ezinezko horietako bat, behintzat, betea. Giro polita, entzierrorik ez, kaleak garbi, eta auzoan lasai pote pare bat lagunekin, nahi nuen koloretako soinekoa jantzita. Arruntena eta bereziena izan da, aldi berean.

Beltxarga beltzaren teoria ere ezagutu dut (eta beltxarga hitza bera ere bai). Ezusteko gertaera bat deskribatzen duen metafora bat da (behatzailearentzat), eragin sozioekonomiko handikoa, eta, gertaera igaro ondoren, atzera begiratuz arrazionalizatzen dutena (iragartzeko edo azaltzeko modukoa dela ematen duena, eta gertatzea espero zela ematen duena).

Nassim Taleb izeneko filosofo libanoarrak 2007. urtean garatutako teoria da beltxarga beltzarena. Talebek berak, hala ere, ez du pandemia teoriaren barne kontsideratzen, ez omen dituelako erabat betetzen teoria horren ezaugarriak.

Duela egun batzuk asmaturiko eta hilaren 24ko gauean opariak ekartzen dituen ikazkinaren pertsonaia terroristaren inguruan ere hizketan aritu gara gure etxean; baita datozkigun opor egun hauetako guztietako planaren inguruan ere. Kalmatzeko esan dit ahizpa gazteak, uzteko txorradak esateari eta ez flipatzeko, eta esan dit Eguberriak gorrotatzearena modaz pasatua dagoela dagoeneko.

Bukatzear da jada eztabaida interesgarri eta tontoez, isiltasunez eta oihuz, hildakoez eta eraildakoz betetako urte hau. Eta ikusi dugu Egunkaria 30 urte betetzen; ikusi dugu Durangoko Azoka birtual bat, eta Erdaraldia ikusi dugu.

Sentsazioa dut beste edozeinek esan dituenak esan ditudala nik ere, eta ez naizela gai izan pandemiatik burua atera eta haratago begiratzeko. Zer eginen diogu, bada, Angel Errok dioen bezala, “oro esana da aspaldidanik; oro esana da, baina ez nik.

Eta azken lerro hauek eskaini nahiko nizkioke zuzendariari. Esplikatu zidanari periodikoko Cartas al director atalean ez direla benetan zuzendariari zuzenduriko eskakizun edo mezuak agertzen. Eskuaira eta kartaboiarekin moldatzen irakatsi zidanari. Gure ikastolako pasilloa marrazteko behar genuen ihespuntuarekin nola aritu behar genuen azaldu zidanari. Noizean behin klaseko ordezkariekin bildu, eta beti gure hitza entzuteko prestutasuna agertu zuenari. Eta, hamar urte joan eta gero, gazte bilakaturiko haur horien ahotsa beste edozeinena bezainbeste edo gehiago baloratu eta kontuan hartzen segitu duela demostratu didanari.

Eskerrik asko, Aitor, mundu hau pixka bat gehiago ulertzen laguntzeagatik.