Javier Remirez: “Osasunak bertze edozer elementu baino koska bat gorago egon behar du”

Javier Remirez: “Osasunak bertze edozer elementu baino koska bat gorago egon behar du”

Guztiz ezohiko egoera bati egin behar izan dio aurre Nafarroako Gobernuak 2020an: otsailean lehertu zen koronabirusaren pandemiak erabat baldintzatu du haren jarduera. Urtea amaitzeko «gogoa» duela aitortu du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordeak.

Edurne Elizondo

Koronabirusari buruzkoak izan dituzte aurtengo mintzagai nagusi gobernuko kideek. Gaitzak dena hartu du. “Nekea sumatzen dugu”, azaldu du lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilari Javier Remirezek (Iruñea, 1975). Pandemia ez direnez ere aritu da PSNko kidea.

Urtea amaitzeko gogoz?

Bai. Urte zaila izan da, arlo guztietan. Gertatu denak balio izan digu gure erresilientziarako gaitasuna erakusteko. Ziur naiz, halere, denok urtea amaitzeko irrikan garela. Hurrengoan ere gogor egin beharko dugu lan pandemiaren aurka, baina uste dut on eginen digula 2020ko atala ixteak, nolabait. Neke handia pilatu dugu herritar guztiok.

Otsailetik gertatu denari so eginda, kudeaketan akatsak egin direla uste duzu?

Pandemiaren arloan, inork ez du izan zer egin azaltzeko gidalibururik. Orain dakizkigunak ez genekizkien otsailean. Uste dut une oro erabakiak hartu ditugula, kontuan izanda ebidentzia tekniko eta zientifikoak, eta hori funtsezkoa da. Argi dago huts egin dezakegula, baina, irizpide horiek kontuan hartuta, huts egiteko aukerak behera egiten du. Adituek diotena hartu dugu beti kontuan. Izanen da zer hobetu, noski, baina, oro har, hartu ditugun neurriei eta herritarren gehiengoaren jarrerari esker gainditzen ari gara aurrean dugun egoera. Bidean gelditu diren biktimek denoi egiten digute min.

Hobetu daitezkeen horien artean, zer aipatuko zenuke zuk, zehazki?

Argi dago bigarren olatuak gogor jo duela gure herrialdea. Martxotik maiatzera bitarte, gizarte osoak egin zuen ahalegin kolektibo handi bat. Ondorioz, birusa kontrolatzeko gai izan ginen. Itxialdia arintzeko neurriak martxan jartzen hasi ginen gero, eta, egungo ikuspuntutik, argi dugu ez genuela modurik egokienean egin. Udan, bestak bertan behera gelditu arren, gizarte harremanek gora egin zuten, eta irailean datuak txarrak ziren. Azaroaren hasieran hagitz egoera zaila genuen aurrean, eta neurri gogorrak hartu behar izan genituen, berriz ere. Neurri horiek eta herritarren ahaleginak ekarri dute egoerak hobera egitea, baina prezioa ez da merkea izan, noski.

Zein izan da prezioa?

Pandemiaren hasieratik, adituen eskutik egin dugu aurrera beti. Gure asmoa beti izan da oreka lortzea herritarren osasun publikoaren eta gizarte jardueren eta jarduera ekonomikoen artean. Baina beti garbi izan dugu osasunak bertze edozer elementu baino koska bat gorago egon behar duela, osasuna dela lehentasuna. Eta hori kontuan izan dugu beti erabakiak hartzerakoan. Neurriak malgutu edo gogortu ditugu horren arabera. Malgutzeko aukera izan dugu orain, Eguberriak datozela kontuan hartuta; baina, betiere, zuhurtasun handiz jokatuz.

Ostalariak ez dira kontent; Maria Txibite lehendakariak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak dimisioa eman dezatela eskatu dute. Zer deritzozu?

Ulertzen dugu, noski, ostalariek protesta egitea. Ulertzen dugu sektore horretan ari direnek sentitzen duten ziurgabetasuna; baina osasuna lehenetsi behar dugu guk. Eta datuak hor daude.

Zer diote datuek?

Ostalaritzaren itxierak lagundu duela pandemiari aurre egiten. Ez da faktore bakarra, baina bada egoera kontrolatzeko balio izan duten faktoreetako bat.

Pagaburu direla salatu dute ostalariek, eta lantokietan edo garraio publikoan gerta daitezkeen kutsatzeak ez direla kontuan hartzen. Egia da?

Aztarnariei esker, kutsatutakoen %70ek birusa non hartu duten jakin dezakegu. Hori hagitz garrantzitsua da, aukera ematen digulako jakiteko kutsatze gune nagusiak zeintzuk diren. Espazio itxiak dira, hainbat etxetan bizi diren herritarrek bat egiten duten tokiak, eta aukera ematen dutenak higiene eta babes neurriak arintzeko; hau da, aukera ematen dutenak maskara kentzeko, edo distantzia soziala ez betetzeko. Hori gertatzen da ostalaritzaren esparruan. Datuek erakusten dute lantokiak eremu seguruak direla, ez dutelako ematen prebentzio neurriak malgutzeko aukerarik, eta enpresa askotan, gainera, telelana ezarri dutelako.

Ikastetxeetan gerta zitekeenaren beldur ziren gurasoak irailean. Zein da egoera?

Hezkuntzan arrakasta kolektibo bat lortu dugu. Bat egin dute Nafarroako Gobernuak bultzatutako neurriek eta hezkuntza komunitate osoaren konpromisoak, eta, horri esker, orain arteko pandemiaren garairik txarrenetan ere, gehienez ikasleen %3 izan dugu konfinatua. Orain, %1era ere ez da ailegatzen kopurua.

Koronabirusaren pandemiak osasun sistema astindu du, batez ere. Urrian eta azaroan, herritarrek protesta egin dute, Nafarroako Osasun Plataformak deituta, baliabideak eta oinarrizko arreta sendotzeko eskatzeko. Huts egin du oinarrizko arreta horrek?

Osasun sistemak izan dituen zailtasunak onartu bertzerik ezin dugu egin, eta egindako kritikak jaso behar ditugu, halabeharrez, hobetze aldera. Erronka hagitz handia izan dugu, eta badugu aurrean, pandemiari ez ezik, ohiko gaixotasunei ere egin behar diegulako aurre. Profesionalek beren jarduera egokitu behar izan dute ezarritako protokoloetara, eta lan bikaina egiten ari dira. 900 profesional inguruk egin dute bat sistemarekin pandemiari aurre egiteko eta ohiko lana egiteko. Horrek erran nahi du hilero bost milioi euro egin duela gora inbertsioak. Egindako ahalegina ez da makala.

Lehen arreta sendotzeko beharrarekin ados zara?

Lehen arretan ere protokolo berriak ezarri behar izan ditugu, eta telefono bidezko arretaren alde egin dugu. Ez da oraingo kontu bat, pandemia hasi aurretik ere eredu horren alde egiteko asmoa genuelako.

Eredu horren aldeko apustua da Nafarroako Osasun Plataformak kritikatu dituen erabakietako bat, hain zuzen.

Logikoa da teknologia berriak osasungintzaren esparruan erabiltzea, eta ahal den neurrian garatzea. Pandemiak ekarri du urratsak uste baino azkarrago egitea, baina ez dio kalitateari kalte egin. Kalitatezko arreta eskaintzen jarraitu nahi dugu.

Urte berriak txertoa ekarriko du?

Bertze erkidegoekin eta Osasun Ministerioarekin elkarlanean aritu gara hasieratik. Txertoa urtarrilaren hasieran izanen dugu, eta hasi gara jada oinarrizko arretako sarea prestatzen, txertoa banatzen hasteko. Sektorerik zaurgarrienek jasoko dute lehendabizi. Hala ere, garbi erran nahi dugu txertoa edukitzeak ez duela erran nahi orain arteko neurriak bertan behera utziko ditugunik.

Ekonomiarako txertorik bada?

Nafarroako ekonomiari eragin dio pandemiak, noski, baina ikerketak agerian uzten ari dira eusten ari dela astindua. Hasieran uste genuen diru sarrerek %20 eginen zutela behera; azkenean, %8-9 izanen da. Ez da gutxi, noski, baina aurrekontua itxi ahal izan dugu inolako murrizketarik egin gabe, eta 2021. urtean haziko garela uste dugu. Hori lortzeko, funtsezkoa da aurrekontu on batzuk izatea, eta lan horretan ari gara, pandemiari aurre egiteko, ekonomia suspertzeko, eta zerbitzu publikoak indartzeko.

Parlamentuko tramitean dira aurrekontuak. EH Bildurekin akordioa lortu duzue. Kontent?

Gobernuarentzat inportanteena da helburua lortzea, eta ez norekin. Nafarroak dituen beharrak kontuan hartu ditugu guk, eta aurtengo eta datorren urteko aurrekontuek behar horiei erantzuten dietela uste dugu. Hori da inportanteena. Hortik abiatuta, akordioak egin ditugu egin nahi izan dituztenekin. Navarra Suma da bere burua bazter uztea erabaki duena.

Gobernuak prestatutako ekonomia suspertzeko planak jaso ditu AHTaren edo Nafarroako ubidearen aldeko diru sailak. Ez dira gutxi diru hori osasungintzara bideratzea eskatu duten eragileak. Ez duzue eginen?

Erabat bateragarria da azpiegitura handiak eta osasungintza babestea. AHTaren eta Nafarroako ubidearen gisako azpiegiturek herrialdea garatzeko balio dute. Nafarroako ubidea apustu estrategiko bat da guretzat. AHTaren aldeko apustua ere berretsi nahi dugu, ingurumenaren eta ekonomiaren jasangarritasunaren ikuspuntu batetik.

AHTa jasangarritasun eredutzat duzu?

Dagoen tokietan, AHTak garapenari egin dio mesede, eta Nafarroak ez dio aukera horri uko egin nahi.

Ubidearen aldeko apustua egiterakoan, klima aldaketa kontuan hartu duzue?

Ez dut uste inolako kontraesanik dagoenik. Ura baliabide mugatu bat da, eta kontua da ahalik eta hobekien aprobetxatzea, behar gehien duten tokietara bideratzeko. Betiere, ingurumenaren eta ekonomiaren jasangarritasunaren ikuspuntutik.

Esako urtegian segurtasuna ere zalantzan dago. Zer asmo daukazue?

Obraren eskumena Espainiako Gobernuaren esku dago. Noski, guri dagokigu gure herritarren segurtasuna bermatzea, eta, hasieratik, horren alde aritu gara lanean. Ebroko Ur Konfederazioko kideekin bilerak egin ditugu, eta Espainiako Gobernuaren erantzunaren zain gara. Haiek ari dira adituen txostenak aztertzen.

Bertze gisa bateko auziak ari dira aztertzen Espainiako hainbat auzitegi. Batetik, Bateragune auziko epaiketa berriz egitea erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak. Zer deritzozu?

Zuhurra izan behar dut, eta Justiziaren jarduera errespetatu.

Bertzetik, Auzitegi Gorenak auzia ireki du Manu Aierdi Nafarroako gobernu kontseilariaren aurka, Davalor kasuagatik. Dimisioa eman beharko luke?

Gobernuak garbi du dimisioa eskatzeko legez jasotako baldintzak ez direla betetzen orain. Eta garbi dugu kontseilariak behar bezala jokatuko duela beti.

Euskararen Legearen aurka protesta egin dute herritarrek, eta herrialdeko gobernuaren jokabidea salatu dute. Lan deialdi batzuetan alemanak puntuak ematen ditu, eta euskarak ez, adibidez. Logikoa dela uste duzu?

Kasuz kasu ikusi beharko genuke. Lanpostuak eskatzen badu, logikoa litzateke. Meritutzat hartzeko balitz, ez.

Osasunbiderako da.

Euskara gatazkarako tresna izan da, eta bada garaia hori aldatzeko. Uste dut egungo Nafarroako Gobernuak batzen dituela gizarte osoaren ikuspuntuak gai horri buruz.