Gamesak abuztuan itxi zuen Agoizko egoitza, baina berriz irekitzeko aukera aztertzen ari dira; Castejongo Trenasak, berriz, urtarrilera arte geldiarazi du itxiera.
Edurne Elizondo
Gamesa eta Trenasa lantegietako gatazkek markatu dute, neurri handi batean, koronabirusak eragindako krisiaren urteko ekonomia. Agoizko Gamesa izan zen bere asmoen berri ematen lehena: enpresak uztailean iragarri zuen egoitza hori itxiko zuela; CAFek, berriz, irailean zabaldu zuen Castejongo Trenasa ixteko asmoa zuela.
Enpresa bateko zein bertzeko langileek eta haien familiek karrikan egin dute protesta, lanpostuen alde. Emaitza ezberdina izan da batzuentzat eta bertzeentzat, ordea: langileek 238 ziren akordioa sinatu zuten abuztuan Siemens Gamesarekin, eta, ondorioz, Agoizko egoitza ixteko erabakia berretsi zuen enpresak.
Hainbat neurri adostu zituen langileekin: 55 urte baino gehiagokoentzat aurrez erretiratzeko planak eginen zituztela; 54 urte baino gutxiago dituztenek lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko ordainsaria jasoko zutela, eta bertze 88 langile beste lanpostu batean jarriko zituztela.
Akordio horrek, halere, ez du auzia erabat itxi, Agoizko lantegia berriz irekitzeko aukera mahai gainean baita, joan den azarotik: Siemens Gamesa Nafarroako Gobernuarekin ari da hizketan, egoitza berriz zabaldu eta haize erroten palak birziklatzeko erabiltzeko.
Kontratu berrien zain
Enpresaren eta gobernuaren arteko negoziazioen zain dira Agoitzen; Castejonen, berriz, urrian irabazitako denborak emanen duenak markatuko du Trenasako langileen etorkizuna. CAFek irailean iragarri zuen lantegia itxiko zuela; 110 langile ari dira Castejonen. Urrian amaitzekoa zen enpresaren eta langileen arteko negoziaziorako tartea, baina, azken unean, CAFek iragarri zuen itxiera hiru hilabetez geldiaraziko zuela: kontratu berri batzuen zain gelditu ziren Erriberako herrian.
Zehazki, CAFek espero zuen Renfek adjudikatu behar zuen 2.726 milioi euroko kontratu erraldoiaren zati bat lortzea, edo distantzia ertaineko trenekin eta hiriguneetakoekin loturiko kontraturen bat. Renfek, hain zuzen, joan den astean argitu zuen noren esku geldituko den bere kontratua, eta CAF kanpoan gelditu da. Alstom (Frantzia) eta Stadler (Suitza) enpresek lortu dute. Ate hori itxita, bertzelako aukerek eman dezaketenaren zain gelditu dira Trenasako 110 langileak.
Auziak, halere, herrialde osoan du eragina; Gamesan gerta daitekeenak ere bai. Lantegion inguruko gatazkak, hain zuzen, Nafarroako Parlamentura ere ailegatu dira azken hilabeteotan, eta taldeen jarduerari eragin diote. Azaroaren amaieran, hain zuzen, EH Bilduk aurkeztutako lege proposamen bat onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, herrialdetik alde egindako enpresek laguntzak itzul ditzaten. Neurriak Nafarroako Gobernuko hiru kideen babesa jaso zuen.
Lege horren asmoa da deslokalizazioari ateak ixtea, alarma piztu baitute Gamesak Agoizko fabrikako lana Portugalgo eta Marokoko bertze planta batzuetara eramateko erabakiak eta CAFek Trenasako lantegikoa ere kanpora eramateko asmoak. Trenasak, bertzeak bertze, 2,5 milioi euroko diru laguntza publikoak jaso ditu, Nafarroako Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilariak urrian parlamentuan azaldu zuenez.
Gamesaren Agoizko lantegiak ere babes publikoa jaso du; ireki zutenean, hain zuzen, Itoizko urtegia egiteagatik herriari emandako “ordain” gisa “saldu” zuten, Agoizko alkate Angel Martin Unzuek udan gogorarazi zuenez.