“Mendeurreneko kapitaina izateak harro sentiarazi nau”

“Mendeurreneko kapitaina izateak harro sentiarazi nau”

Klubaren mendeurrena ezin izan dute nahi bezala ospatu gorritxoek, eta pena hori betirako geratu zaio kapitainari. Zaleen babesa berriz sentitzeko irrikan dira, taldeak Sadarren falta duelako.

Iñaki Berastegi

Oier Sanjurjok (Lizarra, 1986) erraz gogoratuko du 2020. urtea. Kirol arloan urte “polita” izan da Osasunako kapitainarentzat eta klubarentzat, eta 2021a are hobea izatea nahi du: “Lehenengo mailan jarraitzea, pandemia amaitzea eta zaleak harmailetara itzultzea: hiru gauza horiek gertatuko dira 2021ean”. Taldeari kostatzen ari zaion arren aurreko denboraldiko maila ematea, Sanjurjok dio ez dutela aitzakiarik jarri nahi, eta gauzak aldatzeko lanean ari direla.

Amaitzear den urteak denetarik izan du. Koronabirusak eragindako pandemia, bereziki, baina baita Osasunaren mendeurrena ere, eta zure 300. partida elastiko gorritxoarekin. Gogoratzeko urte erraza izango da 2020a.

Ezaugarri mordoa duen urtea da, ezta? Pandemia alde batera utzita, kirol arloan uste dut urte polita izan dela Osasunarentzat. Izan ere, Lehenengo Mailara bueltatu ostean, 10. postuan amaitu genuen denboraldia, eta denboraldi berri honetan ere horretarako ari gara lanean. Gainera, urriaren 24an mendeurrena ospatu genuen, eta zelai berria ere aurki izango dugu prest. Ea urte berriarekin batera zaleak harmailetara bueltatzen diren.

Urteko momentu bat aukeratzeko eskatuz gero, zein izango litzateke?

Sinbolikoak izan daitezkeen batzuk badaude: San Mamesen nik egindako golarekin lortutako garaipena oso berezia izan zen Osasunaren zaleentzat; Camp Noun lortutako garaipena ere nabarmentzekoa da, Osasunak gutxitan lortu duelako Bartzelonan irabaztea; baina bereziki, urriaren 24an, mendeurrenaren egunean Athleticen aurka jokatutako partida aipatuko nuke. Garaipenarekin ospatu genuen mendeurrena.

Askotan esaten da futbolariak burbuila batean bizi direla. Orain, Ligako protokolo zorrotza betetzera behartuta zaudetenez, badirudi sentsazio hori are handiagoa dela.

Itxialdi antzeko batean bizi garela esan daiteke. Taxoaren ez dago klubekoa ez den ia inor, eta Sadarren ere zalerik gabe jokatzen dugu. Apur bat bakarrik sentitzen gara. Hala ere, esan nahi nuke futbolaria ez dela gizartetik at bizi den norbanako bat. Uste dut gero eta kontzienteago garela gure inguruan gertatzen denaz: badakigu kalean zer gertatzen den. Denok dugu familia edo lagun kuadrilla.

Duela hamazazpi urte iritsi zinen Taxoarera, eta 34 urte bete dituzu. Kalkuluak egitea erraza da: bizitza erdia daramazu Osasunan.

Ez da marka makala, ez. Lizarrako ikastolako taldean hasi nintzen, eta Estella eta Izarra taldeetan ibili ostean iritsi nintzen Taxoarera. Garai hartan nork esango zidan gutxienez hamazazpi urte egin behar nituela Osasunan. Horrelakorik ez nuen sekula pentsatu. Bidea ez da erraza izan, eta ez da erraza izaten ari, baina zailtasun horregatik are gehiago disfrutatzen dela uste dut. Ibilbideari zukua atera diot.

300 partidako langa gainditu duzu aurten lehen taldearekin.

Partida asko dira, garai eta egoera ezberdinetan bildutakoak. Pertsonalki, kolektiboki, instituzionalki eta lesioak direla-eta, oso garai ezberdinak bizitzea egokitu zait klub beraren barruan. Oso esperientzia aberasgarriak izan dira horiek guztiak.

Koronabirusa dela-eta, mendeurrena nahiko tristea izan dela esan daiteke. Pena da klubarentzat hain urte seinalatu batean hau gertatu izana?

Egoera honek ospakizuna ilundu du. Mendeurrena zaleena da, eta ezin izan dugu haiekin behar bezala ospatu. Sekulako zortea daukagu jokalariok, mendeurreneko argazkian agertuko garelako; baina argi dugu kluba 100 urtetara iritsi bada, bertatik igaro diren zale, jokalari, entrenatzaile eta langile guztiengatik izan dela. Ospakizun hau jendearena da, zalantzarik gabe.

Mendeurreneko kapitaina zara. Hain berezia da besokoa eramatea?

Oso berezia da, eta erantzukizun handi baten gisa ulertzen dut nik: gogo handiz eramaten dudan erantzukizuna da. Klubaren mendeurreneko kapitaina izateak harro sentiarazten nau.

2019-2020ko denboraldia sekulakoa izan zen, baina denboraldi berriaren hasieran gehiago kostatzen ari zaio taldeari.

Ez dut aitzakiarik jarri nahi. Urte berezia izan bada ere, jokalari bakoitzak barrura begiratu behar du, eta konturatu behar da gehiago egiteko ahalmena duela. Hobetzeko lanean gabiltza, indarrak batuz, baikortasunetik berriro ere sentsazio eta irudi ona berreskuratzeko ahaleginetan. Lesioek ere eragina izan dute, hain egutegi estu batean garrantzitsua delako ahalik eta jokalari gehien eskuragarri izatea.

Zalerik ez dago harmailetan, baina agerikoa da zelai guztiek ez dutela modu berean bultzatzen.

Ezin dugu ezkutatu zaleen babesa eta berotasuna behar ditugula. Ez dut aitzakiarik erabili nahi, liga berrabiarazi ostean zalerik gabe emaitza txukunak lortu genituelako Sadarren.

Zer eskatu diozu urte berriari? Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendariak denboraldi hasieran esan zuen sinatuko lukeela 17. postuan amaitu eta salbazioa lortzea.

Ezin gara gure bidetik aldendu. Oso argi izan behar dugu gure helburua Lehenengo Mailari eustea dela, proiektua egonkortzeko ezinbestekoa delako bigarren urtez jarraian maila nagusian egotea. Horrekin batera, pandemia amaitu eta zaleak harmailetara bueltatzea. Hiru gauza horiek gertatuko dira 2021ean.