Nafarroako 0-3 plataforma 2001. urtean sortu zuten, ziklo hori «duintzeko» asmoz; herrialdeko hezitzaileek protestekin hasi zuten 2020a, baina osasun krisiak mobilizazioak hutsean utzi zituen. Lanean segitu dute, halere, eta gobernuko taldeekin lantalde bat osatzeko zain dira. Bilera dute 15ean.
Edurne Elizondo
Nafarroako 0-3 Plataformak 2020. urte hasieran antolatutako mobilizazioak bertan behera gelditu ziren koronabirusak eragindako osasun krisiagatik. Pandemiak herrialdeko haur eskolen egunerokoa erabat baldintzatu du, martxoan alarma egoera ezarri zenetik, eta 0-3 zikloa “duintzeko” plataformako kideen lanari ere eragin dio. Larrialdiari aurre egiteko beharrak, halere, ez du taldearen jarduera erabat desaktibatu. Lanean jarraitu dute kideek, eta “zerbait mugitzea” lortu dute: 0-3 zikloa antolatzeko lantalde bat osatzeko konpromisoa jaso dute, Nafarroako Gobernua babesten duten taldeekin hamaika bilera egin eta gero.
Asmo nagusia da 0-3 zikloan egun dagoen “anabasari” aurre egiteko mahai bat osatzea. Nafarroako Gobernua babesten duten taldeekin batera —PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu—, Hezkuntza, Funtzio Publiko eta Eskubide Sozialen departamentuek, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako 0-3 plataformak parte hartuko lukete. Eragile horiek guztiek badute zerikusirik, egun, 0-3 zikloarekin; izan ere, Nafarroako Gobernuak hezkuntza ziklotzat hartu zuen 0-3koa, 2007ko dekretu baten bidez, baina kudeaketa, ordea, udalen esku dago. Horrek ekarri du kudeaketa hori gauzatzeko hamaika eredu ezberdin garatzea, eta lan bera egiten duten langileen artean hagitz bertzelakoa izatea batzuen eta bertzeen egoera.
Ez hori bakarrik. 0-3 zikloa hezkuntza ziklotzat jo arren, Nafarroako Gobernuak Eskubide Sozialen Departamentuaren menpe ditu, oraindik ere, bere esku diren zazpi haur eskolak.
Bileraz bilera
Nafarroako 0-3 plataforma 2001. urtean sortu zuten, eta hainbat urtez geldirik egon eta gero, 2019an indarrez biziberritu zuten, adostutako bi aldarrikapen nagusiren alde lan egiteko: ratioen jaitsiera —Europak gomendatzen duenaren bikoitza da—, eta lan baldintzen hobetzea —soldata bera eskatu dute lan bera egiteagatik—.
Plataformako kideek Nafarroako Parlamentuko taldeekin azken hilabeteotan egindako bilerek 2020. urte hasierako mobilizazioen tokia hartu dute, eta lan horren emaitza da orain sortzear dagoen 0-3 zikloaren inguruko mahaia. Egutegi bat prestatu, eta egin beharreko urratsak antolatzeko asmoz, 2020ko azkeneko astean bilera bat egitekoak ziren; Geroa Baiko Maria Solanak eman zien urtea amaitu aurretik elkartzeko hitza plataformako kideei, baina urtarrilaren 15era atzeratu dute, azkenean.
“0-3koa ziklo hezitzaile bat bada, Hezkuntzan egon behar du”. Esaldi horren bidez laburbildu du plataformako kide Diana Bruñok haur eskolen auzian gako nagusia zein den. Garbi du eragile guztiak jabetzen direla Hezkuntza Departamentuak haur eskolen ardura bere esku hartzeko beharraz; baina, hala ere, bidean urrats nabarmenik ez dela egin salatu du. “Lan handia dago egiteko, oinarriak oso ahulak direlako; ausardia behar da auziari eutsi eta zikloa antolatzen hasteko, zalantzarik gabe, baina egin behar da”.
Haur eskola duten udal gehienek ez dituzte zentro horiek zuzenean kudeatzen. Nafarroako Gobernuak egindako eraikinak dituzte, baina kudeaketaren zama handiegia da udal gehienentzat. Lan egin nahi duten hezitzaileek beren hezkuntza proiektuak osatu eta udalek antolatutako lehiaketetan defendatu behar dituzte. Arbizuko eta Lakuntzako udalena da Kattuka haur eskola, eta oraingoa du hamargarren urtea. Eider Garde da arduradunetako bat; hamar urterako lehiaketa irabazi zuen haur eskola zuzentzen duen taldeak, baina Gardek zehaztu du “matrikulazioaren menpe” dagoela, beti, lantaldea.
“Nahiko talde egonkorra osatzea lortu dugu”, zehaztu du. 2020ko osasun krisiak emandako astinduak, halere, erabat irauli du Kattukako langileen egunerokoa, azken hilabeteotan, eta hezitzaileak garbi erran du egoera “oso gogorra” izan dela. “Haur eskoletan emakumeak ari gara lanean; sektore feminizatua da gurea, eta oso prekarioa. Oraingo krisiak agerian utzi du gure zaurgarritasuna”.
Alarma egoeraren ondorioz, martxoaren 15ean ateak itxi zituen Kattuka haur eskolak, herrialdeko gainerakoek bezala. “Hamabost egunerako kontua zela uste genuen, baina, apirilaren 1ean, kontratua eten eginen zutela esan ziguten udalek”. Gardek eta bertze hainbat kidek sortutako enpresak, ondorioz, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztu behar izan zuen langileentzat. “Bazkideok autonomoak gara”, erantsi du. Ekainean itzuli ziren lanera.
Kudeaketa “prekarioa”
“0-3 zikloaren arazo nagusia da kudeaketa eredua”, adierazi du Eider Gardek: “Udalak dira eskolen jabe, baina Nafarroako Gobernuak eman behar du diru gehiena; arazoak daudenean, ordea, udalak egin behar die aurre, eta kontratuz kanpoko gastuak ere bere gain hartu behar ditu”. Egoera horren ondorio nagusia “kudeaketa prekario bat” dela erantsi du hezitzaileak.
Sei urtera arte, borondatezkoa da haurren eskolaratzea, baina 0-6ko ziklo hori bitan zatitzen du egungo kudeaketak. “Zergatik onartzen da 3-6ko zikloak unibertsala eta doakoa izan behar duela eta 0-3koak ez?”, galdetu du Diana Bruñok.
Nafarroako 0-3 plataformak helburu du 0-3 zikloak unibertsala, doakoa, publikoa eta ele bikoa behar duela onar dezatela. Eta horretarako bidea da Hezkuntzak hartzea etapa horren ardura. “Kudeaketa komuna eta publikoa nahi dugu”.
Hori lortzeko lehen urratsa izan daiteke oraindik Eskubide Sozialen Departamentuaren menpe diren zazpi haur eskolak Hezkuntzara pasatzea. Bide hori aurreko legegintzaldian hasi zuen Nafarroako Gobernuak, baina oraindik ez du burutu. 0-3 zikloaren ardura zehatza hartuko duen Hezkuntza Departamentuko zerbitzua osatzeko zain dira.
Zerbitzu hori sortzeko bidea lagundu du EH Bilduk, 0-3 zikloaren auzia jaso baitu Nafarroako 2020ko eta 2021eko aurrekontuak babesteko akordioetan. Akordio horiei esker, hain zuzen ere, 1,6 milioi euro egin du gora haur eskolen diru sailak, Bruñok nabarmendu duenez.
Diru horrekin ordaindu dituzte, bertzeak bertze, koronabirusarengatik ezarritako protokoloak betetzeko haur eskoletan behar diren hezitzaileen kontratuak. Pandemiak eragindako urrats horri eusteko eskatu du Bruñok, hain zuzen, haur eskoletako hezitzaileen lan kargari aurre egin ahal izateko. “Urratsak behar ditugu berandu baino lehen”.
Zerbait egiteko beharra onartu du Geroa Baiko Maria Solanak ere. Hezkuntza kontseilaria izan zen aurreko legegintzaldian, eta “egindako lana” aldarrikatu nahi izan du. 0-3 zikloaren inguruko mahaia osatzeko urratsa defendatu du: “Pragmatikoak izan behar dugu”. Aurreko legegintzaldiko urratsen bidetik, partzuergo bat osatzeko proposamena berretsi du, zikloaren ardura Hezkuntzak hartu arren, udalek eta gainerako eragileek ere zer erran izan dezaten. “Elkarlanerako prest gara”, erran dute Hezkuntza Departamentuko arduradunek. 0-3ko zikloari buruzko mahaiak egin dezakeen bidearen emaitzen zain dira, oraingoz.
Gurasoek karrikara atera dute «euskaraz bizi, ikasi eta lan egiteko» aldarria
Iruñeko hamasei haur eskoletako bakarrak eskaintzen du euskarazko murgiltze eredua; Navarra Sumak egindako murrizketak salatu dituzte
E. Elizondo
Hasi bezala amaitu du 2020. urtea Iruñeko euskalgintzak: karrikan protesta eginez. Iruñeko alkate Enrique Maiak (Navarra Suma) hiriko haur eskola euskaldunen eskaintza murriztuko zuela baieztatu zuen, iazko urtarrilean, eta elkarretaratzea antolatu zuten gurasoek, otsailean, erabaki horren aurka. Abenduan, karrikara itzuli ziren euskararen aldeko hautua egin duten familiak, beren hizkuntza eskubideak defendatzera. “Euskaraz bizi, euskaraz ikasi eta lan egin nahi dugu; hori da gure nahia, baita gure eskubidea ere”, aldarrikatu zuten.
Aspaldikoa dute gurasoek euskarazko haur eskolen aldeko aldarria, eta ez dute amore eman nahi. Karrikan ez ezik, Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko udal taldeekin ere ari dira lan egiten, hiriko agintariek erabakitako murrizketetan atzera egin dezaten. “Argi esan nahi diegu gure seme-alaben eskubideekin ez diegula trafikatzen utziko. Jarrera aldatzen ez duten bitartean, parean topatuko gaituzte hezkuntza publikoaren eta euskaldunaren alde”, nabarmendu dute.
Iruñean hamasei haur eskola daude —haietako 11 dira udalarenak—, eta Txantreako Izartegik baino ez du eskaintzen euskarazko murgiltze eredua, gaur egun. Bertze hiruretan gaztelaniazko eta euskarazko eskaintza badago. Aurreko legegintzaldian egin zuen gora haur eskola euskaldunen kopuruak, baina Navarra Sumak argi utzi zuen, alkatetzara iritsi bezain pronto, bidean atzera eginen zuela: Donibaneko eta Printzearen Harresia eskolak gaztelania hutsezko bilakatuko dituzte 2022-2023 ikasturterako. Eta Arrotxapeko Goiz Ederren, berriz, eskaintzaren erdia baino ez da izanen euskarazkoa.
Eskola sortzeko asmoa
Murrizketa asmo horien aurka egiteko antolatu zuten Haur Eskolak Gurasoak plataformako kideek abenduaren 17ko protesta. 2020an egin dute bertze urratsik, baina koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiak anitz baldintzatu du haien bidea, eta ezin izan dituzte mahai gainean jarritako asmo guztiak gauzatu. Iruñeko Udalak erabakitako murrizketei aurre egiteko, hain zuzen, herri haur-eskola bat sortzeko proiektua garatzen hasi zen plataforma; ekainerako, eraikina bazuen; baina, azkenean, abuztuan ateak zabaltzeko asmoak bertan behera utzi behar izan zituzten, finantzaketak eta matrikulak huts egin eta gero.
Lanean jarraitzeko konpromisoa agertu zuten gurasoek, orduan, eta berretsi egin dute, orain, joan den abenduko protestaren bidez. “Tamalgarria da bertako hizkuntzak ikasteko aberastasuna onartzeko gai ez izatea, eta itsututa egotea aitzakia merkeak bilatzen ‘ingelesezko jarduerak’ dituzten eskoletako eredu narratsak martxan jartzeko, Iruñeko umeen euskaraz ikasteko eskubidea ukatzea helburu bakarrarekin”.
Kalitatezko eta euskarazko eskola publikoen alde lanean jarraituko dutela erran dute gurasoek. Nafarroako 0-3 Plataformak ere hori nahi du: “Euskara ezin izanen lukete baztertu Iruñerrian, ardura Hezkuntzak balu”.