“Denok kabitzen garen gizarte bat eraiki nahi dugu”

“Denok kabitzen garen gizarte bat eraiki nahi dugu”

Berriz ireki dituzte emakumeari buruzko liburutegi eta dokumentazio zentroaren ateak. Iruñeko Alde Zaharra utzi, eta Emakumeen Etxera mugitu da zentroa, zabalgunera. «Ilusioz» egin dute lekualdaketa.

Uxue Rey Gorraiz

GITE elkarteko kideei deus gutxi falta zaie lekualdatzea bukatzeko: kutxa gutxi batzuk hustea eta horietan bilduta dauden liburuak apaletan jartzea, ez besterik. Berriki, aro berri bat hasi du emakumeari buruzko liburutegi eta dokumentazio zentroak; 35 urtez Iruñeko Alde Zaharrean izan ondotik, hiriko zabalgunera egin dute salto. Agoitz kaleko 9. zenbakian daude orain, Emakumeen Etxearen eraikin berean, hain zuzen ere. Liburutegiko arduradunetako bat da Ainara Galarza Peña (Irun, Gipuzkoa, 1978).

Alde Zaharra ez den beste auzo batean hasi duzue 2021a. Zer onura dakar lekualdatzeak?

Oraindik goiz da ikusteko aldaketak zer neurritan eragingo digun, baina, oraingoz, sinetsita gaude lagunduko digula irismena zabaltzen. Orain arte, beti izan gara Alde Zaharrari loturik, eta orain, auzo honetan egoteak balioko du erakusteko Iruñe osoarentzat ditugula ateak zabalik, eta, ahal dela, Nafarroa osora begira. Gauza askorengatik izan daiteke aberasgarria gure konfort eremutik ateratzea. Gainera, uste dugu baduela zentzua Emakumeen Etxean egoteak, bata eta bestea elkarren ondoan aritzeak; sinbiosia gerta daiteke.

Zertan lagun diezaioke batak besteari?

Bultzada eman diezaiokegu elkarri. Azken batean, testuinguru berean ari gara lanean, eta, esaterako, guk erakartzen dugun jendeak izan dezake interesa haien jardueretan, eta aldrebes.

Lekualdaketarekin batera, ordutegia aldatu duzue. Noiz zaudete zabalik?

Zerbitzua biribiltzearren, nabarmen zabaldu dugu arratsaldeetako ordutegia. Goizetan, liburutegia beti dago irekita, eta, orain, lau arratsaldetan ere bai; astelehenetik ostegunera, 17:00etatik 20:00etara. Hala, Emakumeen Etxearen ordutegiarekin bat egiten dugu ordu batzuetan.

Toki gehiago daukazue materiala biltzeko. Hazi eta hazi ari al zarete?

Bai, etengabe. Azken batean, hori da liburutegi baten xedea: haztea. Urtero egiten eta argitaratzen dira ikerlanak eta bestelako lanak, eta uste dut adi egon behar dugula gurera punta-puntako materiala ekartzeko, duguna eguneratzeko.

Lortzen duzuela uste duzu?

Baietz esango nuke. Zorionez, ditugun bezero eta bazkideek asko laguntzen digute horretan; ikertzaileak dira batzuk, eta beste batzuk sakonki daude mugimendu feministan sartuta, eta, gainera, arretaz erreparatzen diogu sarean esaten denari ere.

Oraintxe bertan, zenbat material duzue bildurik?

15.000 erregistro baino gehiago ditugu herritarrei eskaintzeko: eleberriak, ipuinak, komikiak, ikerlanak… Denetarik dugu, eta diziplina askotakoak.

Zer irizpide hartzen duzue kontuan materialak aukeratzeko orduan?

Genero ikuspegia aintzat hartuta idatzia edo egina egotea da inportanteena, eta emakumeei eragiten dieten gaiak erdigunean jartzea, lanketa egoki batekin betiere. Hau da, pertsona batek idatz dezake menopausiari buruz, baina gerta daiteke ikuspegi matxista batetik egitea; hori, noski, ez genuke onartuko.

Dokumentazio zentroak 35 urte egin zituen iaz. Aldatu dira lehentasunak eta helburuak?

Testuinguruan hainbat aldaketa gertatu dira urte hauetan guztietan, baina asmoak berdintsuak dira. Helburua zen emakumeen jakinduria guztiak eta haiei buruz idatzitakoak jasotzea, gordetzea eta, era berean, ezagutaraztea; orain ere hori egiten dugu. Duela 35 urte hori egiteko premiaz ohartu izana oso garrantzitsua izan zen, eta eskertzekoa. Izan ere, orduan hasi izan ez balira, asko galdu izango genukeen bidean.

Aipatu duzu emakumearen inguruan sortutakoak ezagutaraztea dela helburuetako bat. Norentzat ari zarete?

Hasieratik, herritar guztiei eman nahi zaie zerbitzua. Egia da, ordea, bere burua enteratutzat eman nahi ez duenari, hau da, hemen gaudela ikusi nahi ez duenari, nekez kontatzen ahalko diogula ezer. Dena dela, iruditzen zait hastapenetan mugimendu feministarekin estuki lotuta zeudenak zirela erabiltzaile gehien-gehienak. Urteak pasatu ahala, zorionez, jendea ohartu da feminismoa ez dela sorginkeria bat. Gure publikoa oso heterogeneoa da; ez dago profil jakinik, eta iruditzen zait hori oso pozgarria dela.

Ohikoak dira gizonen bisitak?

Ezin da ukatu gehienak emakumezkoak direla, baina etortzen dira, bai. Hala ere, esango nuke batzuetan jendeari kosta egiten zaiola ikustea ateak denentzat daudela zabalik. Emakumeen liburutegia dela ikusi, eta oraindik ere galdetzen digute: “Gizonak ere sar daitezke?”. Jakina sar daitezkeela. Lizarran Karlismoaren liburutegia dago, eta ez dut uste inork pentsatuko duenik soilik karlistak sar daitezkeela.

2012. urtearen bueltan, elkartea eta liburutegia kinka larrian izan ziren, estu ekonomikoki. Dena dela, aurrera egin zenuten.

Elkarteak ahal bezala egin dio aurre krisialdiari. Daukagunarekin eta dakigunarekin egiten dugu lan, baina, jakina, baliabideak premiazkoak dira, eta horiek murrizten dizkizutenean, jai daukazu. Hala ere, esango nuke honen guztiaren atzean militantzia bat dagoelako ateratzen duela elkarteak egoerari aurre egiteko indarra. Mundu berri bat sortu nahi dugu, eta, gure kasuan, liburuz inguratuz saiatzen gara hori lortzen. Denok kabitzen garen gizarte bat eraikitzea da gure nahia.

Nafarroako Gobernuarekin zenuten hitzarmena eten izanak eragin zuen krisi hura, batik bat. Gaur egun, zer moduzko harremana duzue instituzioekin?

Egonkortzera egin du, eta uste dut hori lotua dagoela gizartearen sentsibilizazioarekin. Agian, ausartegia naiz hau esanda, baina uste dut jadanik agintariek ez dutela zalantzan jartzen zentro honen premia. Halere, ezin da ukatu talde politiko batzuek nahiago dutela gu existitzea, eta beste batzuei, agian, ez diegula grazia handirik egiten. Gainera, instituzioekin izaten ditugun hitzarmenak urtero berritzen dira, aurrekontuekin batera, eta egia da hori oztopo bat dela, hein batean. Iraupen handiagokoak balira, errazagoa litzaiguke luzera ere begiratzea, gauza gehiago antolatzea.

Zer asmo duzue 2021erako?

Helburu nagusia da zerbitzua eskaintzen jarraitzea, ahal dugun ongien. Gainera, jendearen beharrak asebete nahi ditugu. Auzoak dituen premiei erreparatuko diegu, jakiteko zehazki zer nahi duten. Inguruan eskola asko daude, eta bide horiek probestu ditzakegu gure edukiak zentro horietan landu ditzaten. Gainera, feminismo eskolak jarri nahi ditugu berriz martxan, eta zinema jaialdiaren 35. edizioa antolatuko dugu aurten. Oso berezia izango da.