Lur Albizu Etxetxipia
Urriaren 12a zen. Aurreko egunetan, urduriago geunden Nafarroan birusa ematen ari zen kolpeekin, egia esan. Egun hartarako Txibitek emana zuen handik egun batzuetara tabernak ixteko agindua, eta martxoko esperientzia berria errepikatuko ez ote genuen, kezkatuta geunden asko eta asko, urduri; amesgaiztoa bueltan zetorren berriz, baina oraingoan ezagutzen genuen eta bagenekien zein ondorio zituen.
Urriaren 12 hartan, ekimen bat izan zen Iruñean. Gora herriak! lemapean, Sortuk eta kolektibo antirrazista zenbaitek urriaren 12ak, Hispanitatearen Egunak, sinbolizatzen duena salatu zuten. Felipe VI.aren eta Cristobal Colonen bi estatua bota zituzten bertaratutako batzuek.
Ekinbidea azkarra eta alaia izan zen; ez dakit norbaitek espero zuen zer gertatuko zen ondotik. Oihartzun handia izan zuen (bereziki eskuinak eta zenbait komunikabidek hauspotuta), eta zalaparta sortu zen. Navarra Sumak elkarte antiarrazista horien kontrako kriminalizazioari ere ekin zion.
Zalaparta hura ere pasatu zen, baina handik aste gutxitara deklaratzera deituak izan ginen lagun batzuk, Iruñeko komisarira. Zer eta koroaren aurkako delituagatik, inolako salaketarik gabe, eta Poliziaren eta Guardia Zibilaren lan autonomo gisa. Egin du auziak bere bidea, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean dugu, oraingoan, geltokia: telematikoki hartuko digute deklarazioa, Iruñeko auzitegitik.
Espainiako demokrazia sakrosantuan hori baita gertatzen dena: kritika politikoari beldur handia zaiola; edo, beldurra baino gehiago, ezinikusia. Ezinikusia eta zentsura.
Zer esanik ez, ukitzen dena, kritikatzen dena eta sinbolikoki botatzen dena monarkia bada. Zer esanik ez, espainiar proiektuaren beraren izaera koloniala salatzen bada, eta esaten bada ez dugula erregerik nahi eta ez dugula erregerik behar.
Barre eginen genuke, hain serioa ez balitz. Hain serioa ez balitz hamabi gazte Auzitegi Nazionalera eramatea ekimen sinboliko batzuengatik. Hain larria ez balitz zein ondorio izan ditzakeen honek gure bizitzan, baina ez bakarrik hori: gizarte osoaren adierazpen askatasunean. Mozala argi izan dezagun, mugak gero eta txikiagoak izan daitezen. Edozein kritika zigorgarri izan dadin.
Ez dira berriak koroaren aurkako delitutzat jo diren ekintzak, eta zigortu egin direnak. Baina berriz diogu, justua ez dena ez dugu hala tratatuko, eta adierazpen askatasunaren alde jarraituko dugu. Gaur gu geu izan garelako, baina bihar edonor, atzo beste batzuk izan ziren bezala. Behintzat, berriz gertatu behar ez dadin. Behintzat, hau anekdota bihurtu arte.
Ez baita batere samurra hau bizitzea; baina benetan beldurgarriena da ez jakitea noiz, nola eta zergatik joan zaitezkeen tribunal baten aurrean deklaratzera, sorgin-ehiza edozein momentutan has daitekeelako. Eta ez gaude prest isiltzeko.