Iritzia: Zaratak askatuko gaitu

Iritzia: Zaratak askatuko gaitu

Olatz Azpirotz Larzabal

Ibaiak ur-korronte naturalak dira. Halere, euren kabuz bidea jarraitu ezin dutenean, kanpotik zenbait kontaktu izan ditzakete ur-emaria jaisten denean emankortasunera berriz heltzeko. Hainbatetan, Argaren emaria txikitu egin da, gutako asko konturatu gabe, batik bat Argak gainezka egitearekin ohituak gaudelako. Hortaz, ibaiaren geldialdi horietan, gizakiek Eugiko urtegitik ura askatu izan dute emaria areagotzeko. Hezetasuna mantentzeko beste ahalegin gizatiar huts bat.

Ahalegin horietan, zenbatetan egin dugu ezpain hezeak ixtearen akatsa bat-bateko beroa barruan gordetzeko nahiarekin? Beste era batera esanda, zenbatetan ireki ditugu ezpain hezeak barruko arnas beroa askatzeko beldurrik gabe? Gutxik aitortuko lukete egia. Hala ere, esan beharra dago askotan itxi zaizkigula ezpain hezeak, bat-bateko beroa gorde nahian. Ezpainekin bat egin nahian ere, titi-puntak askotan sartu dira barrura hankatartea itxiz, azazkalak behera ez eramateko. Horrela, gorputzeko orezta argienak zein ilunenak lekualdatu dira, konstelazioek heldu nahi zigutela. Baina ez gara kiskaltzen. Gu ez gara kiskaltzen. Momentu horietan datoz burura “biologikoki aukera gutxiago”, “garrantzirik ez du”, “gorputzekiko konpenetrazio falta”, kontsolamendu sozialak, eta horien erruz zilborrak hestearen bi muturrak iltzatzen dizkigu. Tripak estutu.

Gizarteak esaldi horiekin gure emariari, gure plazerraren lorpen ezari guk garrantzirik ez ematea du helburu. Baina badu. Gizarteak arazoa konpondu behar du. Funtsean, ez da kontsolamendutzat hartutako horiek zabaltzea (baina arazoa bada); arazoa zera da, generoen arteko egitura ezarriagatik emakumeok orgasmoa edukitzeko aukerak gutxitu izana.

Askok ez dute gaia eztabaidagarritzat hartzen, baina eztabaidatu beharra dago. Harremanek bizitzaren, egunerokotasunaren eremu guztietan talka egiten dutelako. Eszeptizismoak bereganatutako garaiotan datuek garrantzia hartu dutelarik, eskuetan hartzekoa eta ikuskatzekoa da Paola Damontiren La Brecha Orgásmica (Katakrak, 2020) liburua. Bertan, ikerlariak hainbat datu eta azalpen ematen ditu, eta datu horietako bat azpimarratu nahi dut: orgasmora heltzeko zailtasunei dagokienez, emakumeen %60k zailtasunak dituzte; gizonetan, ordea, %20k. Horrek argi adierazten du plazera eta orgasmoa ez direla gai fisikoak eta biologikoak, gizarte gaiak baizik. Gizarteak errazten du urtegia aintzira bihurtzea, aintzira errekasto, errekastoa tanta, tanta hezetasuna, hezetasuna lehor, lehorra dena bero eta beroa sentsazio ñimiño hutsal bat.

Emakumeok isilik egon gara, orgasmoari buruz pentsatzen, bai era positiboan bai negatiboan, baina garrantzia eta existentzia ematen. Buruhauste edo etsipen sentimenduekin egutegiari utzi diogu zarataren data finkatzen. Baina beroak barrenak uzkurtzerakoan sentsazio hori aske bihurtuko da, independente, orduan kiskaliko gara. Zarata izanen gara.