Reyes Berruezo: “Errepresioak kolektibo osoa isilaraztea lortu zuen, izua zabalduz”

Reyes Berruezo: “Errepresioak kolektibo osoa isilaraztea lortu zuen, izua zabalduz”

Altxamenduak zigortutako irakasleen inguruko ikerketa egiten ari den lantaldeko kide da Berruezo, bai eta Militancia y represión liburuaren egile ere, Juan Jose Casanova eta Francisco Javier Emarekin batera.

E. Elizondo

Hezkuntzaren arloa barrutik ezagutu du Reyes Berruezok (Iruñea, 1951), NUPeko irakasle eta arduradun izan baita, urte luzez. Errepresioa sufritu zuten maisu-maistren memoria dauka orain ikerlan.

Gizartea ari da kitatzen maisu-maistra horiekin zuen zorra?

Ari gara, baina kostatu eginen zaigu, handia baita dugun zorra. Argitaratu berri dugun liburuan talde ideologiko zehatz baten berri eman dugu: Fete Irakaskuntzako Langileen Espainiako Federazioarekin lotura zutenena, horiek sufritu zutelako errepresiorik gordinena. Orain maisu-maistra errepublikazaleen memoria lantzen ari gara, eta, lan hori amaitu eta gero, maisu-maistra abertzaleen aurkako errepresioa jorratuko dugu.

Bidea luzea da, beraz.

Bai. Horregatik goaz mantso, bidea luzea delako eta lan anitz badelako egiteko. Frankismoak maisu-maistren aurka egindako garbiketari buruz, 15.000 agiri daude Nafarroako Artxibo Nagusian. Baliabideak, denbora eta jendea behar dira horiek guztiak aztertzeko.

Ari zarete horretan.

Bai, zorra kitatzeko erabateko borondatea dago. Hori egiteko sortu genuen lantalde bat, eta gure asmoa da indar guztia jartzea ahalegin horretan.

Zaila da?

Bai. Nafarroako Gobernuak garbiketa sufritu zuten maisu-maistren aldeko omenaldia antolatu zuen, 2016an, eta plaka batean jaso zituen haien izenak. Plaka horren bidez jaso zuten anitzek maisu-maistra izandako gurasoek sufritutako errepresioaren berri, etxean ez zutelako kontatu.

Isiltasunak zaildu du zuen lana?

Uste genuen ahozko iturrietara jo ahal izanen genuela, baina ez da hori gertatzen ari. Maisu-maistra izandakoen biloben bidez datu bakanen bat lortu dugu, baina, oro har, irakasleon seme-alabek ez dute hitz egin nahi, gurasoen saminaren lekuko izan zirelako. Gurasoak, gainera, isildu egin ziren.

Egoera horrek are garrantzitsuago bilakatzen ditu zuenaren gisako liburuak?

Nik uste dut baietz. Lan gogorra da, neurri batean. Baina agiriek lagundutako kontakizuna egiten du, eta horrek balio erantsia ematen dio. Datuak jartzen ditu mahai gainean..

Zer diote datuek?

Maisu-maistrek garbiketa profesionala jasan zuten, batetik, eta errepresio politikoa, bertzetik. Eskoletan Hezkuntza Batzorde Nagusiak egin zuen garbiketa. Hasierako zigorrak hagitz gogorrak izan ziren, kanporatu baitzituzten. Denborak aurrera egin ahala, zigorrak arinduz joan ziren. Zigor horiek, halere, Feteko afiliatu guztiek jaso zituzten. 123 identifikatu ditugu.

Eta zer gertatu zen eskolatik kanpo?

Feten ziren pertsona batzuek bokazio politiko handia izan zuten, eta, ondorioz, eskolatik kanpo ere aritu ziren. Haietako hemezortzi hil egin zituzten frankistek, altxamendua gertatu eta berehala. Bertze 30 pertsona espetxeratu edo auzipetu zituzten. Errepresioak kolektibo osoa isilarazi nahi izan zuen, eta lortu zuen, izua zabalduz.

Zer ekarpen egin zuen Fetek irakaskuntzan?

Oro har, II. Errepublikaren hezkuntza politikaren alde egin zuten lan. Bi ardatz nagusi zituen: hezkuntzak laikoa behar zuela izan, batetik; eta, bertzetik, kalitatezkoa eta denentzat.

Hori guztia bertan behera utzi zuen altxamenduak.

Bai. Militarrek hezkuntza eredua aldatu baino lehen ere, Nafarroako Diputazioak agindu zuen hezkuntzak katolikoa behar zuela izan. Aldaketa erabatekoa izan zen. II. Errepublikako hezkuntza politikaren arrasto oro ezabatu zuten, eta Feteko kide bakar bat ere ez zen gelditu.

Frankismoaren amaierak zer aldatu zuen?

Garbi erran behar dugu egun berritzailetzat jotzen diren proiektuen araberako metodologia batzuk Feteko maisu-maistrek jada erabili zituztela. Kontua da denbora anitz galdu dugula.