Lohizune Amatria
Hitza hiz, herriaren, mendiaren eta gerokoen onerako”: hitz horiekin sinatzen dute urtero Aezkoak eta Garazik bi herrien arteko artzainen senidetasuna. Iratiko goialdeko bazkalekuak denek, aetzek eta garaztarrek, aprobetxatzeko sortu zuten ituna, eta aspaldikoa da harremana: hitzarmenak 500 urte baino gehiago ditu, pentsa.
Roldan Jimeno historialariak jaso duenez, aro modernoan “iparraldearekiko fazeria” asko izan ziren Nafarroan: Berak Sararekin, Urruñarekin eta Biriaturekin zuena; Etxalarrek, Sararekin; Baztan eta Ortzaizeren artekoa; Baztanek Sara, Senpere, Ainhoa, Ezpeleta, Itsasu, Bidarrai eta Baigorrirekin zuena; Baztan, Erro eta Baigorri artean hitzartutako Aldudekoa; Luzaidek Bankarekin eta Lasarekin zuena; edota Ondarrolarekin eta Arnegirekin; Zaraitzuk eta Erronkarik Zuberoarekin zituztenak… Herri mugakideen arteko bake hitzarmenak izan ziren horietatik zenbait; kanpoko erasorako defentsa tresna, beste batzuk. Badute, halere, ezaugarri bat denek komunean: muga administratiboak gainditzeko elkartasun keinuak izan ziren, herrikidetasunaren adibide.
Bi Nafarroak zatitu zituztenean, mendietan abereak aske bazkatzeari buruzko liskarrak larriagotu egin ziren: esaterako, Aezkoako eta Garaziko herritarren artean. Behin mugarri guztiak jarrita zirela sinatu zuten hitzarmena, 1556an. Ordutik hona ospakizun artean egiten da fazeriaren berritzea. Egun horretan, mahai beraren inguruan aritzen gara kantuan; ahazteraino Espainiako eta Frantziako estatuen arteko 212. mugarrian garela, guztientzat Iropil baita leku hori.
Abereak eta artzainak, ondorioz; baina ez dira soilik bortuan elkartu izan. Bizirik diren artzain aetzek, luzaidarrek, auriztarrek eta erroibartarrek egin zituzten, adibidez, Pirinioetako bi isurialdeen arteko azken larre aldaketak. Nafarroa garaitik baxura, neguan; eta baxutik garaira, udan. Eta ez dira gutxi, halaber, iparraldera bestelako lanetara joandakoak. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, udazkenean zein udaberrian, Mauleko espartin lantegietara joaten ziren enarak izanen dituzue gogoan, edo agian ezagutzen duzue Lizuniagako lepoa, Lizarietako lepoa, Sarako bidea, Izpegiko lepoa, Aldude edota Iturzaetako lepoa egunero igarotzen duenik. Zuenik.
Zazpiak bat garela esan ohi dugu maiz, eta, hitzak imajinario kolektiborako beharrezkoak izan arren, ezin gara errealitatetik aldendu. Segur aski bide luzeagoa egiten ariko da orain buruan duzun hori, aipaturiko muga artifizial horiek fisikoak ere bilakatu dituztelako Frantziak eta Espainiak. Herrialde arrotzak, hitzarmen arrotzak. Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiapean, euskal herritarren arteko harreman kulturalak, sozialak eta ekonomikoak baldintzatu dituzte. Beste behin. Ipar eta Hego. Banaketa agerikoagoa da orain. Herrialde zatikatu batean ez dugula bizi nahi errepikatu beharko dugu, “herriaren, mendiaren eta gerokoen onerako”.
Argazkia: Franck Dolosor