Iruñeko Udalak abenduan onartutako aurrekontuen arabera, ia erdira murriztu da Harrotu LGTBI zentroak jasoko duena. Zerbitzuaren iraupena kinka larrian dela salatu dute arduradunek.
Uxue Rey Gorraiz
2017ko ekainean zabaldu zituen ateak Harrotu LGTBI zentroak, Iruñeko San Gregorio kalean. Kattalingorri elkarteak kudeatzen du zerbitzua, eta, sorreratik, Harrotu zenbait alditan izan da estualdian jadanik. Berriki hartu du azken kolpea: udalak, Navarra Suma eta PSNren botoekin, abenduan onartu zituen aurrekontuak, eta nabarmen gutxitu da zerbitzua kudeatzeko dirua. Edur Garcia (Iruñea, 1995) Kattalingorriko eta Batzar Transbollomarikako kideak azaldu du kinka larrian dagoela Harrotu. “Ez dugu aski zerbitzua bermatzeko”.
Zer neurritan murriztu dute Harroturen aurrekontua, zehazki?
Aurreko urtekoaren erdia da, kasik. 2020an 111.000 euro inguru zen; aurten, berriz, 60.000 euro jasoko ditugu. Izan ere, esku hartze sozialeko hitzarmenaren arabera, LGTBI kolektiboari zuzendutako aurrekontua iazkoa baino handiagoa da orain, 116.000koa, baina askoz gutxiago da Harrotu zerbitzua zuzenean kudeatzeko bideratutakoa; hain justu, hor dago aldea, sekulakoa, gainera. Ez dugu aski izango zerbitzua bermatzeko, inola ere.
Iruñeko Udalak eman al du erabakiaren gaineko azalpenik?
Udalekoek diote ez dagoela murrizketarik, kolektiboari guztira bideratutako dirua aurreko urtean baino gehiago delako, printzipioz. Azaldu dute beste ildo estrategiko batzuk garatzeko erabiliko dutela dirua eta, beraz, horiek ere aurrekontu horren barrenean sartu behar direla. Gu ez gaude batere ados horrekin; beste protokolo batzuk edo beste ekintza batzuk jarri nahi badira martxan, handitu dezatela aurrekontua, baina ez dezatela aldatu gaur egun Harrotuk jasotzen duena. Ez dugu gehiago eskatzen, dugunari eustea baizik.
Zer uste duzue dagoela erabakiaren atzean?
Agerian gelditu da udalak ez duela borondate politikorik. Zerbitzuaren ikusgaitasuna murriztu nahi dute; hiltzen utzi. Ez dute zerbitzua kentzen, baina aurrekontua hainbeste murriztuta ezinezkoa da aurrera egitea. Oztopoak jarri, eta, funtzionatzerik izango ez dugunez, gero aitzakia izango dute Harrotu ixteko, hain zuzen.
Aurrekontuaren murrizketa izan da hartu duzuen azken kolpea, baina ez da zerbitzua estualdian dagoen lehenengo aldia, ezta?
2020a zaila izan da. Harrotu ixteko mehatxua oso handia izan zen urtarrilean. Hartan, udalak bikoiztasunaren kontuarekin argudiatu zuen zerbitzua ez zela premiazkoa, ziotenez, gobernuak kudeatu beharrekoa delako alor hori. Ez zuen zentzurik. Zergatik ez da posible gobernuak egiten duenaz gain guk gure zerbitzua ematea? Azkenean, ez zen gertatu itxierarik, baina kolektiboaren aldarrikapenekin lortu genuen hura eragoztea. Egin genuen aurrera; orain, ikusiko dugu nola.
Baduzue egoera aldatuko den itxaropenik?
Ez. Adibidez, PSNk esan digu izateko esperantza, baina haien erabakiak agerian utzi zuen egiazki ez zaiela inporta zer gertatuko den gurekin. Aski zuten bozkaketan gure aldeko jarrera erakustearekin, eta abstenitu egin ziren. Pentsatuko balute gure zerbitzua premiazkoa dela, bestela jokatuko zuten. Bestalde, deus gutxi esan dezakegu Navarra Sumaz: ez daude gu aditzeko prest ere.
Zer neurritan eginen zaio kalte zerbitzuari?
Programazio eta jardueretan nabarmen sumatuko da kaltea, eta, gainera, langile bakarra izan ahalko da. Gaur egun, hiru gara, jardunaldi osoarekin, eta, bestalde, abokatu bat ere aritzen da gurekin, astean hamar orduz. Orain, ezinezkoa izango da. Azken finean, zerbitzuaren kalitatean nabarituko da gehien.
Arriskuan dago zerbitzuaren iraupena bera?
Bai, eta uste dugu horixe nahi duela udalak; hori da Navarra Sumaren isilpeko estrategia.
Zertan oinarritzen da Harroturen jarduera?
Besteak beste, sexu eta genero aniztasunaren esparruko aholkularitza eskaintzen dugu, laguntza juridikoa, eta ahalduntze zerbitzua. Gainera, LGTBIfobia erasoak jasan dituztenei laguntza ematen diegu. Izan ere, pertsona askok erreferente gisa gaituzte diskriminazioak salatzeko orduan, eta, horrez gain, datuak jaso eta txostenak egiten ditugu batik bat administrazioei bidaltzeko. Gero, ordea, ez dute kasu handirik egiten: Navarra Sumak dio aurreko urtean ez dela izan salaketarik, eta hori ez da egia.
Zenbat salaketaren berri izan duzue zuek?
Ia hilabetero izan da salaketaren bat; gure bilketaren arabera, hamar izan dira 2020an, baina kontuan hartu behar da zerbitzua itxia izan dela hainbat astez, pandemiarengatik, eta, beraz, ziur izan direla gehiago. Gainera, jakina, horiek salatu direnak baizik ez dira; gehiago gertatu dira. Areago, badakigu itxialdi garaian handia izan dela bortizkeria.
Zergatik da premiazkoa Harroturen zerbitzua Iruñean?
Dibertsitatea hiriko txoko eta esparru guztietara zabaltzeko balio du zerbitzuak, eta babesa ematen diegu kolektiboko kideei. Hona datorrenari harrera hurbila egiten diogu, inolako juiziorik gabea, eta kalitatezkoa. Erabiltzaileek jadanik modu askotara adierazi digute zerbitzuak bere horretan segitzea nahi dutela, asko eskertzen dutela hemen izatea, eta, urteetan, gauza bat ikusi dugu argi: Harrotuk bizitzak salbatu ditu.